Ezker Abetzalea: zenbait iritzi hizkuntzaren inguruan
arabatik 2005-06-09 @ 08:30
Ezker Abertzalearen inguruko iritzi jasotze honek segida izateko asmoa du, euskarari buruz beste alderdi batzuek ere agertzen dituzten jarreren berri emanez, hain zuzen ere.
Ezker Abertzalea da, ezbairik gabe, gure herriko erakundeetan euskaldunik gehien jartzen dituena eta, areago, euskararik gehien erabiltzen duena. Hori zalantzan ipintzen duena errealitatetik kanpo dago. Horren adierazgarri lau adibide besterik ez ditut jarriko:
(Hori horrela bada ere, halabeharrez azpimarratu behar dira, nahitaez, ETAren jardunak euskarerentzat izan dituen ondorio ezin kaltegarriagoak, batik bat Nafarroan.)
1.- Joxe Mari Agirre Berezibarrek honen aurreko legegintzaldian legebiltzar-taldeek euren agerraldietan zenbat euskara erabili zuten erakusten duen artikulua (blog honetan oraindik jarrita dagoena).
2.- Legegintzaldi berri honetan EHAKko (Ezker Abertzaleak) legebiltzarkide guztiak dira euskaldunak, eta Aralarrekoa ere bai.
3.- Batasunako Mahai Nazionalak eta Aralarreko goi-exekutibak euskaraz egiten dituzte euren bilerak.
4.- LABek beti erabiltzen du euskara bere idazkietan.
Egoera hori ez da beste alderdi politiko bakar batean ematen. Hortaz, eta gai honean erakusten duten jarrerarengatik, txalotu besterik ez da egin behar Ezker Abertzale anitz hori.
Hala ere, mundu horretan badira zenbait arlo hizkuntzari lotuak nahasmendua edo bat ez etortzea sortzen dutenak, aniztasuna edo pluraltasuna ere dei dakiekeen arren. Azter ditzagun:
Joseba Alvarez eta Karmele Aierbe Batasunako Mahai Nazionaleko kideek proposamen baten berri ekarri digute, Batasunarena berarena ere badena. Helburu zehatz bat du, hots:
“gatazka politikoaren konponbide demokratikoa eztabaidaren erdigunean dagoen honetan, Batasuna, beste urrats bat eman eta hizkuntza gatazka gainditze bidean jarri eta gure herria berreuskalduntzeko proposamen berri bat egitera dator. (…)Euskal Herriak hizkuntza politika bat eta bakarra behar du, nazionala. (…) Ondoren, tokian tokiko ezaugarrien araberako erritmo eta gauzapen mailakatua izango du, baina orokorra izango da.” (Berria, 2005eko maiatzak 26)
Hau da: uztartu egiten ditu Batasunak gatazka politikoaren eta hizkuntza gatazkaren bilakaera, biak ala biak normalkuntzarako bidaia elkarrekin egin behar dutela adieraziz.
Ez dakit ahal den, eta zilegia ere den, berez politiko-linguistikoa den (ez hizkuntza politikakoa) dokumentu bati arlo horretatik kanpoko erantzuna ematea. Zaila dirudi.
Duela urte erdi Pilar Iparagirrek elkarrizketa bat egin zion Argian (2004ko azaroaren 28ko 1968. alea) Joxe Manuel Odriozola euskaltzaleari, honek “Euskalgintzaren lekukoak” liburua argitaratu zuela-eta. Zioen Odriozolak orduan: “gizarte politikoa eta zibila aldi berean hankaz gora jarri beharko genituzke, hori egiteko masa kritikoak falta zaizkigu, eta horiek izateko euskaldungoak oso jarrera trinkoak eta erradikalak beharko lituzke”
Aurrerago galdetzen diote ia ez al zen hobe izango liburua gaztelaniaz eta frantsesez argitaratzea, eta berak: “Niri interesatzen zitzaidan euskaltzaleen iritzia, ez euskalgintzari buruz abertzale erdaldunek eta zer esanik ez espainolek duten iritzia” Euskararen botila erdi hutsik edo erdi beterik dagoen galdetzen diotenean, berak: "Euskal Herriko hiru eskualdetan etnozidioa iritsi da fase terminalera (…)Noski, (….) hiru lurralde hauetan gauza batzuk egin direla ezin da ukatu. (…) Hemen erosoago sentitzen direnak abertzale espainolak dira; eta espainolak zer esanik ere ez”
Euskaldun izateaz duen iritzia: “Euskaldun izatea ez da euskaraz jakitea. (…) Hizkuntza bat jakiteak ez gaitu, inondik inora, hizkuntza horretakoak egiten. Euskaraz bizi dena da euskalduna.”
Euskal Herrian euskaldun bat euskaraz nola bizi daitekeen galdetzen diotenean: “(…) Euskal Herriaren arazoa ez da arazo politiko hutsa, askoz ere sakonagoa eta konplexuagoa da (…) Hizkuntzari eta kulturari lotua dagoen arazoa baita, identitatearena."
Euskaltzalea nahitaez abertzalea izan behar da?: “ Ez. Badira abertzaleak ez diren euskaltzaleak, ez asko. Euskaltzale horien identitate esparru nagusia ez da kontzeptu politiko-juridikoa; hizkuntza bera da horientzat aberria. (…)Estatu-nazioak hizkuntza ere nazionalizatu egin zuelako, nazionalismoaren tresna bihurtuz, eta geroztik munduan hizkuntzek ez dute iraupenik eta garaipenik baldin eta etxe politiko bat ere eskaintzen ez bazaie. Burujabetza behar dute. Hau da, euskarak Euskal Estatua behar du."
Hortaz, bat letorke, oro har, Odriozola, Batasunak adierazten dituen ideiekin
Horri erantzuten dio EHUko Soziologiako irakasle Iñaki Martinez de Lunak, Argian argitaratutako Euskara birpentsatu beharra artikuluan (2004ko abenduaren 19ko 1971. alea), non Odriozolarekin ia gauza guztietan bat datorrela esan ostean, Euskarak Euskal Estatua behar duela esateari berak (Iñakik) honela erantzuen dion: “Hemen ez dagokigu analisi politikoari ekitea, baizik eta hasita dugun hizkuntzaren gaineko gogoetari segida ematea. Baina, Odriozolaren hitzok zalantza bat sortarazten didate: euskararen geroa politikari estuki lotuz gero, gure hizkuntzak bizirauteko dituen aukerak ez lirateke gure etorkizun politikoaren menpe geldituko? Hori horrela, euskal estatu bat lortu ezean, akabo euskara? Badaezpada ere, ez ote genituzke asmo politikoak eta linguistikoak bereizi beharko? Eta, taktikoki begiratuta ere, ez lirateke indar ugariagoak bilduko euskararen defentsan, bi errealitate horiek erabat bereiziz gero?”
Euskaldunen eta erdaldunen mundu ezberdinez behin irakurri nion Igor Elortza ri artikulu bat Argian (2005eko martxoaren 13ko 1983. alea) Ez dut moztuko bizarra izenekoa, non: “ erdaldunen eta euskaldunen artean zubiak eraiki beharrean hormak altxatu ditugu, eta orain, guk jarritako adreiluak behintzat guk bota behar” esaten baitzuen. Eta geroago:
“Hormaren bi aldeetan gaudenok oso gutxi baitakigu elkarren berri. Euskaldunok ere apenas ezagutzen ditugun erdarazko sorkuntzan ari diren euskal herritarrak. Erdaldunek ere, ez dirudi euskaraz egiten denarekiko interesik dutenik. Aurreiritziak nagusitu dira batzuengan zein besteengan. Eta zaila izango da horiei buelta ematea. Giro orokorrak bere eragina du honetan ere, zelan ez. Hala ere, gure esku dagoena egitea geuri dagokigu, erdaldunek gutaz izan dezaketen irudi okerra aldatuz. Ateak zabaldu behar ditugu. Gure kezkak gaurko munduari dagozkionak direla jakinarazi, euskaraz gauzak ondo egiten badakigula erakutsi eta hori guztia ezagutzera gonbidatu. Beraien kezka eta lanak ezagutzera hurbiltzeak ere mesede egingo liguke denoi”.
Txillardegik ere utzi zigun Gure herrian arrotz artikulua (hemen dagoeneko aipatutakoa) Berria egunkarian (2005eko maiatzaren 26a), non, funtsean, hiru ideia aurkezten zituen; bata: “Eta orain, lanpostu publiko horiek sakratu bihurtu dira. Eta ezker aldetik oztopa daitezke bai instituzioen euskalduntzea, bai euskaldunon eskubidea. Lanerako eskubidea baitago tartean.”; bestea: “1982ko abenduaren 24an, Garaikotxearen garaian, onartu zen Euskararen Erabilpenari buruzko Legeak, eskubide batzuk onartu zizkigun euskaldunoi.” Eta geroago: “Katalanek, bide beretik, orain Madrilera eramango duten Estatutu proposamenean, bide beretik jo dute: kataluniar guztiek dute katalanera ezagutu beharra. Eta erabiltzeko eskubidea .Bidenabar: testu horietan ez da eperik aipatzen.Zertan gara gu? Zertan da Ibarretxe Plana deritzona? Noiz idatziko da, abertzaleon arterako gutxienez: euskaldun guztiek dute euskaraz jakin-beharra, eta erabiltzeko eskubidea?Isil nadin...Eta izan bedi aski honaino hitz gutxitan gogorazitakoa.”
Zer erakusten dute irizi hauek?, jarrera bat baino gehiago nabari direla ezker abertzalean:
1.- Alde batetik, dagoenarekin apurtu beharra dagoela aurrera jarraitu nahi bada
2.- Eskuartean ditugun aukerez baliatuz ere lor daitezkeela emaitzak, onartu arren esparru juridiko propioa eta beregaina izateak asko erraztuko lukeela zeregina.
3.- Erdal eta euskal munduaren arteko ezin ikusia, ulertu ezina gainditzeko ahaleginak egin beharko ditugula.
4.- Gogorik handiena jarrita ere beti izango genuke interes eta eskubideen arteko borroka, ez baita erraza bi arlo horiek bereiztea.
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


Halako balorazioak egingo badituzu, mesedez, hasi zerrendatzen zer on eta zer kalte egin dion ETAk euskarari Nafarroan edo Euskal Herrian.
Ezker Abertzaleak euskararen inguruan duen jarreraz hitz egitean ez dago ETA bazter uzterik, bere zati bat izateaz gain, jendaurrean presentziarik gehien duena delako.
Hortik aurrera: ezker abertzaleko atal gehienek euskararekiko duten jarrera ona eta eragin positiboa txalotu ditudan eran arbuiatu egiten dut ETAren jarrera euskararekiko, eta horretarako eskubide osoa dudala iruditzen zait.
Beste batzuen iritziak erabili ditut Ezker Abertzaleak hizkuntzarekiko duen jarrera aztertzeko; eta beste izen batzuk erabiliko ditut ETArena aztertzeko, iritzietan eta artikuluetan sartu barik (sarean daude nahi dituenentzat).
Behin Pako Aristik idatzi zuen Berrian \"PP, euskara eta gu\" artikuluan: ETAren komunikatu gehienak itzulpenak dira.
Hasier Etxebarria, Aingeru Epaltza, Jokin Muñoz, Iñaki Lasa, Iñaki Perurena, Juan Luis Zabala, Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Iban Zaldua eta zenbat gehiago jarri behar ditut euskaren munduko gehienak ETAren jarduna euskararen kontrakotzat jotzen dutela adierazteko?
Nik kontrako izenak jarri ditudan moduan, bihotzez eskatuko nizuke zeuri ere aldekoen izenak eman diezazkidazun.
Dena dela: blog honetako gainerakoek belarritik tiraka egin didate gai hau plazaratzearren, ez baitator bat, hurrean, berorren ildoarekin. Horretan geldituko da, beraz, Eusebioren iritzia.
Badut izena eta izana, zelan ez (Bata zein bestea ezin okerragoa, portzierto). Baina tiraka-n parte hartzeko anonymous aukerari jo nion, beste barik. Nahi baduzu deitu Frantzisko edo Frantziska, horretarako ere aukera ematen baitu tiraka-k, edo ez? Dena dela, izango duzu nire berri.
Nik neuk ere euskararen ikuspegitik ulertu nuen eta baita erantzun ere.
Nire ustez, euskararekiko Ezker Abertzale osoaren jarrera, ETArena barne, ona eta positiboa izan da, eta da. Eta ez horiena bakarrik (geroago hitz egingo duzue, antza), baita gainerako alderdi abertzale, edo abertzale izan barik, hainbat eta hainbat euskal herritarrena ere, jakina.
Beste kontu bat da hitzetatik ekintzetara jotzea, hau da, JARDUERA.
Hor, seguru aski, batzuek beste batzuek baino jarduera hobea edo positiboagoa izan dute, gerora, batzuetan, nahi izan ez dituzten ondorioak lortu badituzte ere. Baina asmoa, behintzat, argia: Euskararen aldekoa.
Bukatzeko, beste kontu bi:
ETAren komunikatu gehienak itzulpenak izatea bada erakunde horrek bere jardueran euskarari egin dion kalteetako bat… akabo! Nahi nuke jakin zenbat erakundek egin duten eta egiten duten lan euskara hutsean Euskal Herri osoan. Hala ETA errealitate soziolinguistikotik kanpo utzi behar dugu?
Eskatu didazu zenbait izen jartzeko. Ez dut egingo, eta ez egon ez daudelako. Zeu hasi zara izenak jartzen. Bada apustu bat egingo dizut, bazkari bat jokatuko dizut:
Ezetz aurkitu aipatu duzun bakar baten iritzi-artikulu edo dena delakoan halako adierazpenik bete-betean:
\"ETAren jarduera euskararen kontrakoa da Nafarroan\" (Edo Euskal Herrian, nahi baduzu).
Bakar bategaz zeuk irabazi.
Ildo horretatik, dagoeneko ezingo zaitudanez harrapatu, ez dut beste aukerarik izango gai hori modu antzekoan jorratu zutela esatea baino, non?: Volgako Batelariak orrian Jokin Muñozen \"Ohe Azpia\" artikulua zela-eta.
Edo beste bide bati ekinez, gaia orain arte aztertutako moduarekin zerikusi handirik ez duena, alegia:
\"Orain artean Parisen egiten ziren auzietan euskaraz mintzatzeko eskubidea aitortzen zieten Hego Euskal Herrian sortu militante politikoei. Azken auzietan eskubide hori kentzeaz gain, euskaraz mintzatzea ETAko kidea izatearekin erkatu izan du Prokuradoreak. «Euskara debekatuz eta kriminalizatuz euskararekiko iraina eta mespretxua erakusten dute», azaldu zuen atzo Jakes Bortairu Euskal Konfederazioko Idazkariak, kezkatuta. Jarrera horiek guztiz albora uztea ezinbestekoa dela nabarmendu zuten, euskara sustatzen duen oro ETArekin lotuz inori ez zaiola mesederik egiten gogoraraziz.\"
Hori uztartu beharko litzateke, behar bada. Hau da: arrazoia ere izango duzula ETAk ez duela euskararen kontra jardun izan zuzenean diñozunean, baina onartu ere egin daitekeela bere jardunaren ondorioz izan diren erreakzioak bai izan direla euskararen kontrakoak behin baino sarriago. Nori lepora dakioke erru hori, batari, besteei, edo denei?
Hor Franzisk@, betiko leloa ona: hobe genukeela ez bizirik eman, ez bizirik kendu, baizik eta gustora bizi, eta euskaraz izaterik badago, askoz hobeto.
Hortaz, oraingo honetan ez dizut apostua onartzen; parada izango dugu, behar bada, beste aukeraren bat izateko.
Ia ez zaizkidan haserretzen oraingoan Tirakako kidak.