Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Ikamikak

garruze 2007-07-26 @ 09:13

Denok bezala, oporrak beharrean ikusten dut Jokin Azkuen jauna, HPSeko zuzendaria. Azken asteotan, bi artikulu  argitaratu ditu, zein baino zein gogorrago. Bata, Arabatik blogean gure Tirakakide den Eusebio Gorosperen aurka, bestea Berrian, Kontseiluaren kontra.

Ez zait egokia iruditu artikulu horietan Jokin Azkue jaunak erabili duen tonoa. Euskararen normalkuntzak ez du behar inoren kontrako politikarik, elkarrekiko lankidetza iraunkorra baizik. Inork ez du arrazoi osoa. Bidea luzea da eta denok dakigu akatsak eta hutsuneak izango direla, baina kritikak guztiz osasuntsuak dira aurrera egiteko eta horrela onartu behar dira. Arduradun politikoek kritikak naturaltasunez hartzen ikasi behar dituzte eta bere diskurtsoa zaindu, xede berdina dugun guztion elkarlana bideratu eta gidatzeko.

Nola gidatuko gaitu elkarren kontrako diskurtsoa erabiltzen duenak?

Elkarlanean aritzeko eragile guztien artean harremanak landu behar dira eta Jokin Azkuek erabilitako diskurtsoak ez du bat ere languntzen bidean elkartu eta elkarlanean nahitaez jardun behar dugunon artean lan-molde egokiak bilatzeko eta ezartzeko.

Horren harira, gure lankide baten artikulu  bat dakarkizuet hona, gauzak bere tokian jartzen dituela uste baitut. Hona hemen  Josetxu Roblesen iritzi interesgarria.

Ea opor-tarte honek bazterrak lasaitzen dituen eta irailean beste talante batekin itzultzen garen. Hala izan bedi, euskararen onerako.  


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Erantzun bat »

  1. Martin — 2007-08-03 - 09:59:58 GMT 1

    Jokin Azkueren eta Eusebio Gorosperen arteko ika-mikan agertzen naizenez eta bi-biek azaldutakoak aski ongi ezagutzen ditudanez, argi ditzadan, labur-labur, eztabaidako puntu garrantzitsu batzuk.

    E. Gorospek oso ondo daki euskaraz sortzen hasi diren teknikari apurrak ez ditugula izutu, zorabiatu edo egurtu behar. Badaki ia-ia mimatu egin behar ditugula, haiek baitira benetako normalizazioaren ardatza. Eusebiok berak azpimarratzen du hori behin eta beste behin. Eta hamaika bider hitz eginda nago Eusebio Gorosperekin gai honetaz, eta ondorioa beti da bera, argi eta garbi, Jokin Azkuek proposatzen duena, hain zuzen ere: «une honetan garrantzitsuena euskaraz sortzen hastea dela, euskara hutsezko komunikazio-guneak ireki beharra dagoela. Ibilbide horretan zalantzak izango dira, atzera-aurrerak, hanka-sartzeak... Eskuzabalak izan behar dugu, ordea. Administrazioko langile euskaldunek lasai hitz egin eta idatzi behar dute lanean, euskarazko azterketa baten aurrean daudela denbora guztian pentsatzen ibili gabe».

    Horregatik, tamalez oraindik neurri praktikorik ikusten ez dugunez (eta arazoa ez da atzo goizekoa), Eusebio Gorosperen ekimenez, dagoeneko pare bat bilera izan ditugu Eusebiok berak, Boletineko buruak eta nik neuk, Kultura Saileko itzultzaileak, Saileko hainbat zuzendaritzatako teknikariekin protokolo bat abian jartzeko, Boletinean argitaratzekoak diren dokumentuak euskaraz erredaktatzen dituztenean, gure laguntza osoa izan dezaten. Udazkenean izan nahi ditugu, gauzak ondo bidean, lehen kontaktuak. Esaterako honako bi hauek:

    • Kultura Saileko Aholkularitza Juridikoko abokatuek kontratuei buruzko lehiaketak eta esleipenak euskaraz bidaltzen dituzte Boletinera, baina bakoitzak bere erara moldatzen ditu testuak, ahal duen eta modurik egokienean. Nahaste-borraste handia dago, normala den bezala, nahiz eta testuak oso-oso antzekoak izan beti (inork ez die –ez digu– esan “pliego de clausulas administrativas particulares” klausula administratibo zehatzen plegua, berariazko administrazio baldintzen orria edo baldintza administratibo partikularren agiria idatzi behar den). Hori bideratzen hasteko, bi neurri proposatu ditugu jada: bat, lehiaketa eta esleipen ereduak bildu, sailkatu, eta euskarazko estandarrak sortu hiru aldeen arteko elkarlanean (abokatuak, Boletina eta Saileko itzultzailea); eta bi, edozein zalantza izanez gero, Boletinera bidali baino lehen, Saileko itzultzaileari dokumentua bidaltzea birpasa dezan.

    • Euskara Sustatzeko Zuzendaritzan teknikari talde batek ere euskaraz idatzi ohi ditu Boletinean argitaratu beharreko testuak, gehienetan dirulaguntzekin eta zerikusia dutenak. Horiekiko lana ere koordinatu nahiko genuke, susmoa baitugu ahalegin pertsonala bai baina lankidetza falta dela testu ereduak estilo eta terminologia aldetik bateratzeko.

    Horiekin bezala, beste zuzendaritza eta zerbitzu batzuekin bidea egiteko dagoela iruditzen zaigu. Gustatuko litzaiguke, bai, ekimen hauek plan orokorrago batean txukun-txukun txertatzea, eta geroan halaxe gertatzea nahi genuke, baina zer esatea nahi duzue, aizue, besterik ezean praktikoak izan beharra dugu.

    Ez dakit informazio pribilegiatuaz baliatzen ari naizen, baina argi daukat gai hauetaz hitz egitea osasungarria dela, oso egokia, beti ere errespetuz jokatzen bada. Izan ere, badirudi gai tabua dela; bateko interesak direla, besteko ez dakit nor mintzeko dela, inor ez gara ausartzen orain arteko jardunbidea zalantzan jartzera, eta aurrera bolie!

    Ez dakit nire zeregina den edo ez, baina laguntza eske datozkidanean, beti esaten diet lankideei animatzeko euskaraz erredaktatzera eta, ondoren, nire laguntza osoa izango dutela dudak eta argitzeko. Berriro diot, aurretik haiek ahaleginduta.

    Txistea dirudi, baina kalapita honetan Eusebio Gorospe tirakakidea eta Jokin Azkue zuzendaria bat datozela esango nuke, mamiari heldu beharrean alboko alderdi ez hain garrantzitsuei erreparatu baitiete. Onar iezadazue, beraz, besteak beste komunikazioak huts egiten duela, hurrengoan mahai batean eserita konpondu beharko genituzkeela auziok.

    Martin Rezola
    Kultura Saileko itzultzailea

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>