Mago elebiduna
babazorro 2007-09-19 @ 12:55
Guztiok dugu Txan Magoaren berri. ETB 1eko pailazoekin batera jarduten duen mago euskaldun bakarra, edo behintzat bakarrenetakoa da hori. Inoiz, entzun ahal izan dut mago txarra zela, baina euskalduna zenez gero, ETBn eta Euskal Herrian egiten diren jaialdi euskaldun gehienetan agertu behar zuela derrigorrez. Ez dakit. Niri oso mago ona iruditzen zait. Eta horrez gain euskalduna izateak mesederik baino ez dio egiten.
Izan ere, aurreko astean Txan Magoaren ikuskizuna ikusteko aukera izan genuen Gasteizen Magialdia delako jaialdiaren barruan. Magialdia Arabako Ilusionisten Elkarteak antolatutako ekintza da, aste baten zehar hainbat magia-ikuskizunek osatutakoa.
Bada, Magialdia horretan Txan Magoari “Magia para Niños” (hau esanguratsua) lelopean bi ikuskizun egitea eskaini zioten. Baina, Txan Magoari ez bide zioten utzi, Euskal Herrian egiten ohi duenaren aurka, bere ikuskizuna burutzen euskara hutsean, ez. Berak ikuskizunaren hasieran aipatu zuena esandakoari sinisten badiogu, eta ez dugu kontrakorik egiteko motiborik, kontratuz derrigortu zuten emanaldia ele bietan egitera. Non eta Gasteizen. Elebitasunaren mesederako ote?
Ez dakit nork kontratatu zuen magoa: Magoen Elkarteak, Vital Kutxak edo Gasteizko Udalak. Edonola ere, Magialdiari babesa eskaini zioten hainbat erakunderen artean Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Gasteizko Udala bera zeuden, euren ikurrak potolo agertzen baitziren programa guztietan. Eta gogoratu dezagun nola azken erakunde horrek euskararen erabilera sustatzeko kanpaina txalogarria ematen ari den egun hauetan.
Hala ere, Txan Magoa bere izaeraren aurkako ekitaldia egitera derrigortu zuten. Zergatik? Gasteizko erdaldunen eskubideak bermatzearren?. Baina, ekitaldia ez al zegoen, bada, haurrei zuzenduta?. Eta haurren gehiengoa, baita Gasteizko haurren gehiengo esanguratsu bat ere, ez al dago eskolaratuta eredu euskaldunen batean? Orduan, zer dela-eta erdarari babesa hori, guraso erdaldunen mesederako ez bazen.
Magialdian zehar egin ziren beste ekitaldi guzti-guztiak erdara hutsean bururatu ziren eta ez antolatzaileek, ez Eusko Jaurlaritzak ez Gasteizko Udalak ezta beste inongo babeslek ere ez zituzten euskaldunen eskubideak bermatu horietan.
Hau al da elebitasunaren eragina?
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


Lehendabizi nik eta nire seme-alabek (eta hiru ditut) asko maite dugu TXAN MAGOA eta oso ona iruditzen zaigu. Negarra eta barre eragiteko gai den mago euskaldun mundiala eta maitasuna tranmistitzeko gai dena, gainera. Gutxik esan dezakete hori!
Ikus dezakezuenez, Txan Magoaren fan sutsu batekin topo egin duzue. Ziur naiz gogo onez ez zuela elebitasun faltsu horri ekingo, kontratuak behartu ez balu. Hala ere, esan didatenez, ironiagatik-edo ingelesez ere egin omen zuen ekitaldian zehar.
Zein da Administrazio-kontratatzaileek duten elebitasun eredua? Zertarako bermatzen dira hizkuntza-eskakizunak? Ondo geratzeko edo hizkuntza bateko hiztunei bere hizkuntzan aritzeko eskubidea bermatzeko? Nire ustez, gizarte elebidun honetan elebitasuna legez ezarri bazen, ez zen erabileraren arloan kakanaste hutsa sortzeko, baizik eta eukaldunak eukaldunekin euskaraz egin zezan ahalbideratzeko.
Hizkuntzak erabiltzeko irizpideak ezarri baino lehen tresnen xedeen inguruko gogoeta sakona behar dela uste dut.
Zelai Nikolas
Batzuek uste dute Magialdia izena ipinita bete dutela elebitasun-kuota. Eta, deskuidatuz gero, lerde-jario esango dute gaztelaniaz "El Magialdi ha sido un éxito". Ni ja aseta nago ETB Dosen "El Zinemaldi de Donostia" entzuten. Puajjj...!!!