III. Plangintzaldiaren balorazioa
tiraka 2007-08-02 @ 09:50
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Herri Administrazioetako euskararen erabilera planaren (2003-2007) balorazioaren aurrerapena aurkeztu zuen 2007-04-12an. Dokumentua jaso bezain laster, Tirakan ere balorazioa “baloratzeari” ekin genion, euskera-planek sortu dituzten itxaropenak benetan zenbateraino dauden funtsatuta edo ez egiaztatzeko eta, bestalde, gure iritzia HPSko arduradunei helarazteko. Bitartean, gauza jakina denez, Kontseiluak ere bere iritzia eman du, eta horrek ez ditu bazterrak gutxi harrotu. Bata dela, bestea dela, denon artean norabide berean tiraka asmatuko dugulakoan, jarraian eskaintzen dizuegu gure gogoeta.
III. PLANGINTZALDIAREN BALORAZIO TXOSTENAREN AURRERAPENAZ GOGOETA
HPSek, 1995eko abenduan, “Euskararen erabileraren normalkuntza prozesuaren ebaluazioa euskal herri administrazioetan” izeneko artikulua argitaratu zuen Bat aldizkarian, orduko I. plangintzaren inguruan. Ordutik hona urte pila igaro diren arren, euskararen erabileran asmo hutsetik atera ezinean gabiltzala dirudi. Hona hemen, HPSeko arduradun politiko batek artikulu horretan esaten zituenak:
«Plangintza honen helburua herritarren hizkuntz eskubideak errespetatzea da, eta horretarako, erabilera programak indartu behar dira, Hori da, hain zuzen ere, hurrengo urteotako zereginik garrantzitsuena, eta eginbehar honetara bideratu behar ditugu gure baliabide eta ahaleginak.»
«Datorren plangintzaldian [bigarrenean] herri-administrazioei euskararen erabilera areagotzea dagokie» «Langile publikoen gaitze-aldi honetan ezarritako helburuak lortu eta gero, aurrerantzean hartu beharreko neurriek dagokien hizkuntz eskakizuna lortu duen langile publikoak bere lana euskaraz egiteko aukera izan dezan bideratuta joan behar dute.»
III. Plangintzaldiaren balorazio txostenaren aurrerapena irakurri dugu eta, edukiaren inguruko azterketa zehatzetan sartu baino lehen, egoki deritzogu gogoeta bat plazaratzeari: ez dugu orain arteko hizkuntza politikaz inolako autokritikarik ikusi. Bat aldizkariko artikulu horren pasarteetatik ondorioztatzen denez, 1995ean ere euskararen erabilera zen Administrazioak zuen erronkarik nagusia, baina ordutik hona 12 urte igaro diren arren, oraindik ere erronka hori ekintza zehatzetan gauzatu gabe jarraitzen du Administrazioak. Euskararen erabileran aurrera egiteko ez da nahikoa horren aldeko asmo zintzoa izatea, aitzitik ekintza zehatzez osaturiko plangintza bat behar da, orain arte egon ez dena hain zuzen. Gure ustez, HPSen gogoetak autokritika horretatik abiatu behar zuen. Alabaina, aurkeztu digun gogoeta-idazkian orain arteko arrakasten laburpena da, datuen bidez liluratu nahian darabilkigula-edo. Autokritikarako tarterik ez uzteko jarrera horrek biziki kezkatzen gaitu, beldur baikara hemendik 10 urtera oraindik ere euskararen erabilera asmo hutsa baino ez izatea herri-administrazioetan. Autokritikatik abiatutako gogoeta batek, gure ustez, errentagarriagoa da ikuspegi guztietatik, baita ikuspegi politikotik ere. Bi dira baieztapen horren oinarri nagusiak:
· Batetik, benetako errealitatea plazaratzen du eta horrela errealitate horri ondoen egokitzen zaizkion neurriak hartzea errazten du. Errealitate desitxuratu bat aurkezteak, aldiz, zaildu egiten du erabaki batzuk hartzea eta euskararen kontrako diskurtsoa elikatzen du: “egin den guztia egin ahal bada eta, hala ere, helburua lortu ez bada, ezinezkoa delako izango da, beraz, zertarako baliabideak jarri horretarako.”
· Bestetik, autokritikarik gabeko aurrerapenen zerrendatzeak ezintasunaren diskurtsoa dakar ezinbestean, eta ez du lorpen politikorik ekartzen epe motzean. Autokritikatik abiatzeak aurretik dagoen lana begi bistan jartzen du, alegia, zenbat dagoen oraindik egiteko, eta autokritikatik aurrera lortzen diren guztiak HPSrentzako lorpenak lirateke. Autokritikarik gabe, ordea, bere ezintasuna baino ez du agerian utziko aurrerantzean. Gogoeta hori gure ustez funtsezkoa da idazkian bertan azaltzen den hutsune bat betetzeko, alegia, euskararen erabileraren aldeko diskurtsoa eratzeko. Ohar hauen ondoren, gogoeten inguruko azterketa zehatzago bati ekingo diogu. Hona hemen gure hausnarketa.
Zehaztasunaz eta zabaldutako datuez bi ohar
Aurkeztutako gogoeta ez da behar bezalako zorroztasunez eta zehaztasunez egindako lana, izan ere, txostenean bertan ohartarazten zaigu horretaz: “Jasotako emaitzak ez dira neurketa zehatz baten ondorio izan, baizik eta galdetegia bete duenaren pertzepzioaren ondorio”. Estimazio hutsetan oinarritutako datuak extrapolatzea eta horietan oinarriturik irudiak ere eskaintzea ausartegi iruditu zaigu. Datuen liluren bidez errealitatea desitxuratu baten berri ematen da, egindako politika bat justifikatu nahian, baina horrek euskarari mesede egin beharrean kalte egiten dio, ez baitu arazoa bere horretan aurkezten.
Horren adibide honako adierazpen hau: “euskararen presentzia itxuran bermatuta egotea”. Ez dakigu, benetan, noraino jo genezakeen hori positibotzat. Izan ere, gero eta esparru zabalagoetan ari da joera hori nagusitzen, normalizazioan aurrera pausu esanguratsurik ematen ez dela estaltzeko.
Gizarteari datu egiazkoak eta ulergarriak eman behar zaizkio
Lau haizetara zabaldu den mezu batek kezkatzen gaitu: “EAEko herri administrazioetan hizkuntza eskakizunen betetze maila % 84koa da”. Alabaina, datu hori, bere horretan emana ez da egiazkoa; seguruenik, “igarotako derrigortasun data” duten lanpostuei baitagokie; hortaz, datu okerra zabaltzen ari gara bazter guztietara eta euskararen aurkako diskurtsoa elikatzen, berriro ere. Datu hori bere horretan emanda, badirudi EAEko administrazioan lan egiteko euskara derrigorrezkoa dela eta euskaraz ez dakienak ez duela bertoko administrazioetan lan egiteko aukerarik; jakin badakigularik lanpostuen heren batean baizik ez dela hori gertatzen, gehienez ere, eta ez EAEko erakunde publiko guztietan gainera. Jende arruntak (esan nahi baita, administrazioan euskalgintzan gabiltzanok ez, beste guztiak), ez daki zer den Hizkuntza Eskakizuna. Ez daki zer den derrigortasun indizea, edota igarotako derrigortasun data. Hortaz, gure uste apalean, aldez aurretik kontzeptu batzuk argi eta garbi azaldu beharra dago, batetik, eta bestetik, kontzeptu eta datu horien zergatia azaldu behar da modu pedagogikoan, euskararen aldeko jarrera bultzatu eta sendotzeko, izan ere, jarrera horiek izango dira herritar euskalduna erabileraren aldeko apustua egitera bultzatuko dutenak.
Zergatien arlo horretan funtsezkoa deritzogu euskarari mesede egingo dioten azalpenak zabaltzeari eta horren inguruko diskurtso bat lantzeari. Esaterako, herritarrek jakin behar dute egoera soziolinguistikoak eraginda dela euskara derrigorrezkoa lanpostu batzuetan (gaur egun lanpostu guztien heren batean baina haur eta gazteak heltzen doazen neurrian euskaldun tasa igoko denez gero heren hori handituko beharko da), izan ere, Administrazioak herritarrei eskaintzen dizkie bere zerbitzuak eta herritar asko elebiduna izaki eta euskara erabiltzeko eskubide osoa duelarik, Administrazioak giza baliabide gaituak eta nahikoak izan behar ditu haziz doan eskariari erantzuteko . Bestalde, elebidun izatearen onura praktikoak eta gizarteari egiten zaion ekarpena azpimarratzen jarraitu beharra dago. Sentsibilizazio jarduera jarraituagoen falta sumatzen dugu. Gizartea egoeraz jabe izan dadin nahi badugu, eta normalizazioan lagun dezan nahi badugu, nahikoa dira datu gutxi batzuk, orokorragoak nahi bada, baina argiak eta benetako errealitatea islatzen dutenak.
Administrazioetako balantzeaz gain, administrazioz-administraziokoa ere behar da
Gure ustez, Jaurlaritzarena, Legebiltzarrarena, EHUrena, Osakidetzarena, Ertzaintzarena eta beste erakunde handi batzuen balantzeak banaka eskaini beharra dago. Foru Aldundi eta Hiriburu bakoitzarena ere bai. Hortik beherako udalena ere, multzoka behintzat eskaini beharra dago, irizpide soziolinguistikoen arabera, beharbada. Administrazio guztiena batera eskaintzea ondo dago, baina beste guztiak eskaini ezean, egoeraren argazki desitxuratua eskaintzen da, administrazio batzuen ahaleginak beste batzuen utzikeria estaltzen baitu, besteak beste. Ardurak ere ez dira berdinak. Jaurlaritzak adibidez, normalizazioan lan traktorea egin behar luke, EAEko herritar guztiak ordezkatzen dituen erakundea baita. Foru aldundiek ere, berdin antzean herrialde mailan. Azkenik, ez da ardura berdina Barakaldok edo Bilbok duena udalei erreparatuta. Izan ere, Bilbo hiriburua da; Bizkaitar guztien halabeharreko jomuga, eta beraz, errealitate horri ere erantzun behar dio, eta ez bakarrik Bilboko egoera soziolinguistiko teorikoari.
Balorazioaz
Legez, euskararen erabilera plana egina behar lukete herri-administrazio guztiek, hala ere, erdiek baizik ez dute euskara plan hori onartu, eta laurden batek baino ez dio jarraipena egin. Hori da, oker ez bagaude, errealitatea. Ahaleginak ahalegin, ezin esan liteke balantze ona denik hori. Ez behintzat egoerari aurre egin eta aurrera egin nahi bada. Areago, planek zer eman duten ez da aipatu ere egiten. Izatekotan ebaluazioa egiteke dago. Balorazioan egiatzat ematen da gero eta herritar gehiago ari direla euren eskubideaz jabetzen. Gure ustez, ordea, hori horrela bada ez da, oro har, herri-administrazioetako arduradunek eskubide horiek gogorarazi dizkietelako. Beraz, bada garaia administrazioek gutxieneko ahalegin antolatua egin dezaten eskubideen arloan ere. Horri lotuta, “Zenbait langile, batez ere jendaurreko lanpostuetan daudenak, gero eta sentsibilizatuago daude herritarrek dituzten eskubideen gainean. Gero eta hobeto onartzen zaio herritarrari hizkuntza aukeratzeko eskubidea” jasota dago balantzean. 25 urte geroago, positibotzat jo behar da ondorio hori? Administrazioak herritarrei euren eskubideak gero eta hobeto “onartzea” zoriontzeko motibo izan liteke? Herritar asko eta asko bere eskubideez ohartu ez delarik oraindik, edo horiek erabiltzera ausartzen ez delarik, datu gazi-geza da herritarrak eurak izatea eskaririk handiena eragiten dutenak, erakunde bereko beste atalek eragindako eta erakundeen arteko eskariaren gainetik. Hizkuntza-eskubidea kortesiazko jarrera pertsonal gisa ulertzen da, herritarrenganako begirunearen erakusle. Eta beste zerbaiten ondorio behar luke, plangintza eta irizpide ondo finkatutako batzuen emaitza.
Etorkizuneko lan ildoak direla eta
Badirudi HPSk erabileraren apustua egin duela, hala ere, 1995eko Bat aldizkariko artikulu horretan (erreferentzia) azaltzen zena ikusirik, beldur gara apustu hori 10 urte barru apustu izaten jarraitzea, gogoeta-idazkian ez baitugu ekintza zehatzik ikusi. Itxuraz, lantaldeen ekarpenak eta aholkuak dira proposatutako lan ildo horien oinarri, baina bestetik HPSren proposamen zehatzik ez da inondik ageri, ezta konpromisorik ere; hala nola, prestakuntzan dagoen hutsunea betetzeko (euskarazko eskaintza hutsaren hurrengoa da); arduradun politikoen konpromiso handiagotzeko; edota orain arte sindikatuekin elkarlanean jarduteko ahaleginik eza zuzentzeko. Hutsune horiek ez dira, gure ustez, egoera soziolinguistikoaren ondorio. Erabilera-planekin HPSk hartu duen dinamika arriskutsua izan daiteke, izan ere, eguneroko jardueran apenas izan du transzendentziarik. Inork gutxi daki HPS horretan ari denik eta erabileraren aldeko asmo zintzoak plan potoloetan eta zifra estatistikoetan galtzeko arriskua dago. Ekintza zehatzak jarri behar dira jada martxan euskaraz lan egin nahi duen jendearekin. Euskaraz lan egiten hasi garela ikusarazi behar zaio gizarteari, eta sobrelamartxa sortuko diren arazoei aurre egin. Politikariei jarrera-aldaketa eskatzeko zer egiteko prest dago HPS? HPSren lan transbertsala nola bideratzeko asmoa du? Egokia al da gaur eguneko egitura? Sentsibilizazio kanpainarik egiteko asmorik? Herritarrek euskarazko zerbitzua jasotzeko eskubidea erabil dezaten zer egiteko asmoa du HPSk? HPSk lehenbailehen zein neurri ezarriko dituen argitu behar luke, erabileraren aldeko apustua sendoa bada behintzat.
Neurriak zehazteaz gainera, neurriok non, zeintzuk sail eta erakundetan ezarriko dituen zehaztu beharra dago. Gure ustez erabat premiazkoa da sentsibilizaziotik hasi eta gutxieneko azpiegitura nahikoak (euskara zerbitzuak eta euskarazko prestakuntza nahiz laneko baliabideak) sail eta erakunde publiko guztietan ezartzea, plangintzarik xumeenari ere, ekin aurretik. Tirakakideok laguntzeko, tira egiteko gaude, baina euskaldun garen neurrian, gure eskubideak exijitzeko ere bai.
Categorías : Tiraka |
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

