Merkatari txarrak
egorospe 2007-11-20 @ 16:49
Lehengo batean, Arabako Foru Aldundian agintzen duten alderdiek aurrekontuak PSErekin batera onartu ostean, EAJko juntera batek zioen aurrekontu horietatik % 30a gastu sozialerako erabiliko zela, eta hori gizarteari transmititzen asmatu behar zela; alegia: lortutakoa saldu egin behar zela. Ez naiz arituko aurrekontuen herena herritar behartsuen artean banatzearen zilegitasunaz, subjektiboa baita. Nik diñodana da produktu edo lorpen onak lortzeak gurean ez duela gehiegirik balio ez badugu, etekina ateratze aldera, baliabide nahikorik produktuok herritarrengana helarazteko.
Merkantziarik txarrena gehien sal daiteke nahiko komunikabide agertzen badira horren alde eta salmenta kanpaina egokia egiten bada. Horregatik penaz zioen junterak: “Vocento eta Prisa gurekin ez ditugunez, beste bide batzuk asmatu beharko ditugu.” Nik horri gehituko niokeena da ez dela komunikabide kontua bakarrik. Sarri, lortutakoaren areriorik okerrenak ingururik hurbilenean egoten dira. Horiek dira txarrenak, mingarrienak eta suntsigarrienak. Horrek erakusten diguna da ez dela nahikoa eskuetan dudana laostia dela uste izatea. Aukeratu egin behar dira saltzaileak; eta erosleak eurak ere bai. Merkatua ondo aztertu behar da. Bestela, beste batzuetan bezala, milioikako gastuen ostean, hor zeharko kajoietan gordeta alferrik galduko dira proiekturik handinahitsuenak, egileek saltzen asmatu ez zutelako edo erosle egokiak aukeratu ez zituztelako.
Euskarak ere behar du merchandising egokia. Produktu onak, erakargarriak, berriak eta ausartak. Saltzaile onak behar ditu, landutakoa ondo aztertu ostean -bitartekari egokien bidez- produktua leku aproposetan jarriko dutenak. Adituek, holakoetan, lehen momentua prestatzen dute modu berezian, gizartera iristeko edo irteerako unea. Aukeratu egiten dute norengana jo, noiz eta zelan. Kontrako indarrak saihestu eta aldekoak pilatu. Jaio-berritan egurra hartzen baduzu, aurrerantzean ikututa egongo zara. Merkaturatze oker batek arteztu ezineko albo-karga utziko dizu betirako.
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

