ELEBITASUN AUTOMATIKOA
garruze 2007-09-28 @ 07:32
Trenean noa etxetik lanerako bidean euskararen inguruko gogoetan murgilduta. Aspaldi honetan elebitasunaren zereginak nauka kezkatuta. Ez dizuet ukatuko nik Euskalerria euskalduna lortu nahi dudala. Euskaraz bizi duen Euskal Herria bat amesten dut. Nolanahi ere, badakit xede horretara heltzeko, aurretik bidean hainbat geltokitik igaro behar dugula. Trena bat batean gelditu da. Burua leihatilatxotik atera eta hara non eta elebitasun izena duen geltokian gaudela ohartzen naiz. Aizue, trenaren ateak zabaldu dira eta nasan kriston iskanbila dago! Taldetxo bat dago pankartekin protestaka. Tiraka taldekoak omen dira eta hainbat galdera dute idatzita oihal zuri batean letra lodiz. Zertarako balio du elebitasunak bermatzen duen lege-sistemak? Nor babestu nahi du eta nola? Zer bultzatu nahi da elebitasunarekin? Tresna egokiak erabiltzen ari gara euskararen erabilera sustatzeko? Nik berriro nire gogoetan sartzen naiz eta iskanbila nork bideratuko duen zain geratzen naiz.
Gizartean hainbat interes daude eta legeek denon interesak babesteko gai izan beharko lukete. Herri-administrazioek ere jakin beharko lukete zein den interes nagusia euskararen gai honetan eta hura babestu, norberen berekoikeriaren eta beldurren gainetik. 
1982an Euskararen Legeak elebitasun sistema bat ezarri zuen: gaztelania nagusi zen hainbat esparrutan euskarari ere bere tokia egin nahi zitzaion . Euskararen Legeak hiztunaren hizkuntza-aukera errespetatzea eskatzen du nagusiki eta, halaber, euskararen erabilera hainbat eremuetan sustatu nahi du (komunikabideetan, kontsumo-esparrura…).
Nolanahi ere, 20 urte pasatxo igaro diren une honetan, iruditzen zait Herri-administrazioek elebitasun automatikoaren ildotik ari direla erabakiak hartzen, eta ez nago oso ziur hori denik 1982ko Legeak zuen xedea, ezta euskararen normalkuntzari ondoen egokitzen zaion xedea. Gainera, erabaki hori koiunturak bultzatuta hartu dutela iruditzen zait, behar zen gogoeta egin gabe. Horren adibide dituzue bi zutabeetan dena idazteko joera, Txan magoari buruz Babasorrok kontatutakoa eta oraingo honetan nik dakarkizuedan beste pasadizo hau.
Nire seme-alabek ikasturtea hasi eta Ikastolak urteko agenda eman die etxeko-lanez behar bezala arduratzen joateko. Orain arte, BBKk argitaratutako agenda bat erabili dute, Bernardo Atxagaren testuak zituena eta oso-osorik euskaraz zegoena. Aurten, ordea, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak (Bide-hezkuntzako Zerbitzuak) egindako agenda erabiliko omen dute. Agenda hori elebiz dago, hau da, gaztelaniaz eta euskaraz. Baten batek esango du, oso ondo, hori da errespetua hori! Eta nik galdetu nahi dut…errespetua nori? Agenda horien erabiltzaileak ikastolako haurrak izango badira, alegia, D ereduan ikasten ari diren haurrak, nork galdetu die haiei edo haien gurasoei zein den haien hizkuntza-aukera? Elebiz egiteko erabakia hartu duen arduradunak bi hizkuntzen erabilera inposatu du nolabait eta ez dut uste kontuan hartu duenik D ereduko ikastetxeetan zer nolako ahalegina egiten ari diren/garen haurrek ikasgelaz kanpo euskara erabili dezaten, batez ere, gu bizi garen eremu ez-euskaldunetan. Erabaki horrek atzetik ba al du gaiak eskatzen duen hausnarketarik? Pasadizo hau kontatu eta gero, berriro heldu nahi dio goiko gogoetari: Administrazioak hartu duen elebitasun automatikoaren aldeko jarrerarekin, betetzen ari da Euskararen Legearen xede nagusia? Ba al daki Administrazioak zein elebitasun eredu sustatzen ari den eta zertarako? Nik, tamalez, ezetz uste dut eta geltoki honetan pausa hartu behar dela sinetsita nago. Gogoeta egin eta errespetu faltsu eta beste hainbat topiko alde batera utzi behar ditugu. Euskararen erabilera sustatzeko politikek euskaldunen artean euskara normaltasunez erabiltzea eduki beharko lukete xedetzat eta herri-administrazioetan hartzen diren erabakiak horretara bideratuta egon. Premiazkoa da gogoeta horri lehenbailehen ekitea erabileraren inguruko edozein plan edo erabaki hartu baino lehen. Zelai.
Categorías : elebitasuna |
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

