EUSKARA SINBOLIKOA BAINO EZ DENEAN
tirakablogger 2005-03-22 @ 13:48
Horien guztien iritziz, berton bizitzea eta euskararekin zuzeneko ala zeharkako harremana izatea ez da nahikoa medikua “médico” edo kafetegia “cafetería” dela jakiteko, eta zer esanik ez egun on “buenos días” edo zorionak “felicidades” esan gura duela ezagutzeko. Horregatik euskaraz esan edo idaztekotan, ondoan itzulpena behar du, osterantzean ia inork ez du ulertuko eta. Espainiarrak, aldiz, ez dira hain inozoak, gai direlako, adibidez, Balear Uharteetako gobernuak bertako turismoa suspertzeko asmoz sortu duen txirrindulari taldeari jarri dion izena ulertzeko (“Illers Balears”), harrigarria bezain tristea.
Derrigorrean erabili behar dute EITBko esatariek, besteak beste, darabilten “egunon/buenos días” esapidea? Hain funtsezkoa da “anbulatorioa/anbulatorio” idaztea jendeak uler dezan? Edo gauza bera berba berdinak ez direnean, izan ere “harategia/canicería” jarri behar da txuletak saltzeko? Agian jendeak arrandegitzat hartuko du ala gutxiago salduko?.
Gezurra dirudi baina oraindik gure agintariek, euskara biziberritzekotan ari diren horiek, “Urkiolako Parke Naturala” izenaren ondoan “Parque Natural de Urkiola” jartzen dute, beharbada “igandezale/dominguero” guztiak gal ez daitezen. Baina ulertzen dute “Urquiola” jarri ezean ala? (orain badakit, dena den, zergatik parke naturaletara jotzen dudan bakoitzean “cafeteria”-n bukatzen dudan, hain antzeko berbak izanik… argiago jar dezatela mesedez!). Honakoa euskararen miseria da eta, ematen digutena, limosna hutsa. Eskerrik asko/muchas gracias por su atención.
SAGARRA
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


Nire Sailean gertatzen da batzuetan, tantaka moduan, nahi baino gutxiagotan, baina gertatzen da: eskaera bat edo erreklamazio bat iristen da Erregistrora, euskara hutsez (euskara txukunez), eta hor hasten da gure administrazioaren barruko bidea.
Destinatzaileak euskaraz ez dakienez, itzultzaileari bidaltzen dio idazkia gaztelaniara pasa dezan. Horrek itzuli eta gero, destinatzaileak berrartzen du, aztertu eta erantzuna lantzen du… gaztelaniaz. Eta, azkenik, erantzun hori berriro itzultzen da, oraingoan gaztelaniatik euskarara. Horrela ixten da gurpil zoro eta zentzugabe hau.
Sail honetan bezala besteetan ere izango da horrelakorik, seguru asko. Baina ez nioke erreparatu nahi hainbeste bide horrek berekin daraman denbora, diru eta kalitate galerari, ez. Nahiago nuke azpimarratu, tristea bada ere, kasu hauek ez direla inongo estatistikatan jasotzen, hizkuntza politika sustatzeko ardura dutenek ez dutela euskararen aldeko ekimen baliotsu hauek ezagutu ere egiten, ez baita horren gaineko bilketa-lanik, kontrolik edo plangintzarik jakinarazi.
Horra lantegi polit bat, Administrazioari euskaraz zuzentzen zaion orok errekonozimendu bat, plus bat, izan dezan, edo gutxienez ez orain bezala minus bat.
Ikus adibidezko esaldi hau:
2. art. Prezio publikoak galdatuko dira, Udaleko Gizarte Ongizate Alorrak urtean zehar hirugarren adinekoendako antolatzen dituen gizarte eta kultur arloko ikastaro, jarduera edo tailerretan parte hartu edo horietara joateko eskubidea ematen duten sarrera, matrikula edo beste edozein antzeko kontzeptu dela eta, prezio publikoak aplikatzeko beste ordenantza batzuetan sartuta ez daudenean.
Esaldi hori aterea dago hon azken udal ordenantza zein argitaratu baita an Barañain (Nafarroa), eta ikus dezakezu hemen.
Jakin nahi duzue zer esaten den hor? (Irakur dezakezu hemen)
Artículo 2.- Se exigirán precios públicos en concepto de entrada, matrícula o cualquier otro concepto análogo que, en definitiva, suponga la adquisición de un derecho a participar o asistir a actividades, cursos y talleres de carácter socio – cultural, que organice el Área de Bienestar Social del Ayuntamiento a lo largo del año para el colectivo de Tercera Edad, y que no estén comprendidos en otras Ordenanzas de aplicación de precios públicos.
A ze diferentzia! Eta zein da diferentzia horren arrazoia? Bistan da: diskurtsibitatea, zein baita zerbait oso-oso inportantea.
Nola esan behar da hori an euskara txukuna? Nik uste puntu hau argitu behar dela.