Euskara denona da
arabatik 2005-09-23 @ 14:05
jarraitu
Europako hainbat Estatuk sinatu zuten Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna (Espainiak 1992an sinatu eta 2001ean berretsi; Frantziak sinatu zuen arren, oraindik ez du berretsi). Itun horrek dio gobernuek neurri «sendoak» hartu behar dituztela hizkuntza gutxituak «bultzatzeko, bizirik iraun dezaten». Itun horren betearazpena zaintzea Europako Kontseiluaren esku utzi zen, aldiro txosten batzuk eginez. Egin duen azkenaren berri atzo eman zuten.
jarraitu
Ez dut oraindik osorik irakurri, baina prentsan argitaratu denetik honako hauek azpimarratuko nituzke:
1.
«Esperientziak erakutsi digu hizkuntza gutxituen babesak eta sustapenak lotura zuzena duela hizkuntza nagusiko hiztunek hura ikusten duten moduarekin» Horren harira, erakunde publiko guztiek euskararen babesari eta sustapenari legitimazio osoa emateko eskatu du.
Euskara guztion ardura da, baina Erakunde publikoek berebiziko ardura dute, izan ere, txostenetik argi ondoriztatzen omen da Erakundeek Euskara sustatu ez duten tokietan gure hizkuntzaren hedapenak eta erapilpenak atzera egin duela. Txostenak etxeko lan premiazkoenak Estatuko Administrazioari eta Nafarroako Gobernuari jartzen badizkie ere, Eusko Jaurlaritzak ere oraindik lan handia du aurretik.
2.
«Adituen Batzordearen iritziz, elkarlana eta koordinazioa oso garrantzitsuak dira euskararentzat». Txostenak erakunde publikoen koordinazioaz ari da batik bat, baina nik hiztunen artekoa eta Administrazioa eta hiztunen artekoa gehituko nizkioke.
3.
Europan hizkuntzak babesteko konpromesua dago, eta Euskara moduko hedapen urrikoak ere bai. Munduak duen altxor bat dira, eta -norberak Estatuen edo Europaren antolaketaren inguruan izan ditzakeen ideiak edozein izanda ere-, denok dugu altxor hori babesteko ardura. Bakoitzak jakingo du noraino heltzen den berea: ni euskaldun gisa badakit gutxienez zer dagokidan: nire eremuan euskara erabiltzea.
Zelai
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

