Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Itzulpenen gehiegikeria

egorospe 2007-04-18 @ 18:20

Ez da berria gaia, lehendik ere koska egin baitiogu. Itzulpen-gertaera batekin hasiko natzaizue:

1.- Lakuako Sail batek 16 orriko urgentziazko itzulpena du eskuetan (gaztelaniatik euskararakoa, jakina!).
2.- Boletinera deitzen dute, ia noizko itzuli eta argitara daitekeen galdetuz.
3.- Ematen zaien epeari luze iritzita, kanpoko enpresa bati bidaltzen diote itzulpen-lana.
4.- Itzulpena 600 €tan egiten dute.
5.- Itzulpena Boletinera dator eta, ona ez denez, itzultzaile batek egokitzeko ahaleginak egin eta gero, berriro Sailera bueltatzen da beraiek konpon dezaten.
6.- Sailekoek beste itzulpen enpresa batera bidaltzen dute euskarazko bertsio berri bat egin dezaten.
7.- Boletinean azken testu hori eskuratu eta, begiratu ere egin gabe (badezpada), argitaratu egiten da.

Zertan ari gara?


Ez diñot ezer itzulpen onaz edo txarraz. Gure testuek ere zabarretik gehiago izango dute, seguruenik, onetik baino. Ez dudarik egin horretan. Ez da hori. Nola liteke 1000 € inguru gastatzea, alferrik ematea edo xahutzea ia inork irakurriko ez duen testu batean? Horri erantzun behar zaio. Zertan ari gara? Urteak behar izan ditugu konturatzeko euskararen ezagutza-portzentajeekin agintariek puztutako datuak iruzur antzeko zeozer izan direla, ondo baino hobeto ikusi baitugu erabiltzen ez den hizkuntza, nahiz mundu guztiak jakin, galdu egiten dela.

Bada garaia beste arlo batzuk ere azter ditzagun ikuspegi beretik, konplexu barik. Itzulpenak ere badu lekurik hausnarketa horretan, esan baitaiteke, nahasteko beldur barik, dena itzultzeak ez dakarkigula ezer, itxurakeri hutsetik hara; mila bider hobe dela 10 itzuli beharrean 1 sortzea; diruak itzulpenetan xahutzen dihardugula eta, sortzen erabilez gero, inbertitu egingo genukeela.

Zeregin hau agintarien, karguen edo euskaratik bizi garenon esku utziz gero, azken hogei urteotako moduan, beste horrenbestean iraungo du bere horretan. Konfidantza gehiago dut beste batzuengan; hortik jaten ez dutenengan; lanerako euskararik (nahitaez) behar ez, baina kontzientzia dutenengan. Ez dakit, agian denon artean zerbait lor dezakegu; epea laburrera ez bada, erdira; ez, ahal bada, luzera, ordurako zertaz jardun ez baitugu izango.

Galdera zehatzak egin behar ditugu itzulpenaren inguruan:

- Zergatik itzuli behar da dena?
- Zenbat diru erabiltzen dugu itzulpenetan?
- Itzulitako zenbat testu irakurtzen dira?
- Egin al du norbaitek benetan itzultzea merezi duten testuen zerrenda, garrantziaren hurrenkeran?
- Hausnartu eta aztertu al dira Administrazioan testuak euskaraz sortzeak duten garrantzia eta eragina?
- Eta galdera gehiago, zuek nahi adina.

Guzti horri egin behar zaio aurre. Aurten bada hobeto, datorren urtean baino.

Categorías : Itzulpena |
Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Erantzunak(2) »

  1. Martin — 1999-11-30 - 00:00:00 GMT 1 Hausnarketan ideia bakarra ibili duk gogoan, Eusebio: zergatik dena itzuli? Eta bota dituan galdera guztiak horren inguruan izan dituk. Nire ustean, ordea, hor beste puntu garrantzitsu bat falta duk, jarri duan adibideak ederki erakusten duena, gainera: zergatik itzulpena hain modu kaxkarrean planteatu, beti berandu eta presaka? Esan nahi diat, beharbada, dokumentu horrek, benetan, merezi duela euskaraz ere eskuragarri egotea, baina ez nolanahiko euskaran.

    Artxiboen Legea, adibidez, euskarara itzuli behar da? Bai ala ez? Erantzuna ezezkoa bada, kitto, akabo arazoak. (Kontuz, hala ere, horrelakoetan geu garelako lehenengoak euskara baztertzen dela protesta egiten dugunak.) Itzuli behar bada (eta nire ustez itzuli behar da), zein baldintzatan bideratzen da prozedura guztia? Hasierako zirriborrotik, aurreproiektua, alegazioa eta abar, behin betiko testura irtsi arte, zein tratamendu ematen zaio euskarari? Beno erantzuna badakizue, gutxi gorabehera Eusebiok kontatzen duen kasuarena bera.

    Izan ere, inork irakurtzen ez dituen testuak sortzen baditugu, horren arrazoia da, neurri handi batean, itzulpen-lana baldintza txarretan egiten delako. Eta niri eztabaida hori ere asko interesatzen zait. Gainerakoan, ados nago Eusebiorekin.
  2. Garruze — 1999-11-30 - 00:00:00 GMT 1 Nire ustez,itzulpen politika falta da. Ez dago inolako irizpiderik honen inguruan eta ez zaio behar bezalako garrantzia ematen gaiari.

    Itzulpen gaian, berriro ere, transbertsalitatearen ezaugarria azaltzen da eta nahitaezkoa da buru bakar batek Sail guztiei irizpide argi batzuk ezartzea.

    Irizpide horiek agian ez dute berdinak izan behar kasu guztietan, baina buru batek kudeatu beharko lituzke egon daitezkeen ezberdintasunak.

    Itzulpenetik korredakzioara pasa behar dugu eta lehentasuna arauek dute. Arauak ondo euskaratuta badaude, arau horien aplikazioan egiten diren gainontzeko idazkiek ondo egoteko aukera handiagoak dute.

    Gai honetan, beste batzuetan bezala ezinbesteko da politikariek araugintza eta euskara uztartzeko erabaki argi eta sendoa hartzea.

    Bestela alperrik arituko gara. Nire ustez,zuek aipatzen dituzuenak, huts horren ondorio zuzenak dira.

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>