Niri euskara hutsez, mesedez (II)
martinrezola 2007-05-25 @ 10:23
Mundu osoan normaltzat jotzen dena hemengo toki batzuetan euskararentzat eskatzea muturreko baztertzailea izatea da. Baina, haurrek bezala, hizkuntzek ere ikasi behar dute beregain izaten, gurasoen eskutik joan gabe ibiltzen, beren bidea eta aukerak bakarrik mamitzen. Hizkuntza guztiek behar dituzte beren espazio hegemonikoak.
Badakit hori esatea ez dela politikoki zuzena, ezta Azkuna bezalako "abertzale" batzuentzat ere (bide batez, nork egingo dio Alderdian belarritik tira alkateari, kanpoan beste batzuek egin dioten bezala?)
Administrazioa itsututa dago dena elebidun agertu beharrarekin, eta zenbaitetan ez luke hala izan behar. Adibide batzuk:
- Legebiltzarrean, kide batek galdera egin dio, euskara hutsez, sailburu bati, euskararekin loturiko gai baten inguruan. Sailburuak euskaraz prestatu du erantzuna, baina Legebiltzarrera bidali aurretik gaztelaniara itzultzera bidali du. (Lastima: gutxiagatik, baina prozedurak ezin izan du ibilbide osoa euskaraz egin.)
- Gobernu Kontseilura bidaltzen diren gai batzuk, hizkuntzarekin zerikusia dutenak alegia, euskaraz sortu eta tramitatu dira. Bada, bilkuretara bidali baino lehen gaztelaniara pasatzen dira, “bertako guztiek uler ditzaten”.
- Administrazioan egiten diren hainbat bilera, gaztelaniaz burutu arren, beti dute akta euskaratu beharra. Norentzat?, diot nik.
- Gaztelania hutsez eskaintzen diren ikastaroei buruzko informazioa (edukiak eta abar) euskaratu egiten dira automatikoki. Norentzat?
Eta abar. Nik uste dut badela garaia euskarari bere “adin nagusitasuna” aitortzeko, bere bidea bakarrik egin dezan uzteko. Gorospek dioen moduan, ez da zertan den-dena itzuli behar, hori geure kalterako da. Areago esango nuke: gaur egun posible al da, batzuetan, gaztelaniaren alde eginez euskararen alde egitea? Bai.
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

