HIZKUNTZA POLITIKA LEGEGINTZALDIAREN ATARIAN
tirakablogger 2005-05-12 @ 08:05
Egungo hizkuntza politikaren gaineko azterketa zorrotza egiten du Irazabalbeitiak iritzi-artikulu honetan. Birplanteamendu eta eztabaida sakona aldarrikatzeaz gainera, bost esparrutan banatzen da bere azterketa. Gureari dagokionez, aho-bilorik gabe heltzen dio hizkuntza politikak administrazio publikoan izan behar duen kokapenaren auziari:
“Batetik, hizkuntza-politikaren beraren tokia administrazio publikoan birdefinituko nuke. Egun, hizkuntza-politikan diharduten sailak kultura-sailen adarra izaten dira administrazio publikoan. Horrek hizkuntza-politikari kutsu bat damaio, alegia, kultura kontua dela ez duela, printzipioz, ekonomiarekin, osasunarekin edo justiziarekin harremanik. Era berean, eraginkortasuna kentzen dio gainerako sailetan eragiteko, administrazioaren beraren funtzionatzeko moduagatik. Beraz, hizkuntza-politikari administrazioaren jardunean zentralitatea eman behar zaio, nolabait, zeharkako politikak ezartzeko eta kudeatzeko moduko kokapena ezarri behar zaio administrazioaren egitura organikoetan. Duela urte batzuk, orduan ere Eusko Jaurlaritza berri baten atarian, Hizkuntza Politikarako Lehendakariordetza sortzea proposatu nuen Euskaldunon Egunkaria-ko nire zutabetik, hizkuntza-politika zeharlerro bihurtu eta eraginkortasuna emendatzeko bide moduan. Orduko EAEko hizkuntza-politikako arduradunei ez zitzaien asko gustatu proposamena, baina urteen perspektibak nire orduko planteamenduan indartzeko arrazoiak sendotu egin ditu. Zientzia eta Teknologia plana edo Jasangarritasun Estrategia zeharlerroak dira, zergatik ez Hizkuntza Politika?”
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

