Ez Madonnarik, ez Vidal Cuadrasik
egorospe 2007-11-14 @ 17:47
Badakizue toreroei buruz zer esaten den gaztelaniaz: “Valor, se le supone”. Ze erremedio! Beste horrenbeste eskatu beharko genieke alderdi abertzaleetako kideei ere “euskaraz jakitea eta erabiltzea nahitaezkoa dute”. Gaur jakin dudanez Zearretaren eta Azkarragaren artean omen dago EAko buru izateko lehia. Euskaldun eta erdaldun baten artean. Hori ezinezkoa da. Hizkuntzak izan behar du bien artean aukeratzeko argumentua. PNVn ere beste horrenbeste. EBBa osatzeko lehen kideak aukeratu dituzte dagoeneko. Denak euskaldunak? Ez. Euskara izango al da EBBko batzarretako hizkuntza? Ez. Bertako euskaldunen artean ere euskara izango al da hizkuntzarik erabiliena. Ez, seguru asko. Badakizue gure zaharrek zer dioten: “Lehenik heuk egin, gero besteei eragin”.
Hasier Etxebarriak dio Madonna bat behar dugula gure artean. “Jan nazazu goitik behera, batik bat erdialde honetatik” euskara lizunez xuxurlatuko digun Madonna. Gure ume moko, gazte eta heldurik gehienak jarriko omen lirateke berari so, bere kinuak errepikatuz eta berbak erabiliz. Ez dugu, ordea, Madonnarik. Bere estilokoek gaztelaniara egiten dute jauzia ahal bezain pronto. Nora joanik ez eta bertan gelditzen direnek asmatu eta plazaratzen duten irudia, ostera, ez da gure gazterik gehienen gustuko. Bien bitartean, eta besterik ezean, gure predikatzaile guztiak jarriko nituzke behingoz praktikatzen. Lehendik ere esanda dugu, alegia, Administrazioan lan egiteko euskara jakin behar eta erabili ere (hori gaur egun diñogu) egin behar bada, ba beste horrenbeste politiko profesional eta kargu izateko ere: jakin bezate euskaraz eta, oroz gainetik, erabil bezate. Horren haritik, ezingo litzateke Azkarraga EAko buru izan, ez eta Justiziako sailburu ere. Neurri berean ez lukete sailburu izan behar Balzak eta Samaniegok, X. Agirrek diputatu nagusi eta Azkunak Bilboko alkate. Alderdi abertzaleei iritsi zaie horretan, behin betikoz, urratsa emateko garaia. Hamar pertsonako bilera batean, euskararik ez dakien batek ezin du egin gainerako bederatziek gaztelaniaz egin dezaten. Praktika horiekin amaitu egin behar da. Noiztik ari dira PPkoak katalanez Cataluñako Parlamentuan? Noiztik hitz egiten dute katalanez Vidal Cuadras ultraeskuindar espainolak, Josep Borrell unionistak edo Montilla charnegoak? Guri asko falta zaigu haien parean jartzeko. Baina apurka-apurka zenbait esparru ixten hasi behar dugu. Lehenengoa, euren burua abertzaletzat dutenena. Orain artean ez dugu konplitu behar den moduan. Ikusi behar aurrerantzean. Hasteko, ia nola osatzen ditugun Madrileko Kongresurako edo Senaturako zerrendak. Handik lasterrera Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango ditugu. Bertako legebiltzarkide sartu berri batek adierazi dit arestian bere talde jeltzalean ia guztia egiten dela euskaraz, salbuespenak salbuespen. Dokumentuak sortu ere bai. Jarrai bezate beraiek eta gainerakoek bide horretatik. Horren ondoren Gobernua osatu beharko da, Jaurlaritza. Izan beza segida: sailburu euskaldunak eta Gobernu Kontseiluan euskaraz. Ez zaie eskatuko ingelesez edo alemaneraz egin dezaten, ez (jakiteak balioko die, noski). Bertoko hizkuntza propioa eta naturala erabil dezaten eskatzen zaie. Sailburuei, sailburuordeei, zuzendariei eta aholkulariei. Jakin bezate ingelesa ikasten ari diren kargu politiko askok ez dagoela kargurik euskara jakin gabe. Bada hori ere komedia: euskararik jakin ez, eta zoroan pare ingelesa ikasten. Euskal politikoen kontuak, nonbait. Hori gertatzen da, gertatu ere, badakitelako bertako hizkuntza jakitea ez dela beharrezkoa predikatzeko eta, are, aginte-lekuetan egoteko. Predikatu praktikatu gabe, hain zuzen ere.
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


Gipuzkoa.net
Bada, bai lagun. Goi kargudunek errua badaukate, gure hizkuntzarekiko jarrera hotza, utzikeria eta bultzada epela batzuetan euren esku baitago. Alabina, ez nuke esango errudun bakarrak direla, zerrenda horretan geure burua ere sartu beharko genukeelako. Nik, funtzionario xumea erruduna naizen aldetik, eta onartzen dut neure errua behin baino gehiagotan erdarara jotzen dudalako, ez dut areriorik bilatu behar ez alderdi politikoetan, ez goi kargudunen artean, ezta hizkuntza bultzatu behar duten erakundeetan ere. Martinek esan bezala, haurren lakrimeo merkea baino ez dirudi. Helduak garelako (ote?), heldutasuna erakutsi behar dugu gure eguneroko edozein zereginetan eta hizkuntza erabili (aldez edo moldez, baina erabili).
Ez bota erru guztia inoren lepora, gure erantzukizuna ere sarri agerian geratzen da.