Zorionak EUSKADI.NET!

Irailaren hasieran (07.09.04) Lehendakariordetzako Administrazioa Eraberritzeko eta Administrazio Elektronikarako Idazkaritza Nagusiak euskadi.net ataria aurkeztu zuen Lakuako areto nagusian. Nire Zuzendaritzara heldutako gonbidapena euskara hutsez zegoenez, gure zuzendariak teknikari euskalduna bidaltzea erabaki zuen eta ni joateko agindu zidan.
Ekitaldi osoa euskara hutsez egin zen. Egia esateko guztiz harritu ninduen egoerak, eta aldi berean poztu, izan ere, dena euskaraz egin zen, eta dena esaten dudanean dena da, hau da, nire semetxoak esaten duen moduan “dan dana”.
Ohi den bezala, hasieran euskaraz hasiko zirela eta gero gaztelaniaz jarraituko zutela uste nuen, baina ez, ez zen horrela izan honako honetan. Benetan eskertzekoa iruditzen zait haiek azaldutako euskararekiko jarrera, euskarak teknologia berrietan duen lekua azpimarratuz.
Euskarak lehentasunezko tratamendua izan behar du teknologia berrien zabalkundean, batez ere herritarrekin hitz egiteko modu berri bat baita eta herritar horietako asko euskaldunak garelako. Jarrera eta azaldutako konpromiso hori euskararen iraupenerako ezinbestekoa da.
Amaitzeko esan behar dut, euskarari garrantzia eta ospea ematen diotela horrelako ekintzek eta ongi etorriak direla beti. Niretzat pozgarria izan zen eta espero dut bide horri beste batzuek ere eutsiko diotela.
Arkaitz.


Zabaldu
del.icio.us