BERRIA-koa
bidegorra 2007-06-18 @ 11:47
Iragan larunbatean Berria egunkariak Tiraka taldeari buruzko erreportajea argitaratu zuen. Erreportajeak ez zuen hitzez-hitz jaso aurrez guk prestatutako elkarrizketa osoa, halako entresaka bat egin baitzuen (toki-falta dela edo auskalo zergatik). Dena den, hura osatu beharrez, hona ekarri nahi izan dugu guk prestatutakoa, denek ideia eta mezu egiazkoagoa izan dezazuen (irakurle zorrotza berehala ohartuko da HPSrekin elkarlanean jarduteko eskaintza falta dela, adibidez).
GALDETEGIA:
Tirakari buruzko zenbait datu: noiz sortu zen, zergatik, zenbat lagunek parte hartzen duten...
Taldea duela hiru urte inguru sortu zen, Jaurlaritzak 3. plangintzari buruzko ebaluazioa plazaratu zuenean. Aurrerra begira lehengo bideari itsu jarraitzenziola ikusirik, harekin ados ez geundela eta aldaketa baten beharra ikusarazi nahi genion HPSri.
Modu aktiboan lauzpabost lagunek jardun bagenuen ere, proposamenak landu eta 120 langileren babesa lortu genuen. Une honetan elkartea formalki eratzeko bidean gaude, bazkideak, estatutuak eta abar.
Kanpotik begiratuta, Eusko Jaurlaritzaren euskalduntzeak etsigarria dirudi: lanpostuen %61,85ek ez dute derrigortasun datarik, Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planaren amaieran 549 ataletatik 19tan soilik zen euskara lan hizkuntza (horietatik bederatzi Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzakoak direla uste dut)... Barrutik begiratuta, egoera hain etsigarria al da?
Alde batetik bai, emaitzei begira oso etsigarria da, ez baita aurrerakada askorik ikusten erabileran. Eta erabilera da euskalduntzearen arrakasta edo porrotaren neurgailua, bestela zer? Bai, egia da gizartearen beste arloetan ikusten dela hori, baina konparazioak ez du balio: Jaurlaritzak horretan dirutza eta baliabide mordoa erabili ditu eta, alde horretatik, ispilu eta eredu izan beharko luke gizarte osoarentzat. Tamalez, atzetik joan da, eta doa.
Beste alde batetik, ordea, egoera esperantzagarria da. Egun apenas dagoen aitzakiarik esateko halako tokian langileek euskaraz ez dakitenik. Euskaldun pila dago sail guztietan, goi-mailakoetan eta behe-mailakoetan. Gertatzen dena da gehienek gaztelaniaz lan egiten dutela.
Txanponaren aurkia eta ifrentzua ditugu batera: euskaldun langile mordoa gaztelaniaz lan egiten.
Miren Azkaratek III. Planaren aurkezpenaren osteko elkarrizketa batean (BERRIA, 2004-7-29, 4. orr.) esan zuen “lehentasuna eta garrantzia” eman zaiola Administrazioa euskalduntzeari, baina “eguneroko errealitatea” ezartzen dela. Lehentasuna eta garrantzia ematen zaio? Eguneroko errealitatea gailentzen da?
Kontraesan horrek gutxienez ezintasun bat salatzen du, ez? "Nahi genuke baina ezin dugu" edo horrelako zerbait. Eta ezintasun hori ikusten dugu, bai, hizkuntza politikaren alorrean. Zergatik? Ba, Kulturaren txoko batean, baztertuta, daukatelako. Edonola ere, nahiz eta sinistu sailburuak borondate onez eta zintzo jokatzen duela, bere mezuak "politikoa" izan behar du nahitaez, eta betiko malabarismoekin eta hitz-jokoekin aurrera egin behar du: "asko aurreratu dugu, baina asko dugu egiteko", "poliki eta arian-arian jardun beharra dago", "euskara erdal munduarentzat erakargarri egin behar dugu" eta abar eta abar.
Osakidetzako eta Ertzaintzako egoerak onargarriak iruditzen al zaizkizue? Euskara planak oso berandu onartu dituzte, eskaerak oso arinak dira, oraindik euskararik ez dakiten langileak kontratatzen jarraitzen dute...
Denbora ez da alferrik pasa, eta hori zama handia dugu. Euskararen aldeko politikek ere beren epea dute. Nekez egin daiteke orain aurreko urte mordo batean egin ez dena. Hor lan-prozedura batzuk finkatu dira (gaztelaniaz), lan-harremanak, iherarkikoak, pertsonalak... Inertzia horri orain buelta emateko beste zerbait beharko da, ohiko hizkuntza-eskakizunez eta planez gainera.
Euskaldundu nahi duen funtzionarioak ba al ditu tresnak eta aukerak euskalduntzeko?
Diru mordoa bideratzen da herri-langileak euskalduntzeko, baina euskara ikasi nahi duten guztiek ezin dituzte ikastaroak egin, baimenak ematen ez zaizkielako. Izan ere, ez dago Sail guztiek jarraitu beharreko irizpide bateraturik. Beste lankide batzuek, aldiz, urteak daramatzate euskara ikasten behar duten maila lortu gabe eta etsipena nagusitzen zaie. Lankide asko ditugu lan orduz kanpo ahalegin handia egiten euskara ikasteko.
Hala ere, zertarako ikasi, gero erabiltzen ez bada? Askori gertatzen zaie ikasitakoa gero ezin praktika dezaketela, bere lankideek ez dakitelako, edo jakin arren euskara erabiltzen ez dutelako. Etxeko giroa ere ez dute lagungarri. Laneko eginkizunetan euskara erabiltzea ikasitakoa praktikatzeko modu bat da. Erabili gabe oso zaila da ikasitakoa mantentzea eta hobetzen joatea.
Zilegi al da 45 urte betetzen dituzten langileak salbuestea? Ze neurritan oztopatzen dute Administrazioa euskalduntzea?
Salbuetsitakoak ez dira lagungarri gertatuko erabilera ezartzeko prosezuan. Beraz, bideak eta tresnak ezarri behar dira pertsona horiek Administrazioaren euskalduntzean oztopo ez bihurtzeko eta hemendik aurrera langile berriak euskaldunak izatea eskatu behar da. Dena den, 45 urtetik gorakoei begira ez genuke denborarik eman behar. Alferrik da. Epe laburrera prestatuta ditugun baliabideei erreparatu behar diegu, adin horretatik goarakoak zein beherakoak izan. Horrekin batera hizkuntza eskakizunen araudia aldatzera jo beharko da eta, ikusitakoa oinarri hartuz, aldatu egin beharko dira zenbait kontzeptu eta arau.
Langileen iritziak aintzat hartzen al dira normalizazio planak egiteko edo euskara bultzatzeko neurriak hartzeko orduan?
Orain arte behintzat, ez. Hala ere, egungo sailburuordeak jarrera askoz irekiagoa et aparte hartzaileagoa erakutsi du, baina sindikatuak ez dira deituak izan oraindik, adibidez, eta horien parte hartzea eta inplikazioa ezinbestekoa da ganorazko planik bultzatuko bada. Dena dela, langileek, oro har, ez pentsa atxikimendu askorik daukatenik euskara kontuetan. Hor lidergo bat falta da, hizkuntza-irizpide garbiak, batetik, eta inplikazio handiago abestetik. Egoeraren ardura guztia “administrazioari” egozten dio konpromisorik batere erakusten ez duen administrazioko hainbat langilek ere. Gauzak horrela daude, aitortzea mingarria izan daitekeen arren.”
Zein dira, zuen iritziz, hutsune nagusiak?
-Euskarak transbertsala izan behar du. Hizkuntzaren irizpidea aurre-aurreneko tokian egon behar du Jaurlaritzaren jarduera guztietan.
-Langileak euskaraz lan egiten jarri behar dira, eta ez orain arte bezala itzulpenak baliatu elebitasun faltsuaren mozorroa izkutatzeko. Horretarako, noski, baliabideak eta planak egokitu behar dira. Plan horiek langile euskaldunoi euskaraz ziurtasunez lan egiteko baliabideak eta laguntzak eskaini behar dizkigute. Gaur egun, euskaraz lan egiteko konpromisoa duena kamikaze hutsa da: lan bikoitza egin behar izaten du, musutruk, eta inork agindu eta eskatu (eta eskertu!) gabe.
Kargu politikoen inplikaziorik eza ezin da utzi aipatu gabe. Horretan gehienok bat gatoz. Nola normaldu daiteke euskararen aldetik, Zuzendaritza jakin bat bertoko zuzendariak edo inguruko arduradunek ez badakite euskararik edo, jakinda ere, ez bazaie axola edo, okerrago, euskara zama dela uste badute?
Miren Azkarateren ustez (Euskadi Irratia, 2004-09-03), Administrazioari ezin zaio gizarteari baino gehiago eskatu euskarari dagokionean. Ados?
Ez dugu uste sailburuak hori sinisten duenik, benetan. Gaur egun duela 30 urte baino euskaldun gehiago dago, bereziki haur eta gazteen artean. Hala ere, Administrazioak haiei zuzentzen dien zerbitzuetan oraindik ere elebitasuna da nagusi, eta gainera, gehienetan gorago aipatu dugun elebitasun faltsua, alegia, gaztelaniaz prestatu eta itzultzaile batek euskarara itzuli. Administrazioak galdetu al die herritar euskaldunei zein hizkuntzatan hartu nahi duten zerbitzua? Galdetu al die testu administratiboak euskara hutsez jaso nahi dituzten? Ez, beti elebitasunera jotzen du eta horrela beti asmatzen duela uste du. Herritar asko seguru gaude zerbitzuak euskaraz jaso nahi dituztela, hori bai euskara erraza eta ulergarrian eta gaztelaniak ematen dituen berme guztiekin, beti kexaka ibili beharrik gabe, normaltasunez alegia. Hori litzateke, gure ustez, gizarteak euskarari dagokionez eskatzen duenari erantzutea: benetako hizkuntza-aukera eskaintzea.
Bestalde, Administrazioaren egoera ezin konpara daiteke gizartearen beste alor gehienekin: hemen jende askok euskara ikasi ahal izan du, lanorduetan eta doan; hemen ehunka langile kualifikatu daude osoki euskarari emanak (hizkuntza-teknikari, itzultzaile, normalizatzaile, sustatzaile...). Nekez topa liteke horrelakorik gizartearen beste eremu batzuetan. Beste gauza bat da horri etekina ateratzen asmatu dugun edo ez, besteak beste giza-baliabide horiek guztiek behar bezalako koordinaziorik gabe jarduten baitute maiz, bakoitzak bere aldetik.
Patxi Baztarrikak iazko urriaren 11n egindako ekitaldi batean iragarri zuen iazko urte amaierarako diseinatu nahi zituztela erabilera planak eta aurten ekintzekin hasi nahi zutela. Zertan dira plan horiek? Plan egokiak iruditzen al zaizkizue?
Horretan ari dira, bai. Diagnosiaren fasea amaitu eta aurki ekintza-planei ekin beharko liekete. Orduan ikusiko dugu, benetan, zein diren proposamenak. Edonola ere, urte askotako geldialdiaren ondoren poztekoa da behingoagatik gauzak mugitzen hastea. Horretan lankide izango gaitu HPSk. Eta kritiko, noski.
Lanpostu askotan euskara eskatu eskatzen da, baina ezagutza eskaerak ez du erabilera eskaerarik. Erabilera ere arautu/eskatu behar al da?
Erabilera antolatu behar da. Gaur egun ez dago baldintza nahikorik langile euskaldunak euskaraz eroso eta ziurtasunez lan egiteko. Administrazioaren lan-antolaketa gaztelaniaz jarduteko prestatuta dago, ez euskaraz lan egiteko. Horrek plangintza bat eta politikoki horren gidaritza hartzen duen norbait behar du. Herritarrengan euskarazko zerbitzuen aldeko konfidantza sortu behar da. Hori guzti hori ez da egun batetik bestera egiten, baina horren aldeko urratsak ematen hasi behar dira. Izan ere, oraingo egoera hauxe da: langile euskaldun pila bat, erdaraz lanean.
Euskara erabiltzeko irizpideak badaude edo langile edo zerbitzuburu bakoitzaren esku dago?
Irizpideak egon badaude, baina oro har euskaraz lanik egiten ez denez langile eta arduradun politiko askok ez dituzte ezta ezagutu ere egiten, eta, praktikan, euskara erabiltzea langilearen esku dago. Nolanahi ere, dauden irizpide horiek berrikusi beharko lirateke.
Asko hitz egiten da langileei buruz, baina nahiko gutxi sailburu, zuzendari eta zerbitzu buruei buruz. Posible al da atal batean euskara erabiltzea sailburua, zuzendaria edo zerbitzuburua erdalduna bada? Tirakak berak egindako inkesta batean, erantzun zuten gehienek uste zuten goi karguek oztopatu egiten dutela euskararen garapen edo bilakaera normala, euskaraz dakitenek zein ez dakitenek.
Arduradun politikoen artean oro har -salbuespenak badira eta- euskara eguneroko jardueran oztopo bat da, gauzak atzeratzen dituen izapide edo tramite bat, alegia, itzultze-tramite bat. Beraz, arduradun politikoen artean lehenbizi sentsibilizazio lana egin behar da euskararen erabileraren garrantziaz eta beharraz ohartuz. Goi karguak euskaldunak balira, bada, teorian badirudi horrek bidea erraztu beharko lukeela, hala ere, praktikak erakusten du beti ez dela hori horrela. Garrantzitsua da sail guztietan arduradun politiko euskaldunak egotea, behintzat gutxiengo bat, baina horrez gain tresnak antolatu behar dira euskaldun ez diren politikoak teknikari euskaldunen lanarentzat oztopo ez bihurtzeko , eta euskaldunak diren politikoei euskararen erabilerak dituen abantailez ohartarazteko. Diskurtsoa landu beharra dago, Emakundeak genero ikuspegiarekin egin duen bezalaxe.
Bestalde, diozun bezala, inkesta horrek ezin hobeto islatzen du, gure ustez, euskaraz lan egin nahi duten langileen sentipena, gure taldeko kideena alegia.
Badirudi Eusko Jaurlaritzan euskara gai deserosoa dela eta deserosoa izateaz gain, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) kontua/arazoa. Euskarak ez al du behar behar, HPSz gain, bestelako bultzada sail guzti-guztietan aintzat hartzeko?
Bai, hor dago koxka nagusietako bat. Baina bultzada aipatu duzunez, esan dezagun bultzada petsonala ere behar-beharrezkoa dela. Ez HPSk, ez Euskara Planek ez dute euskara aurrera aterako, ez badago konpromiso pertsonalik langileon aldetik. Eta hori gure taldearen erronka ere bada: Ilusioa piztu dugu, jendeak esaten digu"Bazen garaia!", baina orain erantzun egin behar dugu; erantzun, ez bakarrik purrustaka eta erretxinduta, ezpada ere buruz eta proposamen zehatzez.
Duela gutxi Tirakako kide batek aipatzen zuen itzulpen kasu batean, Eusko Jaurlaritzak erakundetik kanpoko bi enpresatara jo zuela testu bera euskarara itzultzeko. Bi enpresei ordaindu zien, jakina. Ohikoak al dira horrelako kasuak?
Ohikoa dena da, presaren presaz, kanpoko enpresetara bidaltzea. Baina kasu horretatik hara jo beharko genuke. Administrazioko paperetako euskarak izen bat du, eta bakarra: itzulpena. Hori denok dakigu, eta horregatik jotzen dugu gehienetan jatorrizkora, gaztelaniara. Administrazioak, arazorik ez izateko, kexu edo salaketari aurre egin behar ez izateko, biderik errazenera jotzen du: dena itzultzera. Horrek dakar arazoa, alegia, batzuetan hainbeste itzuli behar izaten da ezen nork itzulirik ere ez dutela aurkitzen, edo ez, behintzat, konfidantzazko itzultzailerik. Orduan komeriak! Joeraz aldatu behar da. Guk geuk esan beharko genuke ez dela ezer konpontzen dena euskaraz jartzearekin, gero, itzulpena delako, irakurlerik ez badu. Agian, ausartak izanda, beste erreibindikazio bat egin beharko genuke: hobe gaztelaniaz, euskaraz halamoduz baino; edo honako hau: hobe euskaraz % 15a bakarrik, baina sortuta, jatorriz euskarazkoa.
Sortzen al dira testuak euskaraz? Zenbat? Ohikoa den edo ez...
Oso gutxi. Hala ere, badira saio batzuk diskurtso juridikoaren inguruan, korredakzio teknikak egokiak zeintzuk izan daitezkeen aztertzen ari direnak. Testu horiek, hala ere, jende gutxik ezagutzen ditu, oso gai teknikoak jorratzen baitituzte.
Honekin esan nahi duguna da badirela hainbat langile euskaraz lan egiteko bidea aztertzen, baina orain arte ahalegin horiek guztiak guztiz boluntaristak direla, behar den gidaritza politikoaren babesik gabekoak. Guk uste dugu moduak badirela euskaraz testuak lantzen joateko, baina ahalegina koordinatua eta babestua izan behar duela eta gero ahalegin hori behar bezala gizarteratu beharko litzateke, bidean egiten diren akatsak zuzentzen joateko.
Zer egin behar da euskaraz testu gehiago sortzeko?
Euskaraz sortzearen diskurtsoa euskara erabiltzearenaren atzetik dator. Duela gutxira arte pozarren geunden ikusiz zenbatek ikasten zuten euskaraz, konturatu ginen arte ikasitakoa ez zela praktikatzen, ez zela erabiltzen. Sormenari beste horrenbeste gertatzen zaio itzulpenarekiko. Dena eskatu dugu euskaraz jartzeko, dena itzultzeko, ohartu garen arte jarrera hori euskararen eta euskaltzaleon kontrakoa dela.
Dena daukagu egiteko arlo honetan: diskurstsoa landu, araugintza horretara egokitu, diru-baliabideak beste era edo bide batzuetara egokitu.
Testu sinpleak jatorriz euskaraz sortzea lortu behar dugu eta teknikoagoak diren horietan modua aurkitu behar dugu euskarazko testua gaztelaniazko testuaren itzulpen hutsa ez izateko.
Administrazioan erabiltzen diren testu asko legeen garapena dira. Hori dela-eta, gure ustez, Legeen euskarazko bertsioak berebiziko garrantzia du. Ez da egokia, gaur egiten den bezala, euskarazko bertsioa gaztelaniazko itzulpen hutsa izatea, behar den kalitatezko kontrolik gabekoa. Euskarazko testuak bere bizitza propioa izan behar du.
Legeak eta arauak egiteko prozeduran behar besteko denbora eskaini behar zaie terminologiari, joskerari eta diskurtso juridikoari oro har. Gaur egun, ordea, xedapen orokorrak, hau da, legeak, dekretuak eta abar, egiteko prozedura arautzen duen 8/2003 Legeak ez dio horri erreparatzen.
(Galdetegiaz kanpoko gaia)
Azken batean, HPSri bidali nahi diogun mezua hauxe da: Aizue, ez begiratu hainbeste kanpora, "erdal mundua" erakartzeko. Etxebarrua pipiak jota dugu eta, lorategia margaritaz apaintzen? Ez tematu erakutsi beharraren erakutsi beharraz, ez gara, benetan, hain interesgarriak. Hori ez da lehentasuna. Begira, bestela, orain arteko uzta zein izan den: hutsaren hurrengoa. Nola gizartean, hala administrazioan ere, hiztunen komunitatea trinkotzea behar du lehentasuna. Horrela bakarrik prestijiatuko dugu euskara, horrela bakarrik erakarri eta motibatuko euskararen periferian eta euskaratik kanpo bizi diren langileak eta herritarrak
Categorías : Tiraka |
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


Kaixo Tirakako kide eta jarraitzaileok:
Jakes Goikoetxea naiz, Tirakari buruzko erreportajea idatzi duen BERRIA egunkariko kazetaria.
Barkamena eskatu behar diet Tirakako ordezkariei, elkarrizketa moduan argitaratzea hitzartu genuena erreportaje moduan argitaratzeagatik. Elkarrizketa moduan argitaratu beharreko testua zehaztu genuen eta orria prest zegoen. Berez, Tirakari, taldeari, egindako elkarrizketa bezala argitaratu behar nuen; baina azken orduan formatoa aldatzekoa agindu zidaten, ezin zelako talde bati egindako elkarrizketa moduan argitaratu. Horregatik elkarrizketa erreportaje bihurtu nuen eta elkarrizketan sartu behar zuten hainbat zati —erantzunen testuinguruak batez ere— kanpoan geratu ziren. Eta emaitza ez da berdina. Neronek ere badakit.
Horregatik idatzi dut mezu hau, barkamena eskatzeko eta gertatutakoa zehazteko.
Eskerrik asko Tirakako kideoi nirekin izan duzuen jarrerarengatik, animo, eta segi lanean.