Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

EUSKADI LITERATURA SARIAK: IRUZURRAREN ITZAL LUZEA

joseluelexpuru 2007-02-22 @ 15:16

Gure euskal unibertso txiki honetan gehienok elkar ezagutzen dugu. Zer esanik ez, euskal literaturaz ari bagara. Euskal sistema literarioan irakurleak urriak izaten dira eta, hortaz, sariek sekulako garrantzia hartzen dute, askotan bizirauteko posibilitate ekonomikoa sarietan baitago. Idazleen biziraupena ez ezik, argitaletxeena ere jokoan dago. Euskadi literatura sariak dira, arlo honetan, ospe handienetakoak eta diruz hornituenak. Argiako urtekarian, baina, plazaratutako iritzi artikulu batek, Jon Alonsorenak zehazkiago, katramilaren sua piztu du Euskadi Literatura Sarien gainean eta hautsak harrotu ditu euskalgintzan. Iruñeko idazleak salatu du sari horietan beste zerbait epaitzen dela eta duela hiru urte epaimahaikide izan zenean bozketaren zenbait irregulartasun ikusi zuela.

Antza, Euskadi Saria lortzeak etorkizunean beste ate batzuk irekitzen dizkio idazleari eta hainbat lanetarako sarrera bihurtzen da. Era berean, sarrera hori ukatuko zaie gainontzeko idazleei. Euskadi Sarien egiten diren (edo ziren) txikizioak omenka ezagutzen ziren, baina Jon Alonsoren salaketak gehienek susmatzen zutena ziurtatu du, alegia, sarien banaketa prozesua iruzurrez beterik zegoela.

Bere esanetan, duela hiru urte itzulpen sariko epaimahaikide izateko aukera izan zuen. Epaimahaikideak bost ziren eta Lakuako Kultura Saileko funtzionario bat idazkari lanetan aritu omen zen. Lehen galbahea pasatu zuten liburuak ia azalen kolorearen arabera aukeratu ziren, hots, urteko produkzio osoaren zati handi bat hasieratik baztertu zuten epaimahaikideek, idazkariak bideratutako urratsak jarraituz, liburu horiek irakurri ere egin gabe, kanpoko ezaugarriei erreparatuta: generoa, itzultzailearen izena, argitaletxea… Hurrengo bileran, epaimahaikideez aparte Kultura Saileko beste funtzionario bat gehitu zen inolako azalpenik eman gabe. Funtzionario horrek bozketaren kontaketa bere gain hartu zuen, eta itzultzaile famatu baten liburuaren aldeko botoak oker kontatu zituen, modu susmagarrian. Epaimahaia erabat aztoratu zen itzultzaile famatuari nork eman zizkion botoak galdezka. Kontaketa berriro egin zen eta boto kontaketa iruzurra zela agerian geratu zen: itzultzaile famatua kanpoan geratu behar zela begi-bistakoa zen.

Jarrera horrek egiaztatzen du Eusko Jaurlaritzak aldez aurretik baduela sariak irabazteko hautagaia. Aldi berean, Jaurlaritzak inoiz ez diola emango Euskadi Saria itzultzaile kritiko bati edota argitaletxe pribatu bati argi du artikulugileak. Are gehiago, Alonsoren iritziz, idazle atzerriratuek eta gazteak ez direnek ez dute inolako aukerarik sariak erdiesteko. Alonsok azaldu duenez, asko dira baztertuak eta ez irizpide literarioengatik. Azken buruan, administrazioak indar itzela du eta hamaika bide ditu zer nahi duen aditzera emateko. EAEn kulturan agintzen duenak nork irabaziko dituen sariak erabakitzen du. Hartara, idazleak eta literatura bere osotasunean makurtzea lortzen du.

Bestalde, idazlearentzat sari horiek publikoarengana iristeko bidea, dirua eskuratzeko eta prestigioa hartzeko aukera dira. Idazleek joko hori onartzen badute, berandu baino lehen eskuratuko dute onuraren bat, hau da, administrazioarekiko morrontza handiegia da. Baina planto egiten badute, inoiz ez dute saririk lortuko, ezta batzuetan libururik argitaratuko ere. Literatura alorrean ezinbestean onartu beharra dago ustelkeria hedaturik dela. Asteburu honetan idazle talde batek “Utikan Euskadi Sariak” mugimendua gauzatu du. Sinatzaile guztiek uko egin diote Euskadi literatura sarietan parte hartzeari, hala lehiakide nola epaimahaikide. Manifestu honekin bat egin dutenak Jon Alonso, Koldo Izagirre, Txillardegi, Edorta Jiménez eta Xavier Mendiguren dira, besteak beste.

Jon Alonsori, dena dela, literatura talde baten alde jardutea lepora dakioke. “Utikan” taldekideei erraz lepora lekieke beren gustuko idazleak edota eurak ez dituztelako saritzen egiten dutela furrust. Irizpideak, jakina, subjektiboak dira. Alonso bera, nonbait, behin baino gehiagotan aurkeztu izan da literatura sari horietara eta inoiz ez du saririk lortu. Bai, ordea, beste idazle ospetsu batzuek, esaterako, Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Iban Zaldua, Patxi Zubizarreta, Ramon Saizarbitoria, Felipe Juaristi, Itxaro Borda, Harkaitz Cano eta beste hainbestek. Nor ausartuko da saria merezi ez duen bakarra ere badagoela esatera? Euskal literatura taldeka antolatuta dago, neurri handi batean argitaletxeka. Sari horien inguruan argitaletxeen artean eduki beharreko oreka nagusitzen joan da, egileen edo liburuen kalitatea baino gehiago. Sarien gainean interes asko korapilatzen dira, eta iruzurra ez dagokio administrazioari bakarrik. Alonsok eta beste batzuek ihardespena behar dute. Zilegizkoa da.


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>