Euskara eta footing-a
tirakablogger 2005-07-27 @ 09:45
Honetaz eta hartaz jardun du Argia astekariak berriki egin dion elkarrizketan, eta, euskara hizpide hartuta, guri ere zerbaitek “krak” egin digu bihotzean, gauza batek eman baitigu zer pentsatua, alegia, nahiz eta “euskaraz komunikatzeko arazorik” ez izan, erdaraz jardun du grabagailuaren aurrean.
Sintomatikoa deritzogu horrelako pertsona bizkorra, konprometitua (zintzoa ere esango genuke), Hezkuntza sailburu izandakoa eta sasoi betean dagoena elkarrizketa informal batean (esan nahi baita ez direla termodinamikaz edo isurkien mekanikaz ari) erdaraz jarduteari. Zer gertatzen da? Zergatik ez du euskara behar besteko zorroztasunez edo distiraz menperatzen? Horretarako bi baldintza besterik ez baitira behar: gogoa (motibazioa) eta denbora. Aurrenekoa ez du eskas izango, noski; eta bigarrena ere ez, ikusita nola prestatu ohi duen Behobia-Donostia lasterketa. Zer dugu, orduan?
Galdutzat jo behar al ditugu Etxenike bezalako hiztunak euskararen normalizazio bidean? Aski dute seme-alabak eskola-eredu euskaldunetara bidalita? Horrekin nahikoa meritua dute euskara etxean jaso ez eta hurrengo belaunaldia eskolan euskaldundu duten guraso saiatuek?
Nik ez dakit, zalantza handiak ditut. Iruditzen baitzait, sarri askotan, itxurakeria handia dabilela bazterretan, benetako konpromiso pertsonalaren estalgarri (orain ez naiz Etxenike bera epaitzen ari, noski, ez baitut behar bezala ezagutzen bere kasua).
Barkatu orokorkeriak, baina helduak euskaldundu nahian aritu garen irakasleok badakigu ondo ”ikasteko astirik” ez duten ikasle batzuek zein entretenigarri interesgarrietan pasatzen duten aisia, horientzat eta beste guztientzat azken batean auziaren muina, neurri handi batean, lehentasunen hurrenkera baita: asteak hainbat ordu, horietatik hainbeste lanean, beste hainbat familiarekin edo lagunekin, eta libre geratzen direnak euskara zorrozteko (edo footing egiteko).
Martin
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

