Euskara barru-barruan
egorospe 2007-08-23 @ 11:59
Gasteizko alkate sozialista Patxi Lazcozek Berria egunkariari egin elkarrizketan adierazi du eze Udaleko Kultura zinegotzi izendatu berriak barru-barruan daramala euskara eta horregatik aukeratu duela zeregin horretarako. Zinegotzi hori ezaguna eta adiskidea ere badut, eta orain baino lehen ere aitortu dut zama nahiko eta gehiegi ere baduela noiznahi eta nonahi bizkartzainez inguratuta ibili behar izatearekin. Ez nator, baina, azken gai honetara gaurkoan. Kultura zinegotziak badaki euskaraz. Hala da. Hortaz, euskalduna da. Ukatu ere ez diot egingo bere barru-barruko hizkuntza ez denik euskara. PSEko Kultura zinegotziaren kasua politika munduan ari diren politiko abertzale eta ez-abertzaleen paradigma da euskarari dagokionez: euskara bihotzean, baina ez ahoan. Ez, behintzat, gehienetan.
Nik curriculumeko galdera aldatu egingo nuke, honako hau jarriz: Euskara erabili ohi duzu euskaldunekin? Horri erantzun behar zaio zinez. Horrek bereizten du euskalduna euskaltzalearengandik. Eta hariari ekinez, horrek adierazten du nork bizi duen euskara barrutik eta nork azaletik. Ez da Kultura zinegotziaren eta berak ordezkatzen duen Alderdiaren gaitza bakarrik. Alderdi guztiena da. Hemen bertan Lakuan, eta gainerako erakunde guztietan aurki daitezke, gehiegi arakatu barik, Euskararekin lotutako zeozertan jardun edo, are, arduradunak izan eta euren senar-emazte, neba-arreba edo lagun euskaldunekin gaztelania erabiltzen dutenak. Badakizue zergatik, zein den arrazoia: “hala ohitu ginen eta orain ezin aldatu” Ez, horrek ez du balio. Balio dezake euskaldun askorentzat, baina ez euskaltzale batentzat, ez eta epelenentzat ere. Geure burua euskaltzaletzat dugunok behartuta gaude gainerako euskaldunekin euskaraz egitera. Horregatik salatu behar da politikorik gehienen hipokresia, direla diputatuak, alkateak, zinegotziak, zuzendariak, edo zeinahi kargutakoak direla. Hainbestean maite dute euren hizkuntza, euren aberriko hizkuntza propioa, ezen erabiltzeko lotsa dutela "Hori beti bihotzean, ondo gordeta". Ipar-amerikarrek mundura barreitatuta irudia dakarkit burura, non denek tinko azaltzen baitira -eskua bihotzean jarrita dutela- Aberriko ereserkiaren edo banderaren aurrean. Gero, gerokoak. Gu ere halaxekoak gara.
Hizkuntza gutxituen arazorik gogorrena horixe da izan ere, alegia, hain daramatzala jendeak barruan, sentimenduetan, eze kostaz ateratzen direla —inoiz ateratzekotan— argitara. Jokaera horri aspaldi jarri geniola izena: itxurakeria. Gaixotasuna balitz, epidemiatzat ere jo beharko genuke. Ni bestean ere konturatuko zineten dagoeneko zelan jartzen duten urliaren eta sendiaren curriculumetan eurak euskaldunak direla. Lur eta zur gelditzen zara sarri horri erreparatzean. Hori euskalduna? Eta bai, halaxe izaten da batzuetan, zuk euskaraz berba bat askatzen ez duzun arren, euskaldunak dira. Hala diote paperek behintzat.
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

