Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Beti bezala, euskarazko komunikabideentzat diru nahikorik ez.

bidegorra 2006-06-02 @ 13:33

Kultura Sailak argitaratu berri ditu euskarazko prentsari emango dizkien diru-laguntzak. Bi ondorio, labur-labur: eskasak eta berantiarrak.

Atzoko Berrian honako hau irakur genezakeen «59.050 euroko hazkundea aurreikusi du euskara hutsezko hedabide idatzientzat aurtengo diru laguntzen deialdian. Hazkundea ez da iristen Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) neurrira ere: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako iazko urte amaierako KPIa aplikatuz gero (%3,7), hazkundeak gutxienez 121.360 eurokoa izan beharko luke, onartutakoaren bikoitza.».



Aurrerago, Juanmari Larrarteri honako hau irakur geniezaiokeen: «Gauza da euskarazko hedabideak sendotzeko deialdiaren %10etik gora erdarazko hedabideak sustatzeko erabili nahi duela Kultura Sailak. Eta errespetu guztiarekin, hau onartezina da.»(Informazioa osoa Berrian duzue.)

Kultura Sailak esan du aurtengo diru laguntzen irizpideak datozen urteei begira berrikusteko asmoa duela. Bada, hausnarketa horretan sakontzeko asmoarekin-edo, horra hor aurten erabili den irizpidearen aurka dudan iritzia.

Niri kezkatzen nauena diru-laguntzak emateko atzean egon den filosofia da: "Euskarazko prentsari haiek eskatutako diru-laguntza eman beharrean, gaztelaniazko prentsari emango dizkiegu diru-laguntzak, haiek irakurle gehiago dutelako eta astean behin gehigarri bat argitaratzeko konpromisoa agertu dutelako".

Asmoa ona dela pentsa dezakezue batzuek: irakurle gehiago izanik, gaur egun euskaraz irakurtzera ohituta ez daudenen euskaldunengana hurbiltzea lor dezakegulako. Alabaina, nire ustez planteamendu hori ez da zuzena, ezta errealista ere.

Euskara bultzatzeko ez dago behar den diru guztia. Hori nabaria da. Euskara bultzatzeko borondatea ere nabaria da (Euskarazko komunikabideetan lan egiten ari direnen ahalegina izugarria izan da azken urteotan). Kultura Saileko arduradun berriengan ere nik borondate hori sumatu dut. Baina dagoen borondatea eta dauden baliabide eskasak bide beretik uztartu behar dira, bestela jai dugu.

Komunikabideetan euskara normalizatzeko xedea duten dirulaguntzek, nire ustez, bi helburu izan beharko lituzkete: lehena, gaur egun euskaraz informazioa jaso nahi duenari -gaurko demandari alegia- kalitatezko informazioa eskaintzea (gaztelaniaz jaso nahi duenak duen modukoa); eta bigarrena, euskaraz informazioa ematen dutenei baldintza egoki eta duinetan eman dezaten laguntzea.

Euskara hutsez jarduten duten enpresa-egitasmoetako langileek zergatik ezin dituzte lansari duinak izan? Euskal prentsen eta oro har komunikabideen bezeroek zergatik ezin dugu besteen moduko informazio osoa eta kalitatezkoa jaso, horrek eskatzen dituen baliabide tekniko guztiekin? Zergatik ezin dugu aste osoan zehar egunkaririk irakurri (goratzen dizuet oraindik ere euskal prentsa irakurtzen dugunok astelehenetan ezin dugula egunkaririk irakurri)?

Baldintza duinak bermatu ezean, euskara inguruko enpresa-egitasmoetan jendeak ez du lan egin nahi izango. Normala da. Kontuan hartu behar da, gaur egun, euskaraz lan egiteak soldata txikoagoez gain, ahalegin eta konpromiso handiagoa eskatzen duela. Hori nolabait orekatu behar da.

Gaztelaniazko prentsak eta komunikabideek oro har, badute finantziazioa nahikoa kalitatezko eskaintza emateko.Batetik, publizitatetik datorkiena dute, eta gogorarazi behar da esparru horretan publizitate instituzionalak berebiziko garrantzia duela, izan ere, zeharka bada ere, irakurle kopuruan oinarrituta Administrazioak gaztelaniazko komunikabide handi horiek finantzatzen ditu; eta bigarrenik, irakurle/ikusle kopuru handiago izanik, salneurrietatik jasotzen dutena ere gehiago da.

Euskara hutsezko prentsa eta komunikabideek oro har, ordea, errealitate soziolinguistiko ezberdinetik abiatu ziren eta, oraindik ere, gaur egun horretan diraute. Irakurle gutxiago, beraz diru-iturri txikiagoak eta irakurle gutxiagoa izateagatik publizitatetik jaso ditzaketen diru iturriak ere eskasagoak. Horregatik besterik ez bada, Administrazioak gehiago lagundu behar die.

Egin dezagun EITB1 eta EITB2rekin gertatzen denarekin analogia. EITB1ek Administrazio publikotik finantziazio handiagoa jasotzen du EITB2k baino (ikus Berria) eta guztiz logikoa iruditzen zaigu, ezta? Bada, euskal prentsan ere gauza bera gertatzen da eta erabiltzen diren irizpideak ere berdinak izan behar dira.

Euskaldunon Egunkaria lehendabizi eta Berriak gero Euskal Herri osoan -eta ez bakarrik euskaldunon artean- prestigio handia lortu du, lan zintzoak sortarazten duena alegia. Administrazioak berak ildo estrategikotzat jo izan du jarduera hori. Lan zintzo horrek denon laguntza eskatzen du eta Administrazioak ardura berezia du horretan, diru publikoa, hau da, besteak beste herritar euskaldunena, kudeatzen duelako.

Zelai



Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Erantzunak(7) »

  1. Anónimo — 2006-02-06 - 13:52:00 GMT 1 Ez dakit arazo teknikoren bat gertatu den, baina mezu honek bi iruzkin zituen lehen, eta orain ez du iruzkinik. Berreskura al daiteke erantzunak?

    Eskerrik asko.
  2. Tiraka — 2006-02-06 - 13:52:00 GMT 1 OHARRA: Barkatu, baina arazo teknikoak direla-eta,post honi egindako erantzunak galdu dira. Eztabaida ez dadin eten, berriro sartzea eskatuko genizueke. Barkatu eragozpenak. TIRAKA
  3. Patxo — 2006-02-06 - 13:52:00 GMT 1 Berria (eta talde berarenak, EKTrenak, diren Hitza-k) diruaz gain, borondateari eta gogoari esker argitaratzen denik dudarik ez dago. Baina ez dira horiei esker argitaratzen diren euskarazko komunikabide bakarrak.
    Txikiagoak izan arren, euren eremuetan oso funtzio garrantzitsua betetzen dutenak edota betetzen zuten komunikabideak ere badaude/ bazeuden.
    Komunikabide horietako zenbait ordezkari oso kexu da Hitzak (Berriak) euren eskualdeetara zabaltzeko erabilitako moduez. Nolabait zapaltzera joan zaizkiela salatzen dute. Komunikabide horiek sustatzen zituzten elkarteen etorkizuna bera ere, oso kolokan jarri dutela salatzen dute.
    Monopolio hitza aipatzen da hitzetik hortzera. Beste hitz batzuk ere bai.

    Berriako langileak eta arduradunak langile porrokatuak direla ez dago ukatzerik. Hala ere Berria, Gara bezain egunkari lerratua da politikoki; Correo eta Diario bezain lerratua, edota Deia bezain lerratua.
    Noski, administrazioak herritar euskaldunon diruak kudeatzen ditu; euskaldun guztiak ez dira, ez gara, alabaina, berriaren ildo politikoaren jarraitzaile.
    Hori ere, arazoa da, eta arazoez ere, zintzo hitz egin behar da.

    Bestalde, Berriako arduradunen eta EAEko administrazio nagusiko buruen arteko higuina eta ezinikusia antologikoak dira.
    Ez batzuek ez besteek ez diote elkarri meriturik onartzen. Guztia da herrena, akatsa, gabezia, erasoa edo zekenkeria...

    Azkenean EAEko administrazio nagusiaren ausardia eta borondate eta ekimen faltak, eta, kasu honetan, berriaren lerrotze partidista nabarmenak eta joera monopolizatzaileak, batak bestea elikatu eta guztioi (euskaldunoi) egiten digute kalte.

    Horrelako joko antzuetara bildu nahi ez dugun euskaldunok ere, badugu ardurarik; badugu zereginik.
  4. Anónimo — 2006-02-06 - 13:52:00 GMT 1 • \"Komunikabide horietako zenbait ordezkari oso kexu da Hitzak (Berriak) euren eskualdeetara zabaltzeko erabilitako moduez. Nolabait zapaltzera joan zaizkiela salatzen dute. Komunikabide horiek sustatzen zituzten elkarteen etorkizuna bera ere, oso kolokan jarri dutela salatzen dute. Monopolio hitza aipatzen da hitzetik hortzera. Beste hitz batzuk ere bai\".
    Horrela idatzita, badirudi kasu guztietan gertatu dela horrela. Nik dakidala bakar batean izan dira tirabirak. Orain artean zazpi Hitza argitaratu dira eta guztietan eskualdeetako eragileekin hitz egin da eskualdeetako eragileekin eta proiektuan parte hartzeko aukera eskaini zaie.
    • \"Noski, administrazioak herritar euskaldunon diruak kudeatzen ditu; euskaldun guztiak ez dira, ez gara, alabaina, berriaren ildo politikoaren jarraitzaile.
    Hori ere, arazoa da, eta arazoez ere, zintzo hitz egin behar da\".
    Logika horri jarraituz, zeini eman behar zaio dirua, euskaldun guztien adostasuna duten ekimenei eta proiektuei bakarrik? Inori ez, alegia.
    • \"Berriaren lerrotze partidista nabarmenak...\"
    Bai, Berriak badu bere ildo ideologiko-politikoa. Ez dut uste, ordea, Euskal Herriko kioskoetan Berria baino egunkari anitzagorik dagoenik.
    • \"joera monopolizatzailea\"
    Zer da joera monopolizatzailea? Urtetik urtera baliabide eskasekin gero eta produktu gehiago eta hobeak egin nahi izatea? Eskualdeetako egunkariak bultzatu nahi izatea?
  5. Patxo — 2006-02-06 - 13:52:00 GMT 1 • Nik dakidala kasu bat baino gehiagotan izan dira tirabirak. Tirabirak baino gehiago ere bai.
    Eta kasurik onenean, ondo diozu, \"Hitzaren proiektuan parte hartzeko aukera eskaini zaie\" lehendik proiektua bazutenei.

    • Esan dudana da horrek ere arazoak eragiten dituela, ez baitago (ez da sortu nik dakidala) bere arerio politikoari subentzioak pozik eta gustura ematen dizkion alderdirik. Hala ere, berriak subentzio potoloa eskuratzen du, ekar dezagun gogora, bidenabar.

    • Badago bai, berria baino egunkari anitzagorik kioskoetan. Ez da gaitza.
    Euskarazkorik ez, zori txarrez bakarra da eta.

    • Jarrera monopolizatzailea da, eskualdeotan lehendik argitaratzen ziren komunikabideak,
    berriak baino azpiegitura eta baliabide askoz urriagoak dituztela aprobetxatuz, eskualde horietan \"desenbarkatzea\", lehendik zeuden komunikabideei eta euskara elkarteei egiten zaien kalteari erreparatu gabe.
  6. Anónimo — 2006-02-06 - 13:52:00 GMT 1 • \"Nik dakidala kasu bat baino gehiagotan izan dira tirabirak. Tirabirak baino gehiago ere bai.
    Eta kasurik onenean, ondo diozu, \"Hitzaren proiektuan parte hartzeko aukera eskaini zaie\" lehendik proiektua bazutenei\".

    Guztiei eskaini zaie proiektuan parte hartzeko aukera. Hitza eta herri aldizkariak osagarriak dira, egungo errealitateak erakusten duenez.

    • \"Esan dudana da horrek ere arazoak eragiten dituela, ez baitago (ez da sortu nik dakidala) bere arerio politikoari subentzioak pozik eta gustura ematen dizkion alderdirik. Hala ere, berriak subentzio potoloa eskuratzen du, ekar dezagun gogora, bidenabar\".

    Berriak subentzio potoloa jasotzen du bai, eta ondo merezita. Azken urteetan izoztuta egon dena, portzierto, eta aspaldiko partez aurten igo dutena. Baina Eusko Jaurlaritzak zigortu egiten du ekimen berriak sortzea: zenbat eta ekimen gehiago, orduan eta diru laguntza gutxiago.

    • \"Badago bai, berria baino egunkari anitzagorik kioskoetan. Ez da gaitza\".
    Izenen bat eman, mesedez.

    • \"Jarrera monopolizatzailea da, eskualdeotan lehendik argitaratzen ziren komunikabideak,
    berriak baino azpiegitura eta baliabide askoz urriagoak dituztela aprobetxatuz, eskualde horietan \"desenbarkatzea\", lehendik zeuden komunikabideei eta euskara elkarteei egiten zaien kalteari erreparatu gabe\".

    Berriak eskualdeetako eragileekin hitz egin du Hitzak sortu aurretik. Batzuetan urteak pasa dituzte proiektua gauzatu aurretik. Eta guztiei eskaini die proiektuan parte hartzeko aukera. Gaur egun elkarlanean ari dira eta eskualde horietan euskarazko egunkaria jasotzen dute.
  7. patxo — 2006-02-06 - 13:52:00 GMT 1 Tira, eztabaidak ematen ez duenean, ez du ematen.
    Egoera batzuk bizitzeko \"zortea\" izan dugunok edo oso gertutik ezagutzeko parada izan dugunok, badugu nahikoa elementu \"Hitza\"-k hedatzeko prozesuan gertatu direnen gainean geure iritzia izateko.

    Ez du merezi ez-baika hastea, merezi ez duen bezala zein baino zein anitzago deman hastea.
    Gertatu direnak hor daude, bidean \"hilotz\" geratu behar izan duen proiekturen bat bezalaxe. Periodikuak ere kioskoetan dauden gisan, nork bere irakurketa egin eta iritzia izateko moduan.

    Era guztietara, hobe luke Administrazio nagusiak bere jokabide batzuk aztertu. Beste horrenbeste berriak eta EKT-k, eta berdin egoera etsigarri horretan eragiteko kapaz ez garen euskaltzaleok ere.

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>