Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Hizkuntza Politikako sailburuorde berriari.

arabatik 2005-10-16 @ 22:58

Baztarrika jauna, ezer baino lehen: ongi etorria! Lanerako kemenaz bazatoz, ez duzu aspertzeko beta larrik izango. Euskara kontuak ere sano dira interpretagarriak. Nola liteke, ostean, batek botila erdi beterik ikustea, eta besteak erdi hutsik? Soka horretan orekari eustea ez da izango erronka erosoa. Erraza izango ez den moduan neurri berean zuhurra eta ausarta izatea. Dena dela: zorte on!

Osorik irakurri


Zuk, ofizioz eta afizioz ere, izango zenuen aukera dexente euskararen egoeraren berri zehatza izateko. Hortaz, politiko moduan adierazpen jakin batzuk egitera behartuta bazaude ere, ez dut zalantza handirik egiten zugan oraindik ere izango den normalkuntza teknikariak beste itxuraz batez begiratuko duela gaia.

Berria egunkariak pasa den irailaren 23an egindako elkarrizketa irakurri nuen. Uste dut Jakes Goikoetxea Berriako kazetariak galdera onak egin zizkizula; egoeraz ondo jabetuta dagoenaren galderak. Erantzunak, normal ere badenez, ez zenituen euskara teknikari gisara eman, politiko modura baino. Egoeraren diagnosia landuta duzula deritzot, baina irtenbideetan ez zenuen busti izan nahi.

Gairik gehienak ukitzen dituzu, Baztarrika, elkarrizketan:

Erdal munduak, salbuespenak salbuespen, euskararen munduak existituko ez balu bezala jokatzen du

Existitzen al du euskararen munduak, Baztarrika? Aitortzen dut errotirizismoz egindako galdera dela. Nik ezagutzen ditudan zenbait arlotan (kalea, administrazioa, politika, irakaskuntza, …) euskara apenas existitzen den. Erdaldunek gu ez aintzat hartzea normala iruditzen zait, neurri handi batean askok euren aurkaritzat ere hartuko gaituztelako. Askoz okerragoa da, ordea, euskal munduak erdal munduak bezala jardutea. Hori bai dela benetan mingarria eta iraingarria.

Lan pedagogiko garrantzitsua egin behar dugu erdaldunekin, zubigintza egin behar dugu erdal munduaren eta euskal munduaren arteko etena areagotu ordez murrizteko

Hitz xarmangarriok zuri baino lehen Igor Elortzari irakurri nizkion Argian. Aurrez aurre dauden bi munduren arteko zubigintzaz jardun zuen harka ere. Gutariko askori gertatzen zaigu, ordea, zubigintza hori etxean bertan egin behar dugula anaia, senar, lehengusu eta lagun erdaldunarekin, baina ez dugula egin, eta egiteko asmo handirik ere ez dugula. Ikaragarri eroso gaude egoera honetan. Bestela balitz aspaldi aldatuta genituen inguruko egoera latzok, nolabait esan.

Abian dauden proiektuei jarraipena emango diegu eta lan ildo berriak ezarri behar badira

Zenbat aldiz ez ote zidan esan nire ama zenak “seme, akabau lelenengo eskuartean dekozune beste zeregin bati ekin aurretik”. Ez dut uste arazoa egitasmo faltarena denik, daudenak ondo bideratzearena baino. Edozein modutan ere, ondo etorriak asmo berriak!!

Egindakoaz harro sentitu behar dugu, ikaragarria delako eta esfortzu handiak eskatu dituelako; baina ezin gaitezke hor geratu

Pentsatu gura dut euskararen egoera orokorraz ari zarela, eta ez HPSk egindakoaz bakarrik. Kultura Sailburuari bidalitako gutun batean adierazten genion, Administrazioari dagokionez behintzat, ez dela pilatzeko garaia, pilatutakoa garatu edo lantzekoa baizik. Aldatu egin behar dira lehentasunak: orain kalitatearen garaia da, jardunarena, erabilerarena.

Hizkuntz politika malgua eta integratzailea egin behar dugu, erritmoa egokituz

Txo, honetan zure zain politikoa nabarmen ageri zaizu. Zure burukide Imazen hitzak dirudite, hori ere egunero ari baita kohesioaz, integrazioaz eta malgutasunaz. Baina zertan izan gara zurrunak?, zertan eta non jokatu dugu bazterkeriaz? noiz eta zelan apurtu ditugu erritmo egokiak? Zuk esana da goratxoago erdaldunek guri bizkarra emanda bizi direla; agian diagnosia adierazpen horretan dago zehatz marratuta.

Gehiegikeriak alboratu behar ditugu, baina deserosotasunak onartzeko gai izan behar dugu

Patologia honek izenen bat izango du soziolinguistikan; giza-munduan, behintzat, badu berea: errudun konplexua. Hortaz: gehiegikerietan jardun izan dugu eta, ordainez, penitentzia-aldia dagokigu.

Adibide bakar bat, Baztarrika:

1.- Duela bi urte nire alabaren klaseko guraso-batzarra egin genuen. Hogeita bost gurasotik bat zegoen euskara ez zekiena (eredu indartua zen), nahiz eta berarekin batera zegoen senarrak bazekien. Hala ere, andereñoak, pertsona horrenganako begirunez edo, galdera egin zigun ia onartuko genukeen bilera gaztelaniaz egitea. Inork ez zuen ezer esan, erradikal eta fundamentalista honek ezetz erantzun zuen arte. Bilera euskaraz egin zen, eta orduz geroztik egundo ez da galdetu nola egin behar den. Segur nago nire ospeak ez zuela asko irabazi jokabide horretan.

Ni behintzat, gehiago azaltzen ez den bitartean gai hau, ez nago konforme.

Jauzi kualitatibo berri bat eman behar dugu

Guztiz konforme. Azaldu behar dena da nondik nora eta nortzuk egin behar duten jauzi hori.

Administrazioan euskararen erabilera bultzatzeak garrantzia handia dauka, Administrazioaren hizkuntza boterearen hizkuntza delako eta boterearen hizkuntza izateak automatikoki hizkuntzaren onespen soziala areagotzen duelako.”

Erabilera, erabilera, erabilera, hara hori hitz-gakoa. Hori da landu behar den bidea; eta ez da datorren urterako utzi behar, aurten hasi behar dugu. Egitasmo berriak lantzen hasten bazarete berriro ere pasako dira lau urte, eta ordurako administrazioko langileen batez besteko adina 50 urtekoa izango da.

Administrazioaren hizkuntza baldin bada boterearena eta horrek onespen soziala ematen badio hizkuntzari, orduan euskara ez da botere hizkuntza eta ez du ezelango onespen sozialik. Eta horren errudunak boterea eskuetan izan dutenak eta gaur bertan ere badutenak dira.

Datozen urteetan horri etekina atera behar diogu: programak abian jarri behar ditugu hizkuntz eskakizuna egiaztatu dutenen lan hizkuntza euskara izan dadin. Hori da funtsezko helburua. Lana euskaraz egiteko gai izan daitezen euskaldundu ditugu eta, beraz, jar ditzagun lana euskaraz egiten. Bestetik, kasu askotan euskaldun berriak dira eta euskara erabiltzen ez badute, euskara herdoildu eta kamustu egingo zaie. Hori sistematizatzen asmatu behar dugu. Ezagutzatik erabilerarako jauzi kualitatiboa eman behar dugu

Paragrafo guztiz borobila, Baztarrika. Guztiz nator bat. Baina beti baitago baina bat ezingo dir ahaztu lehen ere aipatu ditugun datu bi:

- Une honetan Administrazio honetako batez besteko adina 45 urtekoa da. Hortaz, horiekin datozen urteetan egin nahi baduzu lana, ba horixe, baten batzuk aurre-jubilatu ere egingo zaizkizula.

- Askok eta askok duela zenbait urte lortu zuten euren HE. Horietariko gehienek ez dute ezertarako erabili eta, ondorioz, ahaztuxe ere badute euskara. Beraz, horiei beste hiruzpalau ematen badizkiezu, are okerrago.

Jaurlaritzako sail guztiek euskara aintzat hartu behar dute beren jarduerak diseinatzeko eta garatzeko orduan

Horretan, Baztarrika, ez gara inozoak izan behar. Zu Kultura Saileko sailburuorde bat zara. Esaidazu nola azalduko zaren Herrizaingo sailburuaren aurrean esanaz (exijituz, gura baduzu) euskara erabiltzeko plan sendo bat egin behar dutela. Ez dizute jaramonik egingo. Horrek lehendakariaren eta zure Alderdiaren borondate politikoa eskatzen du, eta nola dakusazu hori? Nik ere ezagutzen dut zerbait mundu hori eta esan diezazuket ez duzula bat ere erraz izango. Baina saiatzen bazara gutariko asko zurekin izango gaituzu.

Gure arazo nagusia gehiago da euskara ikasten ari diren funtzionarioentzat euskara erabilgarria izatea eguneroko lanean. Alegia, ahalegina egin badute, euskara lan hizkuntz gisa erabil dezatela. Gure arriskua da jendea euskalduntzea euskaldundu beharra dagoelako, ez euskara erabili behar duelako, naturaltasunez eta normaltasunez.”

Hausnarketa hori duela 15 urte egin behar izan zen. Ordutik hona giza-baliabideak eta dirutzak xahutu ditugu ezagutzaren fase nahiko antzu horretan. Berandutxo bada ere lehenbailehen egin behar dugu urrats jauzia; berehalakoan ekin behar zaio erabilerari. Ezin ditugu beste lau urte hartu horretarako.

EAEko Arartekoarekin elkarlanean herritarren hizkuntz eskubideak babesteko zerbitzu bat sortzea aztertuko dugu. Herritarren hizkuntz eskubideak babestu eta, era berean, hizkuntz eskubidea urratu duenari laguntza eta aholkularitza eman nahi diogu, berriro ez gertatzeko

Eta guzti honetan, non gelditzen da Kontseilua?

Eusebio Gorospe, EHAAko itzultzailea.


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Erantzun bat »

  1. Martin — 1999-11-30 - 00:00:00 GMT 1 Benetan gaude aldaketa-une garrantzitsu batean, hizkuntza politikaren baitan arduradun berriak izendatu dituztelako? Ikusiko dugu. Batzuetan ematen du aire berriak sartu direla; bestetzuetan betiko diskurtso lausoa entzuten dugu berriz ere. Nola bateratuko dira aurreko proiektuekiko jarraipena eta ildo berriak abiaraztea? Zertan izango dira berri ildook?

    Batzuek uste dugu oraingo martxarekin ez goazela toki onera, Administrazioaren euskalduntzeak jai daukala (ez naiz beste arloetan sartuko) ez bada sakon aztertzen orain arteko ibilbidea eta norabide aldaketa tinko bat bideratzen (egin ezazu proba: hartu duela 25 urteko planak, txostenak, adierazpen publikoak eta atzo goizean egindakoak dirudite: erabilera bultzatu, erdal mundua gureganatu…, ez dira aldatu!). Noiz arte jarraituko dugu orain arteko estrategiarekin? Susmoa dut, E. Osak lehengoan esaten zuen bezala, orain arteko hizkuntza politikaren errapeak eman duela, akaso, eman zezakeena.

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>