Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Wall Street Journal ere enkarguko lanetan?

egorospe 2007-11-07 @ 11:44

Harrituta, lur eta zur agertu dira zenbait gure artean, gaur egunkari ipar amerikarrak argitara eman duen Keith Jhonsonen  Basque Inquisition: How Do You Say Shepherd in Euskera?”artikuluarekin, alegia “Euskal Inkisizioa: zelan esan daiteke euskaraz shepherd?" Artikulu horren gaztelaniazko bertsioan emandako datu bakar bat ere ez da egiazkoa, interpretazioak interpretazio. Gezurrez, difamazioz eta irainez jositako informazioa da, beste behin ere. Zer dela-ta jarri dira guri begira, munduaren handitasunean hain gutxi garen guri? Min egiteko lana da, Espainian giro jakin bat sortzeko enkarguko lana. Egia esan, ez dute gehiago akuilatzeko premiarik. Keith Jhonson ez da Amerikako Estatu Batuetan bizi, Madrilen baizik ( "Afincado en Madrid desde 1996, cubre Internet, e-commerce, y telecomunicacciones para el Wall Street Journal Europe.") 





Seguru Euskal Herrian sarri egondakoa dela. Zergatik orduan horren makurra? Espainolismo anti-euskaldunaren aktibista bilakatuko delako edo ondo ordaindu diotelako lana? Eta guk zer horren aurrean? Espainolek, frantsesek, britainiarrek eta ipar-amerikarrek militante aktiboak dira euren identitateari lotutako kontuetan. Eta guk? Zaplastakoa hartu eta beste matraila jarri? Era honetako mezuak jaso eta lagun arteko posta bidalketaz jardun? Hori bakarrik?

 Gure txikitasunean handiak ginateke elkar hartzen jakingo bagenu. New Yorkeko, Parisko, Madrilko eta, batik bat, gure inguruko zenbait egunkarik diotenari gutxiago erreparatu beharko genioke eta geure informazio gehiago sortu, geure sare gehiago eraiki. Eragingarria ez da kantitatea (“495 millones de castellano-hablantes frente a unos pocos cientos de miles de vasco-hablantes”); eragiten duena geurean sinestea da, geurearen harro sentitzea eta horren arabera jardutea. Orain baino lehen ere esanda dugu saltzaile txarrak garela, oso eskasak. Eskua jaso orduko kalapitaritzat jotzen gaituzte. Euskal Herrian eta, are, euskal administrazioetan ez da euskararik apenas egiten, baina Euskal Herriko hizkuntza propioa inposatu egin dela saldu dute norbaitzuek. Eta bikain saldu ere! Gaztelaniaren eta frantsesaren presio jasanezinaren ondorioz gure haurrak euskaraz ezin hezita gabiltzanean, euskara Euskal Herriko hizkuntza bakarra bihurtu nahi dugula barreiatu dute Espainian eta Frantzian zehar. Eta bikain barreiatu ere!

 Gure historia manipulatuz euren interesen araberako errealitate historikoa eraiki dutenean, gu gara asmakeriatik eta alegietatik historia sortu dugunak. Eta hala saldu dute! Hori guzti hori saldu dute, eta ez Ebrotik beherako lurraldeetan balkarrik. Ez. Gure artean ere nahiko errotuta dagoen pentsaera da. Wall Street Journalek dioenean euskarak ez duela independentzia edo demokrazia adierazteko berba propiorik, ondo baino hobeto daki demokrazia hitza grekotik hartuta duela ingelesak, eta frantsesak, eta espainolak, eta munduko gainerako hizkuntza gehienek. Euskarak ere bai. Hala ere difamazioa jaurti egiten dute, jakinaren gainean. Horrela, gezurra behin eta berriro errepikatuaz lortzen dute inozoenek, eta ez hain inozoek, mezu anker hori sines dezaten. Esaera zaharrak diñoena da: “Nonnahi hedatu gezurra, orok sinets.”

 Bien bitartean guk ika-miketan xahutuko ditugu gure indar apurrak, etengabeko “ni zu baino hobea” lelo nazkante horretan. Badugu zer eginik, badugu zer zuzendurik. Begira ezazue zuen inguruan, izan itzazue belarriak erne, errepara egiozue jendeak irakurtzen duenari, ….. eta orduan bai, orduan konturatuko zarete W. S. Journalek eta Johonsonek arrazoia dutela  “el español es el idioma del 95% de la sociedad” diotenean. Asko aztoratzen gara notizia horiek entzutean. Hala da. Ezer gutxi egiten dugu, ordea, hori eraldatzeko, egoera hori iraultzeko. Azkenean inporta zaiguna betikoa da, alegia, money money. Nire albokoak esango lukeen moduan: hilearen akabuen kobrau. 


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Erantzunak(5) »

  1. Benito — 2007-11-07 - 11:51:46 GMT 1

    Kazetari hori gure artean ere ibili zen elkarrizketak egiten.
    Gero hau jakin nuen, eta gero beste hau
    Eta apur bat moskeatuta geratu nintzen. Susmoak konfirmatuta beraz.

  2. Aitor — 2007-11-07 - 12:22:22 GMT 1

    Kontuz ibili behar da tipo hauekin. Begira hemen, eta orain hau, eta hau, eta hau, eta hau

  3. Martin — 2007-11-07 - 15:04:46 GMT 1

    Eskerrak eman nahi nizkieke Mikel Morrisi, Luistxo Fernandezi, Katixa Agirreri...("Zer litzateke Euskal Herria Sustaturik gabe?"), izan duten erreakzioagatik. Oso garrantzitsua da horrelakoetan norbera babesgabetuta ez sentitzea.

    Orain beste batzuen txanda etorriko da, noski: Eusko Jaurlaritzak urgentziazko prentsaurrekoa emango du kexua plararatzeko; alderdi politikoek zuzenketa bat argitara dezan eskatuko diote The Wall Street Journal kazetari, bai eta Leopoldo Barredak Legebiltzarrean azalpenak eman ditzan ere; Unibertsitateko buruak, Euskaltzaindiak, politologoak..., euskal inteligentsiak labur esanda, erantzun eredugarria emango du. Zer? Tu-ru-ru...?

  4. egorospe — 2007-11-07 - 16:21:43 GMT 1

    Hara ba, Martin, niretzat inportantzia gehiago zeukatek bapatean Morrisek, Luistxok eta Katixak emandako erantzunek. Kaleko jende euskaldun normala aktibatzea lortu behar diaguk (aipatutakook normaltzat jotzen baldin bazegok); lozorroan dauden mila horiek.

    Erakunde publikoek bai erantzungo dutela goizago edo beranduago, eta balitekek horren indarrez Jhonson delako horrek atzera egin beharra izatea. Baina niri kargua eta pulpitu publikoa ez duen beste herritarrak axola zidak, hor agertzen baitek talde baten indarra eta bizia, erantzuteko kemen horretan.

    Beno, ez diat ondo esan, ze gaur egun pulpitu publikoa denok zeukeaguk. Blog hau eta honen moduko beste milaka dituk horren adibide argia.

    Bazeudek notizia horretan beste bi erpin ikutu beharrekoak: Joseba Arregik esandakoa (argitzeko denbora eman beharko zaiok) eta Madrilen bizi den jaun horri erantzuna ingelesez ematea. Agian beste artikulu batean.

  5. Martin — 2007-11-08 - 09:31:00 GMT 1

    Niri ere gehiago interesatzen zaidak "kaleko jende normala" aktibatzea, baina, bakoitzari berea, ez al zaik iruditzen euskararen aldeko "elitean" (ere) hutsune handia dugula eztabaida intelektualean? Alegia, nik ezin zioat erantzunik eman Savater bati edo Unibertsitateko ez dakit zein irakasleri, EL Correon lasai-lasai astakeria itzelak botatzen dituenean. Hor beste maila bateko pisu astunak behar dituk, ez gu bezalako luma-pisuak.

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>