Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Erabileraren gakoak:elkarlana, errespetua eta motibazioa

garruze 2007-11-28 @ 15:16

adierazpen-instituzionala.jpg

Atzo Hizkuntza Politikarako sailburua den Patxi Baztarrikak urtero lez Euskararen Nazioarteko Egunari begira egiten den adierazpen instituzionala irakurri zuen. Baina aurtengo adierazpenak garrantzi berezi duela uste dut, izan ere, bete betean erreparatzen du euskararen erabileraren gaian eta horretan aurreratzeko zenbait funtsezko elementu jasotzen ditu.

Abiaburu egokia: Egin den lanetik abiatuta urrats berriak eman behar dira,  gero eta euskaldunagoa den euskal gizarteak errazago izan dezan ohiko bizitzan euskara normaltasunez erabiltzea. Belaunaldi berriei bidea erraztea gure belaunaldiari dagokio.

 Erabileraren garrantzia azpimarratzen du: " Erabilera baita, azken batean, edozein hizkuntzaren etorkizunaren giltzarri".

Lankidetza. Erabileran urratsak emateko (kontuan hartuta ia dena dagoela egiteko gai honetan erabilera-datu eskasak ikusita), euskal gizarte eta herri-erakundeen arteko lankidetzaren bidea ezartzen du eta, gainera, zehazten da nortzuekin ezin izango den bide hori egin: "elkarbizitza bestearen amore emate baldintzagabearen baitan jartzen dutenak dira, ikuspuntu hori aldatu ezean, euskararen normalkuntzaren aldeko lankidetzan tokirik ez duten bakarrak". Horrela formulaturik, beraz, lankidetza zabala bideratu nahi dela argi ikusten da.

Elkarrenganako errespetua. Horra hor euskararen erabilera posible egiteko beste gako bat. Hala ere, esango nuke gai hau ez dagoela behar bezain beste landuta euskal hiztunen kalterako eta hainbat topiko nagusitu direla. Gogoeta berezia behar du, zalantzarik gabe.

Motibazioa. Adierazpenak gai hau oso gainetik ukitzen badu ere , nik uste dut euskal hiztunok jakin behar dugula euskara zergatik erabili behar dugun. Adierazpenean kultur aniztasunaren aberastasuna aipatzen da, baina uste dut motibazio konkretuagoak behar ditugula euskaldunok erabileraren aldeko jauzia egiteko eta, gainera, norberak berea izango duela(belaunaldi-transmisioa bermatu, ondo pasatu, gozatu, harreman hurbilagoak lortu, berexi sentiarazi, protesta egiteko modu bat izan, ...). Gai hori ere ez dago behar bezala aztertuta edo behintzat gizarteratuta. Euskaldunok oso ikuspegi pragmatikokoak gara oro har, eta euskararen gai honetan ere ikuspegi hori plazaratzen hasi behar dugula uste dut.

Bukatu baino lehen, ohar txiki bat adierazpen honek komunikabideetan izan duen oihartzunaren inguruan. Euskararen erabilera sustatzea xede nagusitzat duen adierazpaneren inguruko notizia euskal komunikabide idatzian nagusiki gaztelania hutsez jaso da, Berrian izan ezik noski. Deian, Garan, El Correon, Diario de Noticias de Alava, esaterako, ez diote euskarari inolako tokirik egin notizia hau plazaratzeko orduan. Eitb.24.com-en gaur, adierazpenaren biharamunean, ez dut aipamen txikirik ere aurkitu notiziaren inguruan.

 Horrenbestez, txoko honetatik Baztarrika Jaunari eta bere lan-taldeari nire zorionik beroenak bidali nahi dizkiet adierazpenagatik. Sasoia zen euskal erakundeek horrelako adierazpen garbia egiteko. Hurrengo plangintzaldiari begira, bide beretik jarraituko duzuelakoan, eutsi goiari!

Zelai Nikolas 


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>