Paradoxa gehiago
egorospe 2007-12-04 @ 17:48
Paradoxaz ari da Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika egunotan, euskaraz zein gaztelaniaz argitaratutako artikuluetan. Baztarrikaren paradoxekin bat etortzeaz gain, geroari begira berak diñoena dakart hona : "(...) aurrean dugun erronkaren neurriaz jabetzen bagara: euskararen ezagutzaren alorrean aurreratutakoa alferrik galdu nahi ez badugu, erabilerarenean egin behar dira, premia osoz gainera, hurrengo urratsak. (...) bestela, paradoxa are latzagoari irekiko genioke atea: gizarte izenez euskalduna eta izanez euskararik gabea osatuko genuke." Neure egiten dut esandako guztia. Hala ere, esan behar dut eze, zeregin horretan, eragile publikoak eta, batik bat, alderdi politikoetakoak inor baino behartuago daudela euren jarrera eredugarriarekin gainerakoen jokaeretan eragiteko. Eta horretan, oraindik, hipokresia asko dago, paradoxa gehiegi. Jarriko ditut adibideak.
Ez da hilabete Kultura sailburu Miren Azkaratek Europatik -Bruselatik- euskara erreibindikatu zuela: "Europa erakundeetan euskararen ofizialtasuna aitortua izan dadin baldintza da Espainiako estatuak hori egitea". Euskararen erabilera erakunde guztietarako, Madrileko Kongresu eta Senaturako ere eskatu zuen. Ez zituen behar izan bi egun erantzuna jasotzeko, hain erraz utzi baitzuen horretarako aukera. Jose María Ruiz Soroa ondo baino hobeto baliatu zen zirrikitu horretaz EL Correon idatzitako ¿Normal o extravagante?" artikuluan: "Sería verdaderamente milagroso que Anasagasti, Rojo o Benegas prorrumpieran a hablar en euskera en Madrid". Halaxe da. Euskararen beste paradoxetariko bat.
Duela gutxi iritsi da nire eskuetara alderdi abertzale batek Madrilera bidali dituenen zerrenda. Zerrendaburu baten (ez da Anasagasti) curriculum linguistikoak honela diño: "Francés, inglés y conocimientos avanzados de euskara". Alegia, ez duela eragozpenik izan gaztelaniarekin batera beste bi hizkuntza ikasteko, baina bai euskaraz trebatzeko. Bada hori ere! Era horretako ahul-gune asko ditugu. Gehiegi.
Are okerragoak dira kontuak eredurik argiena eman beharko lukeenak berak ere ez badu betetzen. Beste hainbat bider ere salatu dugu itzulpenen bidez mozorrotutako itxurakeria. Alegia: itzulitako testu baten bidez erreklamatu euskararen erabilera-konplimendua inori, hain zuzen ere, bere menpeko aholkulari euskaldunak testua euskaraz taxutzeko kapaz izan ez direlako edo, are okerrago, ez direlako kapaz euren artean euskara erabiltzeko. Axolagabekeria ere bada hori, eta paradoxa izugarria Patxi.
Horri egin behar zioguk aurre Patxi. Hik nik baino gehiago egin dezakek, agintea ere badaukak-eta. Euskararen eta euskal kulturaren arduradunek eta funtzionarioek eredugarriak izan behar ditek gainerakoentzat. Hik badakik ez duela ezertarako balio auzokoari eskatu eta norberak ez bete. Alderdi abertzaleentzat ere neurri berean balio dik horrek. Ez dik balio Europan Aldarrikapen handitsuak eta entzutetsuak egitea, hire atzetik dituanak horri muzin egingo dioten lehenak badituk. Paradoxa latza hori ere.
Exijitzeko norberak bete behar. Aurrera egin dugula egia da. Hala ere, ez gara ausartzen urrats guztiz erabakiorrak ematen. Hortxe bertan dugu azken inkesta: azken bosturtekoan ia ez dugu ezer aurreratu euskararen erabileran. Zertan egiten dugu huts? Behatokikoek diote diru gutxi izendatzen dela euskararentzat. Ez nago bat ere konforme. Adibide hutsa: Administrazioko funtzionario ia guztiek dute aukera, behin eta mila aldiz, euskarako klaseetara joateko, horrek dakarren gastuarekin. Eta, zeintzuk dira emaitzak? Hori ere paradoxikoa.
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

