Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Ibarretxe jauna: euskarak zeharkako gaia izan behar du

arabatik 2005-06-28 @ 23:01


Duela bederatzi egun jarduneko lehendakari Ibarretxeri idazkia igorri genion, eta horren kopia bat jarduneko Kultura sailburu Miren Azkarateri, non ondorengo paragrafoetan irakur dezakezuen proposamen zehatza egiten baikenion, euskarak zeharkako gaiak behar duela izan adieraziz. Lehendakari orain berriro aukeratuak ez digu aintzat hartu, argi gelditu den moduan gaur argitaratutako 8/2005 Dekretuan. Orain arte, gaiak jarrera abegitsua behar zuela-eta, ez dugu argitaratu idazki-proposamen hori. Orain garaia dela derizkiogu.


Vitoria-Gasteiz, 2005eko ekainaren 20a.


Lehendakari jaun hori:




Euskararen Legea onartu zenetik hainbat urte pasa dira, eta hizkuntzaren normalizazio-bidean urratsak eman badira ere, nabarmena da bide luzea egiteke dugula oraindik. Hizkuntzaren erabateko normalizazioa, gainera, epe luzeko kontua ez ezik, oztopo ugarikoa da, eta arrazoiak asko dira gai honen inguruan kezkaturik egoteko. Hala gaude Administrazioko hainbat langile, eta hala adierazi diegu berriki Hizkuntza Politikako arduradunei. Izan ere, egungo hizkuntza egoeraren hausnarketa egin eta euskararen erabilera sustatzeko xedez, joan den urtarrilean bilera egin genuen Kultura Saileko sailburu eta HPSko sailburuorde eta zuzendariarekin, non gure lankidetza eskaini baikenien eginkizun horretarako.

Bilera horretan, elkarlana bultzatzeko konpromisotik abiatuz, III. Plangintzaldia garatzeko proposamen zehatz bat helarazi genion Kultura Sailari. Besteak beste, zenbait iritzi eman eta egitasmoen bideragarritasunaz jardun ondoren, batzorde bat osatzeko asmoari egoki iritzi zioten Saileko arduradunek eta, bidenabar, lankidetza honi jarraipena emateko konpromisoa hartu zuten.

Espero zitekeen bezala, hauteskundeak tarteko, elkarrekiko hartu-emana etenda gelditu da geroztik; baina ez luzerako, harreman horri Jaurlaritza berria osatu bezain pronto berriro ekitea baita gure asmoa. Edozein modutan ere, une egokia iruditzen zaigu honakoa, Jaurlaritza oraindik osatzeke dagoela aprobetxatuz, funtsezko aldaketa bat zeuri proposatzeko: Hizkuntza Politikaren kudeaketa Kultura Sailaren ardurapetik Lehendakaritzaren ardurapera eskualdatzea, hots, Idazkaritza Orokor bat sortzea Lehendakaritza Sailetik zuzenean euskararen normalizazioa sustatzeko.

Ildo honetatik, jakin badakigu, ez dela lehendabizikoz egiten den proposamena geurea, baina euskarak zeharkako gaia izan behar du ezinbestean, arlo guztietan garatzeko gaia, alegia. Kontua ez da Sail bakoitzeko normalizazio-teknikarien sarea bultzatzea soilik. Euskararen erabilera areagotuko bada, Hizkuntza Politikak transbertsala izan behar du. Honela, konpromiso-maila estuagoari emango zaio bide eta aukera handiagoa izango dugu III. Plangintzaldian zehaztutakoa hezurmamitzeko. Aldaketa honek, gure iritziz, gizarte-eremu guztietan politika eraginkorragoa aplikatzeko aukera emango du. Iritzi berekoak dira, besteren artean, euskalgintzan diharduten hainbat talde, eta bide horretatik jo dute, halaber, Kataluniako agintariek. Azken hauek adierazitakoaren haritik, gainera, aipatutako aldaketa honek nabarmenki eragin du hainbat neurriren aplikazioan.

Gure aldetik, abagune aproposa ikusten dugu Jaurlaritza osatu aurreko denbora-tarte hau euskararen etorkizuna bermatzen lagundu dezaketen habeak sendo finkatzeko. Beraz, euskararen normalizazioa guztion erantzukizuna den heinean, honen inguruko hausnarketa egin eta proposamena ontzat ematea eskatu nahi dizugu.

Besterik gabe, aldez aurretik eskerrak emanez, har ezazu gure agurrik zintzoena.

Adeitasunez,


Izenpetzaileak

Tiraka (http://www.tiraka.net) eta Euskara bultzatzeko Administrazio Orokorreko langileen taldea. “



Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Erantzun bat »

  1. Martin — 1999-11-30 - 00:00:00 GMT 1 Katalunian bakarrik ez, gertuago, Gipuzkoako Foru Aldundian ere ohartu dira gaiak duen garrantziaz.

    Joxean Amondarain hizkuntza normalizazioko teknikaria da eta oso artikulu interesgarria idatzi du Bat soziolinguistika aldizkaria-ren ekaineko zenbakian (saiatuko gara egun batzuk barru hementxe eskegitzen). Lehendabiziko Erabilera Programak: 1994-2003 izeneko atalean hauxe dio:

    «Bestetik, konstatazio bat, urte horietan guztietan ez dugu lortu, salbuespenak salbuespen, departamenuetako arduradun politiko eta teknikoek euskararen erabilera beraiei zegokien politika bezala onartzea, beti kanpoko zerbait bailitzan ikusi izan dute.»

    Baina 2004tik aurrera proposamen berri batzuk egin ziren:

    «Egoera horretan, bilera sorta bati ekin zion Euskararen Normalkuntzarako Zuzendaritza Nagusiak Aldundiko hamaika departamentuetako arduradunekin, Euskara Zerbitzuaren ikuspegiaren berri emateko.

    Hitz gutxitan laburtuta, hau da azaldu zitzaiena. Euskararen Normalkuntzarako Zuzendaritza Nagusiak baditu programa sektorialak (diru-laguntza deialdiak, kasu). Egitasmo horien xedea euskararen erabileraren normalkuntzaren alde lanean ari diren gizarte eragileen sustatzaile izatea da eta, egokitzen zaizkigun eskumenen barruan, gizartearen euskararen aldeko jarrerak eta erabilera bultzatzea.

    Baina politika sektorial horrekin batera, eta lan-giroko euskararen erabilerari eta nornalizazio politiken inplementazioari begira, behar-beharrezkoa ikusten dugu zehar-lerroko ikuspegi berritzaile bat txertatzea, hau da, departamentu guztietarako baliozkoak izango diren irizpide eta neurri orokor batzuk definitzea. Gure iritziz, hizkuntza ofizialen erabileraren esparruan, erakundeko eragile guzti-guztiek dute erantzukizuna eta zeregina, beren jardunean, eguneroko lanean, hizkuntzak erabiltzen dituzten aldetik. Euskararen erabilerak aurrera egiteko departamentu guztien lankidetza eta adostasuna behar dira.»


    Abiapuntu horretatik sortu diren plan eta dekretuen berri azaltzen du gero xeheago eta, benetan, emaitza esperantzagarriak ikusten dira aurrera begira.

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>