Gora Zeledon!
martinrezola 2007-10-19 @ 10:34
Adinak ez duela barkatzen eta, asteotan klinika pribatu batera joan beharra suertatu zait, Gasteizen. Banuen hizkuntzarena baina buruhauste larriagorik baina, hala ere, medikuarenera sartu orduko amua bota dut, askorik pentsatu gabe, ohituraz edo.
–Egun on.
–Kaixo, ... “Martin”? Euskaraz ba al dakizu?
–Nik bai. Eta zuk?
–Baita ere. Euskaraz egingo al dugu?
Eta aurrez inondik ere ezagutzen ez nuen medikuak azalpen tekniko eta ez-tekniko guztiak euskaraz eman dizkit, normal-normal.
Handik bi egunera errebisioa tokatu, eta berriz ere abiatu naiz klinikara. Beste mediku batek atendituko ninduela ohartarazi zidaten, aurrekoa kanpoan zegoela eta. Kontxo, pentsatu nuen, loteria bi aldiz segidan tokatzea zaila da. Baina, badaezpada ere, aurreko esperientziak animatuta, amua bota nuen berriz ere. Eta, bingo! Bigarren honek, gainera, harriduraz galdetu zidan ea nola nekien bera euskalduna zela. “Ideiarik ez”, nik. Ez ziren sorpresak hor bukatu. Arratsaldean beste bat izan nuen.
Banoa alabarekin erdialdeko arropadenda batera eta, hemen bai, gaztelaniaz hasi natzaio dendari gazteari. Halako batean, ordea, alaba akuri moduan erabilita, euskaraz egin dizkiot hitz batzuk txikiari. Eta kosk!, dendaria berehala lotu zaio euskarari, lasai antzean, nahiz eta alegiazko aditz-forma horiekin haserretuta egon (“onena izango zen...”). Zer erosi zer ez erosi duda-mudan gaudela, andre bat hurbildu zaigu, eta hari inork ezer galdetu gabe zerbait erakutsi nahi zuela ematen zuen: “jertse gris hori oso polita da”, bota du azkenean, erdizka bere kautan, erdizka guri aholku eman nahian.
Erosi dugu, azkenean, jertse grisa; ordaindu dugu eta, dendatik irteterakoan, ordurarte zain egondako andrazko gazte bat, haren txanda iritsita, dendariari zuzendu zaio: “kaixo, alkondara bat nahi dut...”.
Eta orain hausnarketa. Gasteiz bezalako hiri handi erdaldun batean, behar-beharrezkoa da euskaldunak identifikatzeko mekanismoak sortzea. Izan liteke, batzuetan, “egun on” soil bat (“agur” esateak ez du balio, berdin esaten duelako gaur egun euskaldunak zein erdaldunak). Baina aitortu behar da, baita ere, nekagarria dela beti kanabera bizkarrean ibiltzea, amua noiz botako.
Gasteizko uadalak lan polita dauka, horrenbestez, alor horretan. Administraziogune batzuetan egin izan den moduan, merkataritzan ere agerian jarri beharko litzateke halako denda jakin batean noiz egin daitekeen euskaraz. Paparrean itsatsia, mahai-gainekoen bidez... berdin da nola, bezeroak jakin beharko luke noiz egin dezakeen euskaraz. Eta ez naiz ari hizkuntza-paisaia soilaz, zeren gauza bat baita kartelak, informazioa, inprimakiak euskaraz egotea, eta beste bat jakitea mahaiaz bestaldeko langilearekin euskaraz egin daitekeen ala ez. Hortxe duzu, Maite, lan polita. Animo!
P.D.: Aurrekoa idatzi eta gero, joan naiz baja-agiria eskatzera, oraindik ezagutzen ez dudan familiako medikuarengana eta, tira, behin hasiz gero, zergatik ez hura ere tentatu? Bai ba, sinisteak lana badu ere, euskaldun petoa tokatu zait.
Enfin, nork esan zuen Tirakan beti gaudela negarrez? Gora Zeledon!
Categorías : Euskara |
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

