Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

TALIBAN BATEN ABURUAK

martinrezola 2007-11-22 @ 13:45

komunikazioa1.jpgNire lantokia Eusko Jaurlaritza da, zehazki Gasteizko Lakuako egoitza. Ondoko burutazioak egunero jasotako pertzepzioen ondorio dira, ez dute balio zientifiko handirik beraz, atzetik ez baitago inongo bilketa lanik. Nahi beste aldiz jar liteke, hortaz, eta nonahi, «salbuespenak salbuespen» edo «generalizaziorik egitea arriskua eta guzti» edo antzekorik.

Aitzin-oharra: Ondoko lerroetan “nire lantokia” diodanean ez naiz ari zehatz-mehatz nire zuzendaritzaz, ezta nire sailaz ere, gehiago da lana dela-eta egunero nirekin harremanetan dauden lankideekin dudan sarea, formala zein ez-formala (izan ere, noizean behin gertatzen da Jaurlaritzako sail ezberdinetako langileak batera egotea halako komunikazio-egoera jakin batzuetan, adibidez ingelesa ikasteko klaseetan edo bestelako prestakuntza-ekintza orokorretan, odola emateko egunetan eta abar).

 David Crystalek zioen hizkuntza gutxitu batek bizirauteko hiru gauza behar dituela: hiztunen borondatea, gobernuen bultzada eta dirua. Hiztunen borondatea dela eta, HPSk Hizkuntza politika aurrera begira izeneko txostenean epai gogorra bota zuen: “Euskaldunon arduragabekeria da euskararen etsairik handiena”. Eta bat baino gehiago haserretu zen, adibidez Kontseilua:




“Onartu beharko genuke euskaldun askok, zabar eta utzikeria handiz tratatu duela euskara. Euskaldunon arduragabekeria da euskararen etsairik handiena", hau da Eusko Jaurlaritzako hizkuntza-politikarako sailburuordetzak 2005-2009 egitasmoan idatzitako aipu bat. Kontseiluak aurre egingo dio argumentu honi: Erabilera areagotzea ez dago soilik hiztunen borondatezko jarreren baitan, hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa bukatuko duen hizkuntza-politika berri eta egokiaren baitan baizik.

Beste batzuetan HPSk ez nau irizkide izango; horretan bai. Euskaldunon gogo hori oso zalantzakoa iruditzen zait benetan, eta halako tabu itxura hartzen diot gaiari. Gure jokamoldea seriotasun apur batez aztertzen denean, badirudi gai ezatabaidaezina dela euskaraz bizi izateko nahi hori. Horren harira berriki irakurri dudan gauzarik interesgarienetako bat Roberto Manjónek pilota kontuak direla-eta erabili.com-en idatzitakoa  da:

(...) sarriegi ematen baitu mundu honetan, abstrakzioen artean, inork ez daukala ezeren errurik, guztia dela gizartea, hezkuntza, kultura... Ba ez. Horietaz gainera, pertsona bakoitzak du bere erantzukizuna, mundua, oinarrian, haragizkoa baita, eta harago horren baldintzen, interesen eta mendekotasunen artean bizi gara. 


(...) Handiagoak edo txikiagoak, denok ditugu geure borondateak. Gure bizitzaren, herriaren, gizartearen, inguru naturalaren eta, azken finean, geure munduaren kontrola edukitzeko borondaterik ez badaukagu, gure soslaia izango ez duen mundu batean lausotuko gara, itsasoratzen diren ibaien antzera. Gero ez genuke negarrik egin behar, galdutako identitatearen, etxe ondoko harremanen, eta noizbait izan genuen konkrezio sozio-kulturalaren minez. Kosmosari bost axola gure patua, guri axola zaigun neurri berean axola baitzaio.


 

Eskemak berrikustea ez litzaiguke gaizki etorriko. Gauza asko sinesten ditugu beti hala izan direlako. Hobe genuke apaltasun handiagoz jokatzea eta geure buruari galdetzea ea uste bezain euskaltzaleak (adi hitzarekin, beste bat asmatu beharko ote dugu?), konprometituak eta, batez ere, inor erakartzeko moduan ote gauden. (Ni ere, Eusebio, aspaldi utzi nion euskararen aldeko jaietara joateari, eta euskaltzaletzat dut neure burua.)


  


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Erantzunak(5) »

  1. egorospe — 2007-11-22 - 16:12:34 GMT 1

    Aupa Martin, biluzteak hasierako hotzikera baño etxekok. Gero epela eta lasai-aldia jakak, ondo eginaren sensaziñoa. Bajakiat zeozer horretaz.

    Erantzun pausatuagoa prestatu aurretik, esan gura diat goitik behera natorrela hirekin bat: areago, uste diat eufemismoren bat edo beste erabili duzula. Nik behin baino gehiagotan hitz potoloagoak erabili dizkiat horretarako ("euskararen areriorik handienak euskaldunak eurak dira eta, batik bat, euskaratik bizi direnak, laster frogatu ahal izango den moduan") eta hik atzetik: "Euxebio, lasaitu hadi". Ni baino zaldunagoa haiz, dotoreagoa. Eta, hala ere, errealitatea dok dokena.

  2. Alazeresandunbesteorrek — 2007-11-22 - 23:03:29 GMT 1

    Ba nire lantokian ere bai! Orokorkeriatan jausteko arrisku eta guzti, baina bai, hala da.
    Bikain azaldu duzu Palazioko sailik euskaldunenetako bateko hizkuntz errealitate gordina. Baina aipatutako zuzendari, aholkulari, eta goi mailako teknikari euskaldunzahar erdaldunzaleei, erdi mailako teknikariak, administrariak eta euskara teknikari bat edo beste gehi dakizkieke ere, huts egiteko beldurrik gabe.
    Radiografiaren kalitatea jexukrixtona, emaitza klinikoa besterik da...
    A! eta altxor ideologiko askotarikoak, ke no falte de nada (txapurreao).

  3. Xabierarrieta — 2007-11-28 - 20:12:03 GMT 1

    Aupa Martin,
    Nire lantokian ere askok eta askok nirekin bakarrik egiten dutela euskera uste dut. Eta askotan "behartu" prezio soziala diozuna behartzen ditut, eta horrela jarraituko dut, nahiz eta batzuetan torturatzen ari naizela pentsatu. Baina askok eta askok Administrazioak euskara ikasten lagundu edo bultzatu baditu ere ohartzen ari dira badela euskaldun gizarte bat, zerbaitetarako balio duela egindako ahaleginak, sikeran nilako txalau batekin hitz egiteko

  4. Martin — 2007-11-30 - 09:29:33 GMT 1

    Ea ba "txalau" koadrila handitzen dugun polliki-polliki. Hori iruditzen zait garrantzitsuena, etsipenari aurre egitea eta banaka dugun animo erori horri hauspoa ematea ideia zehatzetan.
    (Besarkada bat, Xabier.)

  5. Miren — 2008-04-11 - 14:48:42 GMT 1

    Gaur arte ez dut toki honen berri izan eta ez dut beraz, talibanen testu hau irakurtzeko zorterik ere izan. Behin baino gehiagotan esan izan didate taliban hutsa naizela euskara kontuetan, eta EAEko herririk euskaldunenetako batean bizi naiz. Asko dira elkarren artean erderaz ari eta niri euskaraz egiten didatenak, eta horrek batzuetan poza ematen dit, horrela euskara praktikatzen dutela pentsatzen baitut, baina penagarria da euskaraz nirekin bakarrik (eta umeekin eta txakurrekin) egitea. Galzorian gauden espeziekoak garelakoan nago, eta gure esku dago espezieari eustea, haztea... euskal-talibanak ugaritzea. Ea hala den.

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>