Ikasmaterialen Estilo-liburua
tirakablogger 2005-07-08 @ 10:41

Azken bolada honetan zorioneko gaude estilo-liburuak direla eta. Joan den astean aurkeztu zituen IVAPek euskaraz eta gazteleraz ondu dituen estilo-liburuak; baina oraingoan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak argitara emandako Ikasmaterialen Estilo-liburuaren bigarren eta hirugarren atalak hizpide hartuko ditugu.
EIMA programak (Euskal IkasMaterialgintzA) unibertsitate aurreko ikasmailetarako euskarazko ikasmaterialak sortu, argitara eman eta zabalkundea ziurtatzea du helburu. Horretarako, Euskara Zerbitzuaren bidez, Ikasmaterialen Aholku Batzordea osatu zuen. Bada, batzorde horren ardura da Estilo-liburua lantzea, atalez atal egile aditu bati edo aditu-talde bati enkargatuz liburuki bana. Orain artean hiru atal apailatu eta argitaratu dira:
Ortotipografia (Joxe Ramon Zubimendi)
Kalko Okerrak (Juan Garzia)
Onomastika (Alfontso Mujika, Ane Goenaga, Andres Alberdi)
Argitaratze bidean daudenak, berriz:
Morfosintaxia
Puntuazio-markak
Ahoskera eta prosodia
Tradizioko testuen transkipzio-arauak
…
Liburu erabilerrazak dira, arau-gomendioak argi eta zehatz ematen dituztenak, arrazoibide luze eta korapilotsuetan sakondu gabe. Eta duten helburua dutela ere, esan gabe doa oso interesgarriak direla itzultzaile, teknikari eta, oro har, euskara idatzia (eta ahozkoa ere bai) txukundu nahi duten guztientzat.
Zenbaterainoko ofizialtasuna eta behartze-indarra duten jakin nahi duenak jo beza liburuen hitzaurrera, bertan aurkituko baititu, ondo asko azalduta, lanaren xehatasun ugari eta, besteak beste, Euskaltzaindiaren iritzia.
Azkenik, esan dezagun materialok eskuragarri daudela sarean (hemen) .Baina norbaitek eskaerarik edo bestelako argibiderik behar izanez gero, honako helbide honetara jo dezake: huiseus4@ej-gv.es
On egin!
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

