Lege testuen korredakzioaren bidean lankidetza tresnak lehen urratsa
garruze 2007-07-23 @ 09:56

Aurreko post batean egorospek ohartarazten zigun ezagutza hutsezko eta itzulpen hutsezko aldiak gaindituta daudela, agerian geratu baita azken 30 urteko esperientziaren bidez, ez batak eta ez besteak ez dutela bermatzen euskal administrazioek euskaraz normaltasunez jardutea.
Nolanahi ere, gaur egun dugun asmoa joera horiek garaitzea bada, ez da inor harrituko esaten badut gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan euskarazko lege-testuak, oro har, itzulpenaren bidez sortuak direla. Alegia, lege-testuak gaztelaniaz landu eta sortzen dira eta euskarazko itzulpena legea onartzeko bidean azkeneko izapide huts bat baino ez da, eta gainera, itzultzaileak berak bakarrik egiten duen lana; hau da, ez dago inolako harreman egituraturik lege-testua landu eta sortu duten teknikari eta itzultzailearen artean.
Nire ustez, argi gera bedi, lege-testuak argitaratu behar diren hizkuntzetan korredaktatu beharko lirateke, baina gaur egun xede hori hain urrun ikusten dudanez, kalitatezko itzulpenaren bidez helburu horretara hurbiltzen saia gaitezkeela uste dut. Merezi du ohartarazteak itzulpena, berez, ez duela zertan bide desegokia izan behar lege-testu bat dena delako hizkuntzan jartzeko. Horren adibidea Europar Batasuneko legeria da. Europar Batasunean testuak gehien bat ingelesez eta frantsesez prestatzen dira , eta gero, itzultzaile talde batek Estatuen gainontzeko hizkuntzetara itzultzen ditu. Gaztelaniaz irakurtzen ditugun Europako lege-testuak, hortaz, itzulpen hutsa dira, baina egokiak dira eta funtzionatzen dute.
Gaur egun eztabaida, beraz, ez du zertan itzulpenaren aldekoa edo kontrakoa izan behar, izan ere, onartu beharra dago itzulpena oraindik ere urte askotxotan euskal administrazioen lan-tresna izango dela lege-testuak Euskalerriako hizkuntza ofizialetan egon daitezen bermatzeko, alegia, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.
Administrazioan lan egiten dugunontzat legeria da (legeak, erregelamenduak, aginduak, ebazpenak...) dugun lanabes nagusia. Hori horrela izanik, lanabesaren kalitatea zaintzea funtsezko zeregina behar du izan lanabes horrekin egindako lana kalitatezkoa izan dadin.
Eztabaidaren muina, hortaz, harago dago nire ustez: ¿Zein itzulpen-teknika erabili behar dugu administrazioaren testuak ulergarriak eta zuzenak izateko? Zergatik beti testuak euskarara itzuli behar izate hori; batzuetan euskaraz sortutako testuak gaztelaniara edo frantsesera ere itzul daitezke, ez ala? Korredakzio teknikek badute tokirik gure eguneko jardueran? Nork izan behar du ardura administrazio-testua hizkuntza ofizialetan egon dadin? Beti itzultzailearen lana izan behar du edo teknikariek ere elebitasun-trebeziak landu behar dituzte zenbait kasutan haiengan ardura hori uzteko? Zein kasutan, ordea?
Beti bezala, galdera mordoxka eta erantzun biribilik ez. Hala ere, eguneroko esperientziak intuizioan oinarritutako hainbat bide jorratu behar direla esaten dit. Lehenbizikoa, nire ustez, lege-testuak (legeak eta dekretuak batez ere) sortzeko prozeduran bertan euskarazko testuaren kalitatea aintzat hartzea, eta horretarako, gaur egun indarrean ditugun hainbat legetan kezka hori berariaz jasotzea, hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarreko 8/2003 Legean, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarena, eta Eusko Jaurlaritzaren Idazkaritza Nagusiak onartu zituen Lege Egitasmoak, Dekretuak, Aginduak Eta Erabakiak Lantzeko Jokabideetan.
Badakit, ordea, lege-aldaketa bat proposatzea ez dela txantxetako kontu bat eta atzetik lan handia eskatzen duela, ideiak argi izateako eta baliabide publikoak ere behar bezala bideratzeko.
Horren harira, Itzultzaileen aldizkari espezializatu batean (Tonosdigital delakoan) oso artikulu interesgarri bat aurkitu dut gai honen inguruan, Europar Batasuneko Batzordeko bi itzultzaileek egina: Traductores y especialistas en la Unión Europea. Hacia el binomio integrador .
Iritzi-artikulu horretatik ateratzen den lehen ondorioa honako hau da: ez gara munduan bakarrak hainbat hizkuntzekin lan egin behar dugunak, eta elebitasunean aritzea hizkuntza bakarrean lan egitea baino konplexuagoa bada ere, baliabide egokien bidez normaltasunez jardun daitekeela.
Itzultzaile horiek azaltzen dute nola Estatuen gaineko munduko bi erakunde nagusietan, alegian, Europar Batasunean eta Nazio Batuetan, hizkuntza eleaniztasunera egokitzeko erabiltzen diren teknikak desberdinak direla. Nazio Batuetan korredakzioa erabiltzen dute. Europar Batasunean, berriz, itzulpena. Itzulpenak, hala ere, hainbat kalitate-kontrol ditu han,eta araudi berezia dago itzulpenen kalitatea bermatzeko xede duena. Badugu, beraz, non ikasi.
Haien hausnarketa Europar Batasunaren jarduera mugatzen da. Nik hemen labur-labur gure egoerara egokitu daitezkeen ideiak ekarri dizkizuet:
1.Hizkuntzan aditu diren eta gaietan aditu direnen arteko harreman egituratuak behar dira. Izan ere, oso zaila da itzultzaile espezializatuak izatea arlo guztietan, beraz, horretan ahaleginak xahutu gabe, egokiago deritzote hizkuntzan aditu diren itzultzaileak izateari, baina aldi berean, gaietan aditu diren teknikariekin elkarlana sustatzeari.
2. Lege-testuak onartzeko prozeduran parte hartzen duten erakunde guztien artean harreman instituzional egonkorrak eta arinak behar dira.
Etxeko adibidera ekarriz, honela interpreta daiteke ideia hori: Lege-egitasmoak edo Dekretu-egitasmoak sail bakoitzak lantzen ditu bere aldetik, eta gero Lege Aholku Batzordearen irizpena jaso ondoren, Gobernu Batzordeak onartu behar ditu. Legeen kasuan, Eusko Legebiltzarrera doa gainera. Prozedura luze horretan itzulpena izapide huts bat baino ez da eta ez dago kalitatea bermatzeko inolako filtro egituraturik, esaterako Lege Aholku Batzordean bertan egon zitekeena.
Lege-prozeduretan, nire ustez, hizkuntzak eta bere kalitateak trataera sistematikoa eduki behar dute eta erakunde guzti hauen artean hizkuntzen kalitatea bermatuko duten bide egonkorrak eratu behar dira, prozeduraren urrats bakoitzean hizkuntzalari eta teknikarien arteko elkarlana bermatuz.
Jaurlaritzak badu martxan, gaur egun, hizkuntzalari eta teknikarien arteko elkarlanerako esperientzia pilotu bat. Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumenen datu-base bat da hain zuzen. Bertan EAEri egin zaizkion zein oraindik ere jasotzeko dituen eskumen-eskualdaketak aurki ditzakezue, euskaraz zein gaztelaniaz. Gainera, poliki-poliki eskumen bakoitzarekin zerikusia duen legeria eta Konstituzio-auzitegiaren epai esanguratsuen laburpenak sartzen ari gara.
Europar Batasuneko itzultzaile horien iritziak irakurrita badirudi ez goazela bide txarretik. Hala izan bedi!!
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

