Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

MEUNIÈRE ETA PIKILLOA

martinrezola 2006-10-19 @ 16:38



Duela gutxi bota du Pako Aristik Berrian «Kultura 'meniere' erara» izeneko artikulu zirikatzailea. Beregan ohi denez, ez zaio ozpina eta etsipena falta, harako iragarkian bezala, “luxuaren aurka, hiperkapitalismoaren aurka, oporretarako etxeen aurka, kirol berri eta sofistikatuen aurka, auto latzen aurka eta nahi duzuen guztiaren aurka” azkon zorrotzak botatzeko

Esaldi batek laburbil dezake mezuaren mamia:
Euskara baliotsua eta miragarria dela aldarrikatzen duten aitorpen solemneen artean lotsaz eta gosez hil liteke euskara bere bizitzako oinarri eta lanbide bihurtu duen mohikanoa.
Handik gutxira Joseba Urzelaik erantzuna Berrian bertan: «Kultura pikillo piperrekin». Gizalegeak eskatzen duenez, hasieran Pakoren hitzak onetsi ondoren («Pako Aristik esandakoak egiatik denok nahiko genukeena baino gehiago duela ukatzen zaila bada ere…»), segituan ekiten dio urrestillarraren idazkiaren kontra, oso epai gupidagabea boteaz:

lerro horietan meniere erara purrustada horiek botatzea benetan gogoeta merkea iruditzen zait, hau da, zenbaitengan etsipen giroa sortzea beste ezer lortuko ez duen akuilu ziztada antzua.

Niri biak gustatzen zaizkit; agian bi ikuspegiek ez dute zertan kontrajarrita egon nahitaez. Eta artikuluok nigan eragindako mikrogogoeta bota nahi nuke hementxe:

Aldez Pakotarragoa sentitzen naiz Josebatarra baino, euskararen inguruko parafernalia guztia epaitzerakoan. Sakrifikazioak sakrifizio, euskararen alde emandako lan-ordu eta izerdi-kilo guztiek hutsa balio dute, ez badute ekartzen emaitza eraginkorrik hizkuntzaren bilakabidean. Aseta nago ikusita euskaltzale erdaldunen artean zenbat lan egiten den euskararen alde, eta zein gutxi euskaraz.

Mohikanoarena egia da. Nik, hala ere, nahiago burbujaren irudia. Halaxe bizi dut nik euskara, halaxe bizi naiz euskaraz, senarra eta seme-alaben burbujan, eta hortik goitik dagoen asteroideren batekin satelite bidez tarteka, eta hortik kanpo erdal itsasoa. Euskara ikasi nuenean paradisua izango zela agindu zidaten, baina hartxintxarrez jositako bidean noa, eztropezuka, nire burbuja ozeanoa jitoan.

Egia da aitorpen hauek antzu samarrak direla eta etsipena zabaltzeko baino ez dutela balio. Baina ez dira horregatik gutxiago egia. Azken batean, zer esango dugu ba, esan nahi genukeen gezur hori, denon onerako komenigarria dena?, ala tripetatik ateratzen zaiguna?


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>