Hiru egun itzuli gabe (oraingoz), 25 urte eta gero hau...
(Eusko Jaurlaritzaren intranetean, Funtzio Publiko eta Pertsonaleko kudeaketari buruzko berriak eta informazioa-Geutzen atalean, 2009 / 03 / 13, barikua)
Geutzen, 2009 / 03 / 13, barikua
«Berriak» zutabean ondoko oharra agertu da:
Funtzio Publikoaren oharra, LAB sindikatuaren salaketari dagokionez
Bertan klikatu, eta hara non, beste ohar hau agertu da:
Euskarazko bertsioa laster izango duzu eskuragarri
2009ko martxoaren 16an, astelehenarekin, berdin: euskarazko bertsioa ez da “lanera” etorri nonbait…
Jaurlaritzan itzultzailerik ez dagoelako izango ote? Ez, egon badaude. Onak gainera.
Lan-karga handia izango zuten? Beharbada, baina halakoetan kanpora bidali ohi dira testuak itzultzera...
Baina… euskara izanik “gure herriaren nortasunaren adierazpide funtsezkoena”[1], nola liteke horrelakoak behin eta beste behin gertatzea, non eta Eusko Jaurlaritzan?
Guk geuk ez dugu ulertzen. Guri geuri, amorru pixka bat eta lotsa (auzokoa) punttu bat ere eragiten digu ikusteak, euskaldunak azkenburukotzat jotzen gaituztela administrazio honetako Atal, Zerbitzu, Zuzendaritza eta Sail askotan... oraindik ere.
Beste inon, beste inongo oharrik ikusi ez badugu ere, uste dugu beste euskaldun askori ere, berdintsu gertatuko zitzaiola...
Azkenik, aipatutako oharrari buruzko eskari bat:
Ez kezkatu. Ez itzuli. Ez lanik hartu. Ez dugu behar; erdaraz ondotxo dakigu eta testuaren edukiaz ederki jabetu gara. Kontua ez da hori, gakoa beste nonbait dago. Hitza betetzearekin eta euskaldunak (ere) errespetatzearekin zerikusia dauka.
[1] http://www.euskara.euskadi.net/ webguneko “Herria, hizkuntza” atalean:Gure herriak ez du euskara galdu nahi. Barru-barruan itsatsita darama hizkuntzarekiko atxikimendua, bere nortasunaren adierazpide funtsezkoena baita; eta hizkuntza galduz gero, aberastasun paregabea ez ezik kohesiorako elementu garrantzitsuenetako bat ere galduko luke. Horregatik, mendez mende iraun duen hizkuntzari eutsi, esparru guztietara zabaldu eta sendotzeko apustu garbia egin du.


Zabaldu
del.icio.us


Gure Saileko (Lehendakariordetza) euskara teknikariak deituta, badira hilabete batzuk Euskararen Erabilera Planaren kudeaketarako batzordean parte hartzen ari naizela, eta esan behar dut, orain arteko iritzia oso positiboa dela.