Trantsizio aldiaren amaiera
egorospe 2007-06-11 @ 12:06
Euskarak aurrera egingo badu Administrazioaz besteko agenteen eraginez edo presioz beharko du izan, halabeharrez. Hori horrela da, baina dirua eta neurriak hartzeko ahalmena Administrazioak du. Hortaz, bien arteko jardunak uztartu behar ditugu. Orain arte uste izan dugu nahikoa zela gure umeak ikastolara bidaltzea, haiek euskalduntzeko. Ilusio hutsa. Pentsatu izan dugu funtzionarioei HEak ateratzeko aukera emanez gero, Administrazioa berez euskaldunduko zela. Ilusio hutsa. Duela hogeita bost urte iruditzen zitzaigun erdarazko testuak itzulpenaren bidez jarrita Administrazioko testugintza, aurreko bi urrats horien eraginez-edo, berez etorriko zela sormenera. Ilusio hutsa.
Errealitatearen gordina dugu begien bistan. Konturatu gara D ereduak ez dituela haurrak euskalduntzen, eta neurriak hartzen ari dira. Profilak ateratzeak ez du ekarri euskararik Administraziora, eta erabilerara jotzea nahitaezkotzat jotzen da. Eta hogeita bost urte itzulpenean oinarrituta, urgentziazkoa da euskaraz sortzen hastea. Nola, baina? Funtsezkoa iruditzen zait euskararen arloan dihardutenek gai honen inguruabarrak helduta eta hausnartuta edukitzea. Momentuz hori ez da horrela. Lehen premisak argiak izan behar du: ez dago bide honetatik jarraitzerik. Haustura behar dugu edo, gogortxoa irizten badiozue berbari, esan dezagun eraldaketa behar dugula. Eseri egin beharko dute, gaur bihar baino hobeto, Jaurlaritzan eta gainerako administrazioetan euskararen ardura daramatenek: IVAP, HPS, Hezkuntza Saila, Euskara Zerbitzuak, itzultzaileak, normalizatzaileak eta Administrazioko gainerako teknikari, administrari eta laguntzaileak. Eman dezatela euren iritzia. Arazo latza dugu, ordea: nork egingo du bere ekimena? Irudipena dut aipatu administrazio-atal horiek muzin egingo diotela planteamendu honi, argi baitaukate horrek lana, konpromisoa eta ekin beharra dakarrela. Askoz erosoagoa da betiko horretan irautea. Nik jarriko dut ardura: Hizkuntza Politikari dagokio lehen urratsa ematea, ekimena abian jartzea. HPSk Kultura Sailean txertatuta ez lukeela egon behar, geroz nabarmenagoa da. Edozein modutan, txokotxo horretan dagoela ere, berak heldu behar dio gaiari. Nik HPSri proposatzen diodana da goiko paragrafoetan aipatu kontuei buruzko hausnarketa-aldia irekitzea ahalik lasterren. Antola ditzala jardunaldi batzuk lehenbailehen, zeinetan aztertuko baita zer aldatu, nondik ekin, nora jo eta zer egokitu. Hogeita bost urteko trantsizioa amaitutzat eman behar da. Ez da nahikoa neurritxoak hartzea. Hausnarketa sakona egin eta baliabideak (dirua eta pertsonala) jarri behar dira -edo daudenak berbideratu-, garaiak behar duen paradigma berria martxan jartzeko.
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


Batzuetan ematen du erakunde horiek guztiak herdoilak jota daudela (gaudela); makinaria itzel bat elikatu dugu, batzuetan ondo erantzun duena, eta beste batzuetan agian ez, baina orain makinaria bera bihurtu da helburu, eta ez bitarteko.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hiru zuzendaritza ditu: Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Koordinaziorako Zuzendaritza eta Herri Administrazioetan Euskara Normalizatzeko Zuzendaritza. IVAPek Euskarako Zuzendariordetza bat du, eta horren mendean Euskalduntze Zerbitzua eta Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala. Hezkuntza Sailak ere bere Euskara Zerbitzua du. Jaurlaritzan euskaltzainak ditugu, soziolinguista finak, jende prestua... eta, hala ere, inertziak garaitzen gaitu. Eta egia da, egokitzapen puntualak baino gehiago, aldaketa ausartak behar dira.