Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

NORANAHIKOA?

martinrezola 2007-09-27 @ 10:18

Nik ere nahi nuke euskara noranahikoa izatea, Lizardik bezala, baina gauden egoeran duda handiak ditut. Blog honetan askotan esan izan den bezala, Administrazioak hobe luke, automatikoki dena itzuli beharrean, sakon aztertzea zertan erabili indarrak, diruak eta beste baliabideak. Oraingo zentzugabekeriaren adibide argiena bi zutabetan zabaltzen diren mezu elebidunak dira, ia-ia gehienetan jatorri bakarra gaztelania dutenak.





Era berean, ez zait egokia iruditzen batzuetan zabaltzen den mezu ia epikoa, euskaraz noiznahi eta nonahi egin beharra aldarrikatzen duena, dela Cintruenigoko udal batzan, dela kakalardo pilotagileari buruzko tesi batean.

Eta iritzi berekoa dugu, antza, David Crystal hizkuntzalari galestarra, horixe azpamarratu baitu Deia egunkariari eginiko elkarrizketan.

 



 

"Dena galesez, edo euskeraz, egin nahi izatea okerra da.

 

Zer esan nahi duzu? 

Adibidez, Europako Batasunak duen politika, dena hizkuntza guztietara itzultzeko. Ez da beharrezkoa, ezta eraginkorra ere. Itsasorik ez duen herrialde batean itsasontziei buruzko araudiak itzultzea, esate baterako, ez da beharrezko. Askoz ere egokiagoa da hizkuntza gutxituak garrantzia duen alorretan indarrak erabiltzea. Hizkuntza gutxitu askotan aldezten da dena itzuli behar dela, baina nire ustez gehiago diskriminatu beharko litzateke."


 

David Crystal, Juan Carlos Moreno Cabrera... ongi etorriak izan daitezela maizegi borrokatoki (b)ekaitzez betea dirudien gure plaza ahul honetara. Ohiko ika-mika eta ezin-ikusiez haratago beste freskura eta argitasun bat ematen digutela iruditzen zait. Eta behar-beharrezkoa dugun beste zerbait: diskurtso koherente bat.

 

Bai, zoritxarrez, bestela predikatzen dugun arren, hemen beti gabiltza aurkaria nola larrutu asmatu nahian edo, bestela, geure burua behin eta berriz ederretsiz. Zehazkiago: euskaldun batzuentzat mundua bitan zatitzen da: "euskararen etsaiak" (Estatu Espainiarra, Estatu Frantsesa eta Eusko Jaurlaritza) alde batetik, eta "Euskal Herria", "euskalgintza", "herritarrok", jende ona beste aldetik; Jaurlaritzako hizkuntza politikako arduradunen ustez, aldiz,  beti aurrera goaz, asko dugu egiteko baina ikaragarri aurreratu dugu, eredugarriak gara munduan, dena da oso polita, arrosa kolorekoa, eta elkarlana aipatu bai baina ez dute askorik praktikatzen.

 

Ea manikeismo merke hori gainditzen dugun eta elkarlanean benetan sinisten dugun.

 

(Itzulpen-kontuekin hasi eta sermoia ematen bukatu dudala konturatu naiz. Barkatu nahastea, badakit irakurle zintzook barkatuko didazuela. Hurrengoan finago ibiliko naizela zin dagizuet.)

 

  

Categorías : Euskara |
Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>