Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Legebiltzarrean ez omen da giro. Eta Jaurlaritzan?

tirakablogger 2005-03-08 @ 11:14

Bete-betean asmatu du Joxe Mari Agirrek joan den asteko artikuluan. Eta Jaurlaritzan? Ze emaitza erakutsiko liguke Legebiltzarrarena bezalako azterketa hotz batek? Ba al dugu daturik eskura, jakiteko sailez sail, zuzendaritzaz zuzendariza, estatistikoki zein hizkuntza-erabilera den indarrean gure administrazioan?

Lan polita egin liteke, atalka eta alorrez alor, bildurrak eta konplexuak alde batera utzita:


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Erantzunak(4) »

  1. Sagarra — 2005-09-03 - 12:50:00 GMT 1 Zertarako behar da azterketa? Ostiraleko bilkurarako egin den deialdia ikustea besterik ez dago:
    1- mezua erdara hutsean idatzita dago.
    2- euskarazko deialdia jasotzen duen artxiboak erdarazko izena dauka; artxiboa bigarrena da aukeratzerakoan barrez.

    Agian beharrezkoagoa izango litzateke \"behatoki\" moduko bat osatzea horrelakoak ekiditeko eta aholkuak emateko. Hau da, administrazioko mezuak, jakinarazpenak, prentsaurrekoak eta bestelakoak zainduko lituzkeen zerbitzua. Eta, ahal balitz, harago joango litzatekeena era bai: kontratazioetan, besteak beste, euskara ezinbestekotzat hartzeko lanean arituko litzatekeena. Ziur nago, azken urteotako kontratazioaetan hizkuntza irizpide funtsezkotzat hartu balitz, orain bestelakoa izango litzatekeela jaurlaritzan ematen den egoera eta euskalduntzen gastatzen den kopurua txikiagoa ere bai.

    Bestetik, aipatu gurako nuke beharbada web-orri honetan mezuak txertatzeko bidea erraztu edo hobeto azaldu beharko litzatekeela. Gainera, erantzuna ordez gai berri bat aurkeztu gura bada?
  2. E.Gorospe — 2005-09-03 - 12:50:00 GMT 1 Denak balio digunez artikulu horretatik, atzekoz aurre hasiko naiz: \"(..)bal al dago borondaterik administrazio elebidun bat sortzeko? Non dago euskararen aldeko borondate irmoa?\" Aje berberak ditugu erakunde bietan. Hortaz, diagnosiaren aldetik bat gatoz.

    Zelan jardun aurrerantzean? Argi daukat: indarrak metatu behar ditugu; ez da, baina, bat ere erraza. Agirrek berak esana da: \"Ala itzultzaileen eta agintetik kanpoko militanteen kontua bihurtu nahi al dugu euskara?\" Eta nik diot: agintetik kanpoko euskaltzaleok (itzultzaile, letratu, administrari zein normalkuntzakoa izan) pare bat jarreretan bat egingo bagenu, eta bide horretan aurrera egiteko prest agertuko bagina, dexente alda genezake egoera. Legebiltzarreko, Jaurlaritzako, aldundietako, udaletako eta gainerako erakundeetako ustezko euskaltzaleok batuta ehundaka ginake. Kantitatez, hortaz, dexente. Gutariko bakoitzak zeozertxo (asko ez) eginda, aintzat hartuko gintuztekete seguru, presiorako gaitasuna erakutsiko genukeelako.

    Zer jazotzen da, ostera? Ohituta gaude erruak agintariei, euskaldun epelei eta erdaldunei egozten; eta gu, geure burua euskaltzaletzat dugunok, zertarako gaude prest? Guri konpromisoa aitortzen zaigu, egoerarekiko kontzientzia, eta jarduteko borondatea. Nire ustez, eta guztiz nator Manurekin, erakundeetan konprometitutako euskalzaleak ez daude soberan, fikzio hutsa delakoan nago. Kontraeanean ere egon naiteke, ehundaka izan gaitezkeela esan baitut goratxoago, baina USTEZKO ere esan dut.

    Ez diet agintariei errurik kendu nahi, baina ez nator bat geure buruari bat ere ez egoztearekin. Guk nahi izango bagenu, zenbait helburu jorratu, eta lortu ere lor genitzake. Elkar gaitezen!!!
  3. Zelai — 2005-09-03 - 12:50:00 GMT 1 Artikuluak, nire ustez, bete betean asmatzen du eskuetan dugun gaiaren ajeetan. Nik horrela laburtuko nituzke han aipatzen diren aje horiek (beste batzuk ere egongo direla jakinda):

    ▪\"badirudi halako erlaxazio bat gertatu dela euskararekin\"
    ▪\"itzulpen-kolpez bizi da euskara Legebiltzarrean\" (eta Administrazioan,oro har, ere bai esango nuke nik)

    Aurreko bi ideiak gaur eguneko diagnosia egiteko, nahikoak direla uste dut. Baina artikulua gainera, ez da diagnosian edo kritika hutsean gelditzen, hemendik aurrera zer egin daitekeen inguruan ere ideia oso interesagarriak azaltzen ditu.

    ▪\"eredugarria izan behar, ideia argiak eta borondate sendoa\"

    Nik, hala ere, beste bi ideia erantsiko nituzke: praktikotasuna, eta hizkuntza-kontrolaren falta.

    a) Praktikotasuna: Orain arteko hainbat ekimenetan praktikotasun falta sumatu dut. Jendeak hizkuntza erabiliko du horrekin zerbait lortzen badu, eta ez naiz ari soilik ateramendu profesionalez.

    Euskaraz aritzeak gaur egun ahalegin bat suposatzen digu langileei eta, oro har, herritarrei; eta ahalegin hori egiteko zergatia argi ikusi behar da, alegia ez du sentitu behar alferrikakoa izango denik eskatzen zaion ahalegina: zertarako txosten bat euskaraz egin, gero zuzendaria erdalduna bada? Baina, egiten dugun ahalegintxo bakoitzari bere arlo praktikoa bilatuko bagenio, zer? Ni ziur naiz jendea gehiago inplikatuko litzatekeela.

    Praktikotasun horren adibide asko jar daiteke, baina hor dituzue orain bururatzen zaizkidan batzuk:

    Eskutitz bat idazten dugunean hartzailea euskara dela aurretik dakigunean, langile euskaldunak saiatuko gara eskutitz horren edukia ulergarri egiten eta itxura txukuna ematen. Hartzailea erdalduna bada, ordea, jakin dakigunez euskarazko testua irakurriko ez duela, arreta gutxiago ipiniko dugu, salbuespenak salbuespen, ondo edo ez hain ondo dagoen ziurtatzen.

    Letratuek euskaraz idazten ditugun txostenak datu-base batean jasoko balira eta datu base hori beste letratu euskaldunok eta - unibertsitate mailan- irakasle eta ikasleek erabiltzeko modukoa balitz, ziur egon bertara bidali beharko genukeena ondo egiten saiatuko ginatekeela.

    Administrazioak eskaintzen duen zerbitzuaren hartzailea euskalduna dela ziur dakigunean, zerbitzu hori euskaraz -eta modu txukunean gainera- egiten saiatuko da Administrazioko langilea –berdin Legebiltzarrean e.a.- Zergatik? Bada, erraza da, zure lanak zentzua duelako, ez da alferrikakoa izango alegia. Horrela jokatuko ez balu, gainera, erantzukizuna eska liezaioketelako

    b) Hizkuntza-kontrola edo kontrol linguistikoa legegintzan. Gai hau oso sakona da eta beraz, aipatu baino ez dut egingo. Ea norbait ausartzen den horri heltzen. Nik beste batean ekingo diot.

    Laburbilduz, hemen modu ez egituratu batean azaldu diren ideiak –eta beste batzuk-, jakina, behar bezala garatu beharko lirateke erabilera-plan batean, eta gainera, lan hori aditu diren pertsonek egin beharko lukete.

    Nolanahi ere, esandako guztiarekin ez dut esan nahi orain arte egin den guztia gaizki egina egon denik, baina bai nolabait lehentasunak ezartzeko orduan praktikotasunaren ideia, adibidez, oso lagungarri gerta daitekeela erabilera sustatzeko.

    Ildo horretan, euskaldunei zuzendutako zerbitzuetatik hasi beharko ginateke eta horrek hainbat elementu identifikatzea ekarriko liguke: euskaldunak non daude, zein zerbitzuren hartzaile dira, nola jaso nahi dituzte zerbitzuak (alegia, gaztelaniaren kalkoa izan behar duten beti), hau da, gure ustezko bezeroen azterketa bat eskatzen du eta haiei zuzendutako plan berezi bat egitea.

    Artikuluan beste ideia interesgarri batzuk ere azaltzen dira (\"etsipena eta deskonfiantza ezarri dira langileen artean\"; \"ezin da onartu dirutzak xahutzea osoko bilkuren alferreko itzulpenak egiten eta oztopoak jartzea, berriz, hizkuntza-teknikari bat kontratatzeko\"; \"etsenplua emateko, goitik hasi behar baita\"...) baina beste baterako utzi beharko ditut, orain ez baitut denborarik horiek garatzeko.

    Zuen baimenaz, iruzkin hau amaitzeko Joxe Mari Agirreren azken esaldiari erreparatuko diot: \"Datorren legealdiak, emango al digu pozik egoteko motiborik?\"

    Izan ondo. Zelai
  4. Olafo — 2005-09-03 - 12:50:00 GMT 1 Nik artikulu horretako beste bi paragrafori erreparatu nahi diet:

    \"Ahozko erabilerari bagagozkio, (...) jaitsi egin da azkeneko bi urteetan (osoko bilkuren datuak: 2001, %18; 2002, %14; 2003, %9; 2004, %10).(...) hiru jarrera bereizi daitezke atal honetan: a) jarrera euskaltzalea: beti eta nornahiri euskaraz (oro har, Batasuna eta EA); b) jarrera elebiduna: euskaraz eta gaztelaniaz, gaien, solaskideen edo hitzaldi-zatien arabera (EAJko eta EBko legebiltzarkide batzuk); c) bazterketa: gaztelania hutsez egitea (oro har, PP eta PSE).\"

    “Alabaina, idatzizko erabilera izan ohi da hizkuntza ororentzat kotoiaren froga, (...), hor islatzen hizkuntzari ematen zaion balioa eta maila. Arlo honetan bi jarrera daude legebiltzarkideen artean: a) jarrera euskaltzalea: orotariko idazkiak euskara hutsean aurkeztea (Batasuna); b) bazterketa: idazki guztiak gaztelania hutsean egitea (gainerako alderdiak). Atal honetan gauza harrigarri bat dugu, ahozkoarekin alderatuta: gobernuaren aldeko taldeen hizkuntza, idatziz, gaztelania hutsa izan da.\"

    Hor Agirre Berezibar jaunak, lehenengo eta behin, euskararen erabilera azken lau urteotan erdira jaitsi dela dio. Ondoren, jarrerak zehaztu egiten ditu, eta izena jartzen dio alderdi bakoitzari. Emaitza honakoa da:

    - Batasunak ahoz eta idatziz euskara modu normalean erabiltzen du.
    - EAJ, EA eta EBk, ahozkoan ere erabiltzen dute euskara; ez askorik,ordea. Eta idatziz, ezertxo ere ez.
    - PP, PSOE eta Uak ezer, ez ahoz ez idatziz.

    Ezin da esan, orduan, euskara kontuetan abertzaleak alde batera eta konstituzionalistak beste batera daudenik; ez, oharrik egin gabe. Jaurlaritzan ere hori horrela da. Nik dakidala LABek beti egin du dena euskaraz. ELA eta CCOO orain ari dira nolabait egokitzen (sekula ez da berandu, jaun-andreok!!!). Eta UGTren gainean ba, hori, bere buruetariko batek Gai Sindikaletan bota zuena: \"Zuri euskaraz zuzentzea gustatuko litzaidake baina ez dakit zenbat urte pasa diren euskera ikasteari utzi behar izan nionetik baimena kendu zidatelako. Denboraren poderioz ikasi nuen guztia ia ia galtzen ari naiz nire lanean Administrazioak ez dizkigulako jartzen baliobideak euskeraren erabilpena bultzatzeko. Horregatik gaztelaniaz jarraituko dut askoz hobeto memperatzen dudalako eta denok elkarri ulertzea hobea delakoan nago eta.\"

    Administrazio karguei buruz zer? Denok dakiguna: beste kontu batzuk dituzte buruan eta euskara gehiago da traba lan-hizkuntza baino; izan ere, euretariko gehienek ez dakite euskararik, eta jakinda ere, ez daude prestatuta normaltasunez erabiltzeko.

    Bertako lagun batek honako hau kontatu zidan: \"hizlariak galdetu zigun ia euskaraz nahi genuen batzarra. Baietz erantzun genion. Azalpenaren ondoren batzarra amaitutzat eman genuen, inork ez baitzuen galderarik egin. Normalean, gaztelaniazkoetan luze irauten du azalpenaren ondorengo solasaldiak\"

    Ba hori: denok nahastuta, baina bakoitza bere lekuan.

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>