Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Galdetegia

berrotza 2007-01-05 @ 10:17

Tirakak egindako "galdetegiaren":http://es.geocities.com/elezkano/Galdetegiegokituak.doc erantzunak Jaurlaritzako euskararen egoeraren ideia orokorra izateko asmotan bost arlotan laburdu ditut.


Orain artekoa

Euskara ez da asko erabiltzen, %20 gutxi gora behera (1), puntuak edo merituak ematen duen gauza bat baino ez da (1), bigarren mailako hizkuntza da (2), euskaraz egin beharrekoak zehaztuta eduki beharko genituzke (2), ez dut inongo eboluziorik nabaritu (3), eguneroko zereginetan ez da euskararik erabiltzen (3), itzulpen-lana areagotu da (5), hizkuntza-eskakizunetan oinarritutako plangintzak aspaldi jo zuen goia eta ez da jakin urrats berriak asmatzen (5), euskara administrazioan normalizatzeko tentsioa langile batzuen gain ezarri da eta, ondorioz, aurrerapen handirik gabe jende asko erre da (5), beti da lehen hizkuntza gaztelania (6), euskara gaztelaniaren menpe dago (6), ez dago gogo handirik (7), zenbat gauza hobetu dira, ahozko komunikazioan nabarmena da (7), euskaldun gehiago dago (7), kexak toki guztietan entzuten dira (baimenik ez duela ematen harako ikastaro hura egiteko, ezin dela lanpostu batera aurkeztu “por el euskera”, eta abar) (7), ez dut ikusi eboluzio handirik, gauzak berdintsu daude (8), dokumentuak euskaraz sortzen ditut eta ondoren itzuli beharrezkoa bada, nire denbora eta buruaren aurka doa (9), ez dut uste aurrera egin dugunik (10), prestigioan eta motibazioan aurrera egin beharrean, atzera goaz (10), administrazioak langileen prestakuntzan egindako ahaleginari ez dio behar besteko etekinik atera eta horrela, hizkuntza eskakizuna, … bitarteko tresna izatetik, helburu izatera pasatu da (10), Jaurlaritzak lorpen kaskar hori, bere hizkuntza politikaren lorpen nagusi gisa saldu nahi digu (10), aurrerapen gutxi esango nuke, apustu pertsonalak dira (11), idatzizkoan goitik etorri behar da euskara erabiltzeko “dekretazoa” (12), dena itzuliz konpontzen da (12), itxurakeria hutsean geratzen da (12), euskara ikasteko gogoz ikusten dut (13), lankideek euskaraz lan egitea nahi ez dutenen jarrera dago (13), ez da asko erabiltzen, %20 g.g.b. (14), ez da ikusten komunikatzeko eta praktikatzeko hizkuntza bat bezala, baizik eta puntuak edo merituak ematen duen gauza bat baino ez da, Motibazioa falta da (14), ez dut aldaketarik sumatzen (15), balantzea ezkorra da (17), helburua ez da izan langileek euskara jakitea, eta erabiltzea, baizik eta lanpostu jakin eta estrategiko batzuen langileen euskararen ezagutza bermatzea, eta horren bitartez administrazioak euskararekin daukan jarrera makillatzea (17).


Jarrera

Arduradunek ez dute asko egiten euskara bultzatzeko (1), Eusko J. egin duen lana oso makala da eta ez dago benetako borondaterik (1), ez gaude kontzientziatuak (1) ez da euskaraz egiten; ez dakitelako, ohitura faltagatik edo inertziarengatik (2), oso ondo hitz egiten ez duten askori lotsa ematen die (2), alperra da (3) inguruko gehienek ez dakitenean ez da erraza euskaraz egiteko giroa sortzea (3), kontzientzia teorikoa badago, baina praktikan gutxiago erakusten da (3), gero eta amorratuta nago (4), lankideak, beno, batzuk nire ustetakoan dira, baina besteak... (4) arduradunek ez dute nahi ezta entzun ere horretaz (4), lantaldearena, oso aldekoa eta ia militantea da, agintariena, gutxienekoak betetzekoa, beren ustez ona, baina ez aktiboa (5), ez gaude kontzientziatuak (6), lankideen artean denetatik dago (7), zelan ikastolan eta unibertsitatean ikasketa guztiak euskaraz egin dituzten pertsonek beldurra dioten euskaraz idazteari? (7), arduradunarena (zuzendaria, alegia) arduragabekeria hutsa da (7), Ez gaude kontzientziatuak, “Elite” bat dago guztiz kontzientziatuta (7), lana bi aldiz egitea da (7), euskara itxurak gordetzeko erabiltzen da, berdin du, edo ez du garrantzi handirik, zein den euskarazko testuen kalitatea, garrantzitsuena zera da: euskarazko zutabe hori bertan egotea, inork euskaltzaleak ez garela esan ez dezan (8), euskaldunak izan arren, dokumentuak erdaraz bakarrik sortzen dituzte lege hizkuntza erdaraz bakarrik lantzen dutelako (9), Batzuk etsiturik daude, hizkuntza ikasteko ahalegin handia egin ondoren, ez dutelako lanlekuan baliabide egokirik ikasitakoa praktikan jartzeko (10), motibazioa gero eta eskasagoa da, eta askotxo dira hizkuntza eskakizuna egiaztatu ondoren, euskararik gabeko atsedena hartzen dutenak (10), ez dit inork derrigortzen, dena gazteleraz egingo banu ere ez litzateke ezer pasako (11), nere sentsazioa da beti borrokan jardun behar dugula (11), euskararen egoera eskasa dela uste dut (12), zail egiten dela zure lanak alboratu eta besteri heltzea, baina badago horretarako interesa duen jendea (13), arduradunen jarrera itxura hutsekoa da, guztiz formala (13), arduradunek ez dute asko egiten euskara bultzatzeko (14), teknikoek aparteko erantzunkizuna dugula honetan, ze azken batean administrari eta laguntzaileak testuak eta mekanizatzerakoan berdin zaie zein hizkuntzatan dagoen (15), gure jarrera oso aktiboa da; askotan gure zuzendaritzaren aurretik goaz (16), gai hau ezin dela bideratu kontzientzatuak gauden ala ez horren arabera; borondateak epe bat dauka eta euskara aurrera ateratzeko beste neurri batzuk hartu behar dira goi-goitik, zuzendaritzatik, alegia (16), lanpostu gehienetan euskararen alde egin den guztia langileen borondatez izan da, eta horrela zama guztia langile batzuen gainean pilatu da (17), helburua ez da administrazio osoan euskara erabiltzea, baizik eta leku jakin batzuetan erabiltzea, lanpostu jakin eta estrategiko batzuk ondo aukeratu ondoren administrazioaren egoera orokorra makillatzeko (17).


Zer egin?

Motibazioa behar da, baina “etekinak” kontuan hartu gabe. (perfilak, merituak e.a…) (1), euskarazko eskoletara joateko orduan, irizpideak berdinak izan beharko lirateke langile guztientzat (1), euskara ez erabiltzearen arrazoiak aztertu beharra dago (2), ohitura falta eta inertzia ditugu; eta bestetik, lotsa eta konplexua hitz egiteko orduan dira etsairik handienak (2), hizkuntza eskakizunaren sistemak huts egin du, garrantzi handiegia ematen zaio azterketari (2), gainera, zorrotzegia izaten da zuzentasun gramatikalarekin, komunikazio maila ere kontuan hartzekoa da (2), gogorik ez dugunean denak dira baldintza gaindiezinak (4), baliabideak jarri behar dituztenek ez dutela hori egin nahi (4), zenbait lan euskaraz eginaraziz eta baliabide egokiak eskuratuz (5), nagusiengan ikusten ez bada aldeko jarrera garbi bat, ez dugu ezer lortuko (6), gutxieneko batzuk bete behar dira, eskutitzak, mezu elektronikoak eta argitarapenak bi hizkuntzetan idatzi behar dira (7), itzultzaile izatetik laguntzaile izatera pasatu behar dugu batzuek (7), jendeari erakutsi behar zaio ikasi duen apur hori baliagarria dela euskaraz komunikatzeko (7), %100 euskaldun (elebidun) diren guneak sortu ezean, ezin da erabilera bermatu (8), lan-hizkuntza bakarra euskara izan behar da, dekretuz, gaztelania zerbitzu-hizkuntza baino ez litzateke (8), motibazio eraginkor bakarra derrigortzea da (8), behar bada gogorregia da, baina derrigortuta izan behar da (11), lehen hitza beti euskaraz eman (12), beharra sortu behar da (13), motibazioa behar da, baina “etekinak” kontutan hartu gabe. (perfilak, merituak e.a…) (14), lan eremuak halako sakralizazio-kutsu bat du hainbatentzat, edozein lanetan, euskaldun askok oraindik pentsatzen du lan kontuetaz eta jarduteko erderaz hobeto moldatzen dela (15), Jaurlaritzak sailburuei eta goi-kargudunei gehiago eskatu beharko lieke (15), euskara gehiago baloratzea (15), konstantzia eta ekimena (16), sari batekin eta beste askotan zigorra jarrita, horrela jokatzen du administrazioak, baina euskararekin berriz oso txepel (16), politikoek euskara jakiteaz gain, beharrezkoa da euskararen alde agertzea eta lan egitea (17), langileok dakigun neurrian erabiltzea, norberak bere mailan, kalitatea hurrengo urratsa izango da (17), dirua eta baliabideak jarriko nituzke erabilera bultzatzeko ekintzetan, eta ez ikerketetan, inkestetan, kanpoko enpresei emandako txostenetan (17)

Nola deskribatuko zenuke Jaurlaritzako hizkuntz egoera?

Euskalduntze prozesua oso arina izan den arren, beste batzuetan euskara zer edo zer anekdotiko baino ez da, euskalduntze sistema bateratu bat gauzatu beharko litzateke, euskarazko eskoletara joateko orduan, irizpideak berdinak izan beharko lirateke langile guztientzat (2), erabilerari buruz, gaizki, HPSren planetik joko behar da (3), egoera gero eta txarragoa da, lehen, ilusio handiagoa zegoen, baina ezer egiten ez den neurrian, langile euskaldunak gero eta eszeptikoak bihurtuko gara (4), kargudunen inplikazioa, plangintza eta langileon ahalegina (5), Jaurlaritzako hizkuntz egoera penagarria da (6), garrantzia duen bakarra Hizkuntza eskakizuna betetzea da., hortik gerokoak ez die axola hemengo nagusiei (6), Egoera ez da oso txarra, baina hobetu daiteke (7), euskara puntuak lortzeko erabili da, baina ez lan hizkuntza gisa (7), langileei dagokienez, badirudi erabaki mingarriak hartu direla ikastaroei dagokienez (baimena batzuei bai eta besteei ez, esate baterako) eta horiek guztiek kontra jartzen dute langilea, ikasteko eta erabiltzeko aukerak orokortu behar dira (7), elebitasun faltsu batean gaude, dena itzulpenetan oinarritzen delako (8), aurrera egiteko modu bakarra, sail batzuetan lan hizkuntza bakartzat euskara ezartzea litzateke, eta gaztelania, itzulpenen bidez, zerbitzu hizkuntza izatea (beste sailetan alderantzizkoa litzateke egoera) (8), badakigu derrigortasunak ez dakarrela motibazioa, baina bakoitzaren iritzi eta printzipioen arabera lan egiteak ere ez digu emaitza ona eman (9), administrazioa ohartu da ,kostata izan bada ere, erabilerari ekiteko beharraz eta erabilera aldarrikatzen du orain (10), euskara lan-hizkuntza izatera iritsiko bada, estrategiak definitu eta garatu egin behar direla esateaz gain, laguntza eta baliabideak jartzea ezinbestekoa da (10), erabilera sustatu nahi baldin bada, ezin da errepikatu hizkuntza eskakizunekin egindakoa: ahalik eta lanpostu gehienetan ezarri eta kitto (10), sail bakoitzean zuzendaritza eta atal egokiak aukeratu behar dira eta bertan bermatu erabilera (10), oso neurri epelak hartzen ari direla (11), gertatzen dena da lanerako inork ez duela exijitzen (12), Jaurlaritzaren hizkuntza egoera “fatxada” hutsa da, dena perfiletan oinarrituta dago, horrela ez da euskara bultzatzen, beharrezkoa da benetan erabiltzen hastea (14), perfila daukazunean badirudi lana eginda daukazula, nahiago dut perfila ez edukitzea eta euskara erabili, PL4 edukitzea eta ez erabiltzea baino (14)

Tiraka

Positiboa (1), presioa egiten du (2), kexak jasotzeko bilgunea ere bihurtu da, idazkiek haserre kutsu oso nabaria dute (2), tonu positiboan idazten ere saiatu beharko genuke (2), ez dut oso argi ikusten bere papera (3), egokia da (5), zentzua badu, noski, Jaurlaritzaren akuilua izateko, behintzat (6), Badu zentzurik, jakina, halako Krispin Kilker bat beharrezkoa da administrazioaren eta langileen alferkeriak eta utzikeriak astintzeko (7), ezkorra naiz, ez dut uste bide horretatik egungo egoera asko aldatuko denik (8), zentzua du (9, 11, 12), garrantzitsua da (13), zentzua du (14), Ondo (15, 16), zentzua talde iritzi kritikoa izatean datza (17), Beste talde batzuei gertatzen zaien bezala, Tiraka ere botereak erabitzeko arriskua sumatzen dut, proiektuen helburuak eta lortu beharko ditugun emaitzak (etabar) markatuta ez daukagunez, hizkuntzaren egoeraren gainean zeredozer lortuta ere beti aurrerapena irudituko zaigunez, Tiraka beti iadministrazioaren egitearen mende izango da (17).


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>