Topagunetxo bakartia
Halako batez Topagunetxo jaio zen. Ez zegoen jakiterik nolako harrera egingo zioten inguruko herriek, beldurrez-edo uste baitzuten eurek mendeetan eskuratutako boterea kendu ere egingo ziela jaoiberri arrotzak. Mundu guztiak eman zion ongi etorria, denek eskua. Bakarra zela-eta ez zioten inportantziarik eman. Ez zegoen arduratu beharrik. Topagunetxo apurka apurka bere bidea egiten hasi zen. Lehenengo ikasketak egiteko HPSlandiara joan zen, han ongi hartuko zutelakoan. Eta halaxe izan zen. Espediente onarekin iritsi zen Unibertsitatera. Villa-Cenarruzako fakultatea aukeratu zuen. Hemen hasi ziren arazoak Topagunetxorentzat.
Harrera Batzordearen aurrean agertu behar izan zuen, non modu gardenean adierazi baitzioten agindu zehatzak zituztela arrotzak aurrera egin ez zezan, ez bazen zenbait aldaketa sakon eginda eta unibertsitate horretarako izaerari guztiz egokituta. Beldur ziren, hurrean, bati pasoa emanez gero zamaldan etorriko zitzaizkiela milaka Topagunetxo; eta horrek eurak aldatzera eta egokitzera behartu zitzakeen. Ez zuten hori, inolaz ere onartuko.
Topagunetxok ez zeukan beste aukerarik, karrera ikasi nahi bazuen. Izanaz eta izenez ere aldatu zen. Lugardencuentro izena jarri zioten eta, aurrerantzean, edonora zihoala, nahitaez behar zuen alboan zaintzaile Castellanus. Damututa ere bazegoen ordurako Topagunetxo hasieratik izaera egokitua ez izateaz, arazorik gabe egin baizezakeen aurerra, buruhauste gutxigagoz. Konturatzen zen, ordea, bere kasua erabiliko zutela Villa-Cenarruzako agintariek bere tentazio bera izan zezaketen guztiak kokildu eta izutzeko. Ez zebilen bide okerretik. Ingurukoek diote ez dela izana eta izena egokituta ekarri ez dituen arrotz gehiagorik agertu Villa-Cenarruzan.

Zabaldu
del.icio.us