Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Tiraka
Administrazioan euskara erabiltzeko

Kategoria: Euskara

02/03/2010 GMT 1

Euskararen egoerari adarretatik

lastategitik @ 15:25

juaninazio.jpgItzulingururik gabe heldu dio Juan Inazio Hartsuagak euskararen egoerari iaz kaleratutako liburuan, "Euskararen egoerari irizten" izenekoan hain zuzen.

Begiratu librea, ausarta eta zinez interesgarria eskaini digu bertan. Ez da liburu mardula (100 orrialdetara ez da heltzen), baina bai betea.

Artikulu sorta bikaina. 

Gomendagarria euskalgintzan dihardutenentzat, eta euskararekiko interesik apurrik duen ororentzat.

Pasarte bat edo beste ekarri dugu hona, sarrerako:

"Euskara ez da balio bat, zuk hartuz gero nik hartu ezin dudana. Euskara, nik hartuagatik zuk ere har dezakezu, nik adina gogoz eta grinaz. Ez iezadazu eska nik gutxiago egin dezadan. Egizu zuk gehiago."

 Edo beste hau:

"Errealitatearen aurrean ez ikusiarena egitea baino gauza tontoagorik ez dago. Kaltea besterik ez dakar.

Baina errealitatea ikustea oso mingarria omen da nonbait askorentzat, ez ikusiarena zein sarri egiten den erreparatuz gero."

Arin batean irakurtzen den arinkeriarik gabeko liburua.

24/02/2010 GMT 1

Euskararen munduaren kolorea

lastategitik @ 12:18

aaa2.jpgEuskararen munduan gabiltzanok ongi asko dakigu zein nekagarria den hizkuntza horren, honen, defentsaren teoriatik ekintzara pasatzea.

Ez dugu sarritan horrelakorik aipatzen, batzuetan sumatzen dugun etsipena kutsa ez dadin, hain nekaturik ez dagoenak aurrera egin dezan, ikurra beti altxatua egon dadin. Euskaraz bizi nahi duenak urruti du zerumuga, batez ere hiriburuetan. Eta helburuaren atzetik abiatu baino lehen, jakin beharko luke zerk espero dion baldin eta oztopoak gainditu nahi baditu. Antzeman beharko ditu lehenik, salatu ondoren, eta, ahal duenean, trabak ezabatu beharko ditu.
Trafikoko seinaleak edo eraikin publiko askotakoak, administrazioarekiko harremanak, euskara entzun bezain laster muturra okertzen duen dendariaren protesta gehienetan isila, ba- tzuetan zuzena. Bi kafesne eskatzerakoan, esandakoa ulertu ez duela dioen tabernaria...

...

Gero esango dute, ..., euskararen kontua politizatua dagoela, kolore politiko zehatzegia eta nabarmenegia duela. Kolore bakarra, gainera.
Bada, horrela balitz, erantzukizun nagusia ez litzateke euskaldunona, ezta euskaltzaleena ere, euskaldun izan nahi ez dutenena baizik, ez baitio inork inori euskara ikastea debekatzen.
Are euskararen monopolioa salatzen dutenei, ez die inork urteko euskal nobelarik hoberena idaztea debekatzen, edo bertsorik zorrotzena botatzea galarazten.
Euskararen mundua ez du inork bahitu.
Hori bai, askori ez zaio interesatu izan.
Edo, okerrago, askok pentsatu izan du mundu hori zaharkitua zegoela, iraganarekiko nostalgikoz betea.
Gehiegizko politizazioa edo are euskararen diktadura salatzen dutenek euskaraz ikasiko balute, anitzagoa izango litzateke gure mundu txiki, adoretsu eta nekatu hau.

Arantxa Urretabizkaia

20/01/2010 GMT 1

Ez gara joango

marytwo @ 10:10






Bernabé Unda

Consejero de Industria, Innovación, Comercio y Turismo del Gobierno Vasco,

tiene el placer de invitarle a la presentación de la nueva imagen de marca de Euskadi, acto que será presidio por el

Lehendakari Patxi López

y que tendrá lugar el 20 de enero a las 21:00 h en el edificio de la Bolsa de Madrid. 

En la fiesta, que será presentada por Anne Igartiburu, los invitados podrán disfrutar de la actuación de Amaia Montero y tendrán la oportunidad de deleitarse con las creaciones gastronómicas que nuestros cocineros 3 estrellas michelín, Martín Berasategui y Pedro Subijana han ideado para la ocasión. 

Ekitaldira zu etortzea nahi genuke.

Esperamos contar con su asistencia.

Imprescindible acudir con la invitación y el DNI. 

Se ruega confirmación.

euskadi@turismo2010.net

902 540 331 

Bolsa de Madrid

Pza. de la lealtad, 1 28014 Madrid


 

  

Hori dio Madrilen gaur izango den ekitaldirako jaso dugun gonbidapenak. Hori dela kausa, Tirakan Ohiz Kanpoko Batzar Berebiziko Urgente-Premiazkoa deitu dugu gaia aztertzeko.

Gutako batek dio ez zaiola ondo iruditzen aurkezlea eta kantaria emakumeak izatea eta sukaldariak gizonezkoak; genero ikuspegia ez dela betetzen alegia. Sukalde kontuak direla-eta, beste batek erantsi du bera ez doala Madrileraino zertara eta mikropintxo barregarri batzuk jatera, holakoetan goseak akabatzen bukatzen duela. Gainera –asaldatu da hirugarren bat–, egokiena izango zatekeen Argiñanok diseinatu berri duen Delicias Lujanbio eskaintzea, eta ez seguraski emango duten Delicias del Cambio. 

Azkenean, zorionez, Tirakako buru-presidentea ohiko zuhurtziaz mintzatu da, eta esan du ez ahazteko zeintzuk diren Tirakaren printzipio fundamentalak eta fundamentuzkoak, eta “fun-funtsezkoa dela” gogoeta egitea euskarari gonbidapenean ematen zaion tratu erridikuluaz. Hortaz, boikota egin beharko genukeela. Eta horrela onartu da aho batez. 

Ez garela joango alegia. 

Beraz, gonbidapen-txartela nahi duena pasa dadila gure egoitzatik jasotzera, guk ez dugu behar eta: 

Tiraka Taldea – Grupo Tirando

Donostia kalea – Calle San Sebastián

Vitoria-Gasteiz – Gasteiz-Vitoria

Lakua 3, J Gunea  

   



 

07/01/2010 GMT 1

Diagnosi-ebaluazioaren emaitzak jasota adabakiekin jarraituko?

garruze @ 10:46

piramidea.jpgGorkak, Hezkuntza Saileko lankide batek, iritzi interesgarri bat bidali digu gure blogean eskegitzeko. Artikulu horretan ematen digu EAEko ikastetxeetan burutu den diagnosi-ebaluazio emaitzen berri. Halaber, bere iritzia azaltzen du  gaur egun indarrean dauden hezkuntza-ereduen inguruan. Hortxe duzue.

Aurten argitaratu dira, historian lehen aldiz, diagnosi-ebaluazio emaitzak. Aurreko ikasturtean, 2009. urteko udaberrian,  egin ziren neurketa horiek EAEko ikastetxe guztietan. ISEI-IVEIk prestaturiko probak. Gure hezkuntza sistema kanpotik ebaluatzeko beharrezkoa zen lanabesa izango zirela esan ziguten.

Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleek proba batzuk egin behar izan zituzten. Beraien   komunikatzeko gaitasuna, euskaraz eta gaztelaniaz, neurtu nahi ziren alde batetik  eta  matematikarako, zientziarako, teknologiarako  eta osasun kulturarako gaitasunak bestetik. Ikastetxeen esku geratu zen azken proba hauek ze hizkuntzatan egitea aukeratzea.

Artikulu hau luzea da. Egin klik azpiko keep reading —> horretan irakurtzen segitzeko edo eskuratu artikulu osoa  pdf formatuan.

Ikastetxe batzuetan beste batzuetan baino maila altuago zegoela guztiok susmatzen genuen. Ikastetxe batean nota on bat beste ikastetxe bateko nota kaxkarraren parekoa izan zitekeela argi zegoen.  Irakasleok, normalean, ikasle onenei notarik onenak eta  ikasle txarrenei notarik txarrenak jartzen dizkiegu eta Gaussen ezkila forma duen  datuen grafikoa irteten zaigu datu asko dagoenean. Erreferentzia bakarra gure ikasleek beraiek ematen ziguten eta kanpoko erreferentzien beharra askok sentitzen genuen.

Gauss kanpaia ere espero genuen diagnosi-ebaluazio proben emaitzekin, baina jakin-mina zegoen ea ikastetxe jakin batek edo ikasle jakin batek zelako gaitasun maila erakusten zuten gaitasunak neurtzeko berariaz diseinaturiko probetan, kanpokoekin konparatuz.

Egin dira probak, argitaratu dira emaitzak baina, zuzen erabili dira datuak?

Matematika gaitasuna eta zientzia, teknologia, osasunerako gaitasunak neurtzeko probak ez ditut epaituko. Komunikatzeko gaitasuna neurtzeko probak, ordea, komentatu nahi ditut Hyde Parkeko iskina honetatik



Euskal Herrian Speakers Cornerrik ez eta blogetan idatzi behar.

Gaztelaniaz eta euskaraz komunikatzeko gaitasuna neurtzeko erabili diren neurgailuak eta emaitzak erakusteko erabili diren taulatxoak eta grafikoak nahiko kritikagarriak iruditu zaizkit:

  1. Oso ondo iruditu zait ikasleak bere inguruko maila soziokulturala kontuan hartu izana.  Azken batean familiak eta inguruak, ikastetxeak berak baino eragin handiagoa dauka ikasleen gaitasunen garapenean. Argi dago. DBHn, esaterako, 175 eskola egun. Egunero bospasei ordu. Ikasle askok ordu gehiago egiten dituzte urtean zehar telebistaren aurrean ikasgelan baino. Ikastetxearen eragina, zifra horiekiko proportzioan ibiliko da.
  2. Ez zait batere txukuna iruditu komunikatzeko gaitasuna neurtzeko hartu diren hainbat irizpide. Euskaraz bi multzotan banatu gaituzte. Bi proba mota desberdin diseinatu dira (1) euskaraz komunikatzeko gaitasuna neurtzeko. Gaztelaniaz  proba bakarra. Ahozko ekoizpena, komunikatzeko gaitasunean oinarri-oinarrizkoa, ez da neurtu.  Problema logistikoengatik.
  3. Entzumenaren ulermena eta irakurritakoaren ulermena, gaztelaniaz maila batean eta euskaraz beste bi mailatan neurtu dira (biak, gaztelaniazkoarekin konparaturik, apalagoak).
  4. Idatziz komunikatzeko gaitasuna neurtzeko hiru maila ezarri dira. Bat gaztelaniarako eta beste bi, biak apalagoak, euskaraz idatziz komunikatzeko gaitasuna neurtzeko. Ez zen, ziur aski, hori izango planteamendua, baina itxura hori hartu diogu kontuari.
  5. Datuen emaitzak, nik argi daukat, makillatuta eta Photoshopekin orraztuta erakutsi dizkigute. (Photoshop diot zeren, guztiok dakigunez, gure administrazioak beti nahiago izaten du ordaintzea ordaindu beharreko lizentzia guztiak GIMP bezalako programa libreak erabiltzea baino).
    “]

    Goian dagoen antzeko grafiko horizontalak ikusi ditugu orain arte ikastetxeetan, ez irudian klikatuta ikusiko duzuen (5. or) antzeko bertikalak. Ikasleen emaitzak hiru multzotan banatu dituzte. Emaitza txarrak makillatuta agertu dira nire ustez. Emaitza onak ere, distortsionaturik, batzuk gehiegi ez harrotzeko edo. (Goiko errektangulua ikusi ditudanen antzekoa marraztu dut, behekoa, nik grafiko horren atzetik imajinatzen dudan "benetako" grafikoa). [Grafikoa by gorkaazk. CC PD; Copyleft

  • Gure ikastetxeek eta gure familiek jasoko dituzten euskaraz komunikatzeko gaitasunaren txostenak EZ DIO INOLAKO ERREFERENTZIARIK EGITEN Europako Erreferentzia marko Bateratuari. A eredukoak A eredukoekin konparatuta, B ereduko batzuk  A eredukoekin beste batzuk D eredukoekin konparatuz (2) eta D eredukoak D eredukoekin konparatuta, guztiok dakigun begi bistako egi bat nolabait ezkutatu digute: euskaraz lortzen ari garen komunikatzeko gaitasuna gaztelaniaz lortzen ari garena baino askoz kaxkarragoa dela.
  • Ze komunikatzeko gaitasuna daukate  gure ikastetxeetako DBH2ko ikasleek? A1, B2, A2? Euskaraz? Eta gaztelaniaz? Erantzunak ez dituzue aurten inondik inora inon topatuko. Diru publikoarekin inoiz egin den neurketarik osoenetakoa Europako Erref. Marko Bateratuari bizkarra eman dio.  Zergatik? Arazo logistikoengatik berriro ere.

Horrela jarraitzen badugu euskara beti izango da erabat gutxiagoturik dagoen hizkuntza. Bazterturik dagoen hizkuntza ez esateagatik. Nago A ereduetan ikasleek  ez dutela maiz ezta A1 maila apal hori lortzen. (Bide batez, gaztelaniaz eta beste irakasgaietan ere D eredukoak baino maila eskasagoarekin ateratzen dira ikasleak A eredutik). Zenbait B eredutan ere gauzak oso ilun egongo lirateke antzeko beste egoera txarrekin konparatzen ibili beharrean gaztelaniazko gaitasunarekin konparatuko bagenu, esaterako, urrutirago joan gabe.

Ereduen kontu hori, hizkuntza bat baztertzeko eta ikasle batzuk baztertzeko balio izan digu. Gutxiagoturik dagoen hizkuntza gutxiagoturik jarraitzeko  eta bazterkeria sustatzeko.

Katalunian aspaldian konpondu zuten kontua, ea guk ere noiz konpontzen dugun errotik.

Oraingoz, alde batetik eskola pribatu eta hitzarmendun elitistak klasistak ditugu eta bestetik eskola publiko  baztertzailea daukagu. Argi dago ikasleak hiru ereduetan bereiztea hizkuntza kontuetan desastre hutsa izan dela, hortxe orain arte egin diren ebaluazio guztien emaitzak;  ikasleak hainbat urtetan ordu luzeetan denbora “galdu” eta gero, elebakar irteten dira askotan gure hezkuntza sistematik, bai, baina desastre hutsa izan da gizarte berria eraikitzeko beste helburu sakonei begiratuta ere.

Eskola publikoan, eredu erdaldunenak  helburu akademiko apalenak  dituztenen biltokia izan da.  Eskola pribatuan ez. Baina eskola pribatuan eta hitzarmendunean dirua ordaindu beharrak ez duela zertan klasismoa ekarri behar eta beka sistemak elitismoa saihetsi duela uste duenarentzat besterik ez doaz kontuak ondo. Datuak hortxe daude, etorri berriek, proportzioan, gehiago jotzen dute eskola publikora hitzarmendunera baino eta gehiago eredu erdaldunetara bertoko beste edozein familiak baino. Eskola publikoak gizarte pitzadura hori konpontzen saiatuko da edo pitzadura sakontzen? (A eredua “indartuz”, esaterako).

Ikasleen emaitzak hiru multzotan banatzea ondo dago, baina ikasleak hiru eredutan banatzea ez. Gurasoen aukeratzeko eskubideari lehentasuna osoa eman behar zaie hizkuntza bat eta hiztun asko baztertzeko?



Denbora eta prezio berean elebidun bagina, hobe.

Felix Etxeberriaren argudioekin bat egin nahi nuke hemendik:

“(…) A ereduak ez du balio ikasleek euskara ikas dezaten. B
ereduak ere ez du helburu hori lortzen, D ereduari hurbiltzen zaionean izan ezik. (…)  euskara trinkoen lantzen duen eredu bakarraren aldeko hautua honako faktore hauetan oinarritzen da:

• Euskara modu eraginkorrean ikastea ahalbideratzen duen bakarra da.
• Hezkuntza-legediak agintzen duenari lotzen zaio.
• Familien artean joera nagusia da.
• Behar adina trebatutako irakasleria badago.
• Ikasmaterial eta testu egokiak badaude.
• Ikasleen arteko diferentzia soziokulturalak gainditzen laguntzen du.
• Etorkinen gizarteratzea errazten du.
• Beste herrialdeetako esperientzien bermea du”.

Laugarren puntua izan daiteke zalantzagarriena. Baina irakasleriaren azken urteotako bilakaera ona ikusita ez dirudi oraindik elebidun ez diren irakasle multzoa nahikoa aitzakia izan daitekeenik hainbat ikasle elebakar izatera behartzeko.

Felix Etxebarriaren argudioak, berriro ere, neure eginez:

“Gure proposamena eredu trinko baten aldekoa da, egungo ereduek baino hein handiagoan bermatuko duena ikasleek euskara nahiz gaztelania mendera ditzatela, baita egoera gaitzenetan ere (familia gaztelaniadun elebakarrak, ikasle etorkinak). Horretarako premiazkoak dira honako hauek:

• Eskolak beharrezko diren baliabideak izatea: irakasle trebatuak, irakasle laguntzaileak, itzultzaileak, materiala, bitartekoak…
• Ikastetxeek irakasle, ikasle eta gurasoentzat hezkuntza-proiektu erakargarri eta motibagarriak lantzea.
• Aisialdia eta eskolaz kanpoko jarduerak euskararen ikaskuntza bizkortzeko funtsezko baliabide gisa aprobetxatzea.
• Ingelesaren eta atzerriko beste zenbait hizkuntzen irakaskuntza behin euskararen eta gaztelaniaren ikaskuntza bermatu ondoren abian jartzea.
• Ikaslearen eskola-arrakasta bermatzea”.

Gure hezkuntza sistemak aldaketa sakon batzuk egiteko premia badauka. Utz ditzagun adabakiak eta hari zuriak praka beltzetan.



A ereduko traje honi adabaki berri pare bat erantsita berri-berria geratuko zait. (Argazkia by Minette Layne, Flckr, CC Aitortu-EzMerkataritzarako)

(1) ISEI-IVEIko txostenen arabera proba bat A eredukoentzat diseinatu zen eta beste proba mota bat besteentzat baina…

(2) Susmoa daukat zenbait B eredutan A eredurako diseinaturik zegoen euskara proba pasatu zitzaiela. B ereduak direnak izenez, izanez, A ereduak izaten dira edo D ereduak, edo tartean dagoen espektroko edozer.

Irakurri gehiago »

30/11/2009 GMT 1

KORREDAKZIOA ARAUGINTZAN: ITZULPENGINTZAZ HARATAGO

garruze @ 11:39

legebiltzarra.jpg 

Eusko Legebiltzarrak urriaren 28 eta 29an jardunaldi batzuk egin zituen Euskararen inguruan, Europako Hizkuntza Gutxituen esparru juridikotik aztertuta. Izenburua: Hizkuntza Gutxituak Administrazioan. Jardunaldi horietan parte hartzeko aukera izan genuen Eneko Oregik eta biok arau-idazketa elebidunaren beharraz hitz egiteko. Enekok, IVAPeko Itzultzaileen Zerbitzu-burua izanik, ondo ezagutzen ditu euskarazko lege-testuen historia, eta horri errepasoa egin ondoren, azken hogeita hamar urteetako itzulpegintzaz egin zuen gogoeta. Bere ondorioa: itzulpengintzaz haratago, beste urrats bat eman behar dugu araugintzan idazketa elebidunaren haritik. 

Ondoren duzue Enekoren hitzaldia oso-osorik.     

   




KORREDAKZIOA ARAUGINTZAN

Itzulpenaz haratago

 

Eneko Oregi Goñi

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala-IVAP
2009ko urriaren 29a
Josu, Jose Luis eta Joxe Mari gogoan
Jaun-andreok, lagunok eta adiskideok:
Zelai Nikolas lankideak eta biok egingo dugu korredakzioaz edo, bestela esan, arau-idazketa elebidunaz azalpen hau. Nik neuk, itulpengintzaren eta itzultzailearen ikuspegitik; Zelaik, berriz, legelariaren ikuspuntutik. Ahots bitan jardungo dugu, bada, eman diguten denbora erdibituta.

 

Hasi orduko, eta horrelakoetan gizalegeak eskatzen duen bezala, eskerrak eman behar dizkiegu antolatzaileei, zuen aurrean agertzeko ematen diguten aukeragatik.
Berritasun izugarririk ez ezazue espero. Azalduko duguna eta zuoi helarazten saiatuko garena korredazioaren aukera eta korredakzioaren beharra besterik ez dira, hots, idazketa elebiduna gure esku dagoen tresna bat dela eta, gainera, bai euskararen normalkuntzaren aldetik, bai araugintzaren kalitatearen eta demokraziaren beraren kalitatearen alderdiik ere, beharrezkoa dugula.

Euskal itzulpengintza juridikoaren argi-ilunak

Legeak ez dira inoiz euskaraz eman. Ez dut euskal itzulpengintza juridikoaren historiarik egin nahi, baina egokia izan daiteke euskara eta araugintzaren arteko lotura (loturarik eza, esan beharko genuke) labur-labur gogora ekartzea. Lehen egitatea: euskaraz ez da inoiz legerik egin edo, behintzat, ez da inoiz legerik idatzi. Euskal Herrietako testu juridikoak, guk dakigunera, hizkuntza arrotzetan daude idatzita, dela latinez, dela gaztelaniaz, gaskoinez edo frantsesez. 

Gogora dezagun, bide batez, euskal herrialdeetako Batzar eta Gorteek onartuak direla ezagutzen ditugun lege-arau zaharrenak (foruak) eta erromantzez daudela idatzita guztiak.

Badakigu euskara erabiltzen zela ahoz Batzarrotan, baina ez dago jasota XIX. mendera arte. 

Euskara erakundeetan: udalak

Aro modernora arte itxaron behar da euskara papergintza ofizialean, legeetan ez ordea, erabilia izaten ikusteko. XVIII. mendean zehar, zenbait testu ezagutzen dugu udaletako kontuekin: ordenantzak, gutunak, eta abar[1]. 

Ofizialtasuna: 1936-37

Euskararen ofizialtasunarekin etorri zen, halako batean, arauak euskaraz argitaratu beharra. 1936ko urriaren 9tik 1937ko ekainaren 17ra argitaratu zen lehen boletin ofizial elebiduna: Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoa - Diario Oficial del País Vasco.[2]

Jesus Leizaola burukidearen ardurapean, Azkue epailea, Leunda eta Eguna egunkaritk etorritako beste itzultzaile batzuk ahalegin saiatua egin zuten, egunetik egunera, euskarazko testu ulergarri eta zehatza sortzeko. Ez zuten bete-betean asmatu, tradizio faltak eta garaiko garbizaletasunak oso bide meharra uzten baitzuten. Ikusi adibidea:
IVAPek argitaratu du Egunerokoaren glosarioa.[3]

Autonomia berreskuratzea

Berrogei urteko ilunaldian, esan gabe doa, ez zen euskarazko arau-testurik argitaratu. Salbuespen dira, alde batetik, Pedro Puxanak euskaratutako Bizkaiko Forua[4] eta, bestetik, Ipolito Larrakoetxeak itzulitako Eliza Katolikoaren zuzenbidea[5] 

Erraz da ulertzen, testuon berezitasunak kontuan hartuta, itzulpenok izan zuten eragin mugatua. 

Autonomia berreskuratzerakoan, 1979ko Estatutuak euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zuen, guztiok dakizuen bezala, 6. artikuluan. Eta ofizialtasunaren ondorio zuzen, arauak, Autonomia Erkidegoarenak behinik behin, euskaraz ere argitaratu beharra eta, ondorioaren ondorio, euskaratu beharra. 

1980ko apirilaren 30ean argitaratu zen lehengoz Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria. Gerra garaiko Egunerokoaren oihartzun eta loturaz beteta: izena bera, izenburua, bi zutabetako egitura eta hainbat eta hainbat termino dira horren erakusgarri. 

Euskal itzulpengintza juridikoa: 1980ko abiaburua

Gogora dezagun, labur-antzean, zein zen, itzulpengintza juridikoari dagokionez, 1980ko egoera.

Alde batetik, hizkuntzari bagagozkio, euskal tradizio juridiko idatzirik eza eta euskal diskurtso juridiko autonomorik eza nabarmentzen da. Euskara zuzenbidearen munduan erabiltzeko ez ohiturarik, ez eredurik, ez baliabiderik eta ez maisurik ez zen gure artean. Ondorioz, diskurtso mailan zein terminologia mailan, ia hutsetik abiatu beharra (edota aurrekari apurrak ezagutu gabe) abiatu behar izan zuten araugintzako itzultzaileek. 

Itzultzaileei dagokienez, une hartan hasten ginen itzultzaile gehienon prestakuntza mugatua da nabarmenena: itzultzaile-prestakuntza akademiko berezirik gabe, artean itzulpen-ikasketa ofizialik ez baitzegoen, eta zuzenbide arloko prestakuntzarik ere gabe, lan-jardunean ikasi behar izan zuten (genuen) orduko euskal itzultzaileek...hanka-sartze ugariren akuiluarekin. 

Itzulpenen baliagarritasunari buruz, argi dago funtzio sinbolikoa zutela gehienetan, euskararen presentzia baieztatu eta berrestearena, alegia, gizarte arlo askotan une berean gertatzen ari zenarekin bat. 

Azkenik, eta lehen aipatu dudan eredu eta erreferentzia faltaren ondorio, bi hizkuntza- eta itzulpen-joera nagusi agertu eta garatu ziren 80. eta 90. hamarkadetan zehar, euskal zuzenbide-hizkeraren garapena baldintzatuz. 

Euskal itzulpengintza juridikoaren zer-nolakoak

Ia hogeita hamar urteotako balantze-moduko bat egiten hasi ezkero, aldatu diren gauzak eta aldatu ez direnak berezi beharko genituzke eta, azken horien artean, nabarmenena eta deigarriena litzateke, duda izpirik gabe, oraindik orain itzulpengintzak duen pisua, presentzia eta garrantzia. Izan ere, urte guztiotan barrena, ez da arau-testu bakarrik euskaraz sortu Euskal Herrietako inongo ganberatan. Euskaraz argitaratu diren Lege, Arau, eta Dekretu guzti-guztiak itzulpen bidez euskaratu dira. Utz iezadazue esaten errealitate honek ez diola mesede handirik egiten gure legegile eta araugileen euskalzaletasunari, ez eta beren ardurari ere. 

Eta ardurarik hartzen ez duenak inoren bizkar jartzen du ardura horren karga: itzulpenak ziurtatu behar izan duenez gero euskararen ofizialtasuna legegintzari dagokionez, itzultzailea gertatu da, nahi ala nahi ez, euskararen presentzia ofizialaren erantzule bakar. Zama larriegia, dudarik gabe, ganbera eta exekutibo guztiotan itzultzaileei aitortu izan zaien garrantzia eskaserako. 

Itzulpengintza izan bada zuzenbide-euskararen iturri bakarra, oso itzulpengintza berezia izan da, gainera: hizkuntza bakarretikoa, gaztelaniatikoa, alegia, eta beti norabide berekoa, gaztelaniatik euskararakoa, alegia. Gertakari honek izan dituen ondorioak ez dira ezkutatzeko modukoak. 

Euskal itzulpengintza juridikoa: balantzea

Euskal itzulpengintza juridikoaren hogeita hamar urteren buruko balantze moduko bat egiterakoan, lehenik eta behin alderdi positiboak, aldekoak laburtuko ditut. Ondoren, eredu horren mentsak, akatsak edota ondorio kaltegarriak. 

1)      I tzulpengintza juridikoa baliagarria izan da euskararen presentzia ziurtatzeko. Hau da lehenik esan beharrekoa: euskararen ofizialtasunaren eta aitorpen ofizialaren alderdirik ikusgarriena bistaratu izan da itzulpengintzaren bidez. Ez genuke, nire ustez gutxietsi behar erabilera “sinboliko” honek, maiz mespretxuz edo erdeinuz esaten den bezala, euskararen onarpen sozialerako duen garrantzia. 

2)       Itzulpengintza juridikoa baliagarria izan da euskal hizkera juridikoa landu, zaildu eta bateratzeko eta terminologia finkatzeko. 80. hamarkadako joeretatik abiatuta, gaur egun badugu itzulpengintza-molde homogeneo xamarra, diferentzia txikiak gora behera. Zenbait faktoren lagundu dute ibilbide honetan. Aipatu ditzadan, behintzat hiru: itzultzaileen prestakuntza, gero eta lantalde sendoagoak sortu izana (herri-administrazioetan, baina baita unibertsitateetan eta sektore pribatuan) eta  teknologia berrien ezarpena: itzulpen-memoriak, datu-baseak eta terminologia-baliabideak berebiziko aldaketa ekarri diote itzultzailearen lanjardunari[6]. 

3) Euskal itzulpengintza juridikoak, baina, arazoak ere baditu. Itzulpengintza-eredu jakin horren ondorio dira gehienak edota euskararen egoera soziolinguistikoarenak. Dena den, nekez saihestu zitezkeen orain hogeita hamar urte. Nire ustez, honela laburbildu daitezke: 

Estatus-aren aldetik, lehendabizi: Lege-testu guztiak eta herri-administrazioetatik ateratako (ia) guztia eta (ia) beti gaztelaniatik itzulia izateak, halako bigarren mailako ofizialtasun bat, ofizialtasun menperatu bat (subordinatua) erakusten du. Horren ondorioz, testuon baliagarritasun pragmatikoa eskasa izan da hogeita hamar urteotan (zenbait artikulu, zenbait demanda, zenbait eskritura euskaraz sortuak?) Horren ondorioz, ez da oraindik euskal diskurtso juridikorik sortu, hau da, zuzenbideaz eta zuzenbidearen kategoriekin idatziz arrazoitzeko eta arrazonamendua garatzeko eredu bat. Ez dagokie itzultzaileei betebehar hau, eragile juridikoei baizik, eta eginkizun dagoela esan besterik ez dut nahi.
 

 Corpus-aren aldetik gero: hizkuntza bakarretiko itzulpenak beti baldin badakar interferentzia arriskua, gurean argi eta garbi gertatu da, zuzenbidearen eta administrazioaren arloan hizkuntza-menpetasun bat: kalkoa, komunikagarritasun eskasa, hizkuntzaren kalitatea. Ez naiz puntu honetan luzatuko, aski ezaguna baita gu guztiontzat.

Ondorio horiek, esan bezala, berezkoak dira, itzulpengintza-eredutik zuzen datoz eta eredua baldintza onenetan gauzatuta ere agertu behar zuten. Azpimarratu beharrik ez dago, gainera, baldintzak ez direla onenak izan: itzultzaileen lan baldintzek, bakartasunean, testu-sortzaileengandik zeharo aldenduta eta gehiegizko epeen morrontzak ereduaren eragina gaiztotu besterik ezin zuten egin eta hala egin dute. 

Korredakzioaren ordua da

Gure ustez, beraz, korredakzioa posible egiten duten faktoreak garatu dira , hala nola:

l        Eragile juridikoak euskaraz prestatuago izatea. Zuzenbide-ikasketak euskaraz egin eta egiten dituzten ikasleen kopurua zabala da eta gero eta kalitate hobeko prestakuntza jasotzen dute. Ondorioz, euskara eta zuzenbidea profesionalki uztartzen dituztenak ohiko dira.

l        Herri-administrazioetan zuzenbidean euskaraz lan egitea posible da eta legelari euskaldun prestatuak eta eskarmentua dutenak badira.

l        Itzultzaileek ere, azkenik, unibertsitate mailako prestakuntza dute eta, beraz, solaskide erabakigarriak dira legelarientzat. 

Eta, bestalde, itzulpengintza juridikoaren molde jakin horrek euskararengan sortu dituen ondorio kaltegarriak gainditzeko aukera dakar korredakzioak.Euskaratze hutsaren aldean (bi hilabete idazteko, astebete itzultzeko), idazketa elebidunak

l        Testuak gaizki ulertzeko arriskua gutxitzen du;

l        Testuen hizkuntza-kalitatea hobetu dezake. Euskarazko (eta gaztelaniazko!) testu zehatzagoak, ulergarriagoak eta komunikagarriagoak ematen ditu;

l        Testu elebiduna izateko epe-denbora gutxitzen du, paraleloan lan eginez;

l        Zuzenbide-euskara autonomoagoa eta, beraz, euskarazko diskurtso juridikoa eraikitzea ahalbidetzen du eta, ondorioz, euskararen normalkuntzan aurrerapausoa dakar.

l        Legelariari bi hizkuntzetan trebatzeko aukera ematen dio.

l        Itzultzailearen lana osatzen eta jasotzen du. 

Laburbilduz, korredakziorako urratsa emateko heldutasuna iritsi dugula uste dugu.  

Korredakzioa zer da

Korredakzioa edo idazketa elebiduna (bilingual drafting) testu elebidunak sortzeko erabiltzen diren tekniken multzoa da. Geroago ikusiko dugunez, ez dago korredkzio-eredu bakar bat, molde eta jarduera desberdinak baizik. Esango genuke korredakzio deitu dezakegula baldin eta bi hizkuntzetako testuak paraleloan sortzen badira edota elkarri egokitzen bazaizkio, bata ez denean, beraz, bestearen iturri edo hura ez bada honen morroi. 

Idazketa elebiduna, zer esanik ez, testu-mota orotan erabili daiteke (txostengintza, publizitatea, eta abar) baina bereziki erabiltzen da bi hizkuntza dituzten herrialdeetan arau elebidunak idazteko. 

Korredakzioa nola gauzatzen da

Idazketa elebiduna elkarlanean oinarritzen da: hizkuntza biak menderatzen dituzten legelari eta adituen artean, edota legelari eta hizkuntza-adituen artean (itzultzaile edo jurilinguistak). Elkarlan horrek bakoitzaren ezagupenarekiko aitorpena eta begirunea eskatzen du eta partekatutako erantzukizuna onartzea. Legelaria edo lege-aditua zuzenbidearen kategorietan baldin bada iaioa, itzultzaileak bi hizkuntzen arteko baliokidetza lantzen daki. 

Elkarlan horrek diziplinartekotasuna eta hizkuntzaartekotasuna ditu oinarri, esan bezala, hau da, bi testuak sortzeko bi hizkuntzen arteko eta bi jakintzen arteko elkarrizketa eta feed-back-a sortzen eta elikatzen ahalegintzea. Helburua, noski, bi testuen baliokidetasuna eta bi-bien komunikagarritasuna ziurtatzea da.  

Idazketa elebidunaren printzipioak (OIT)[7]

Lanaren Nazioarteko Erakundeak honela laburbiltzen ditu idazketa elebiduraren printzipioak:

l        Testuaren bertsio guztiak baliokideak izan behar dute funtsean.

l        Testuaren bertsio bakoitzak zuzentasuna eta hizkuntzaren sena errespetatu behar ditu

l        Testuaren egitura berbera izan behar da hizkuntza guztietan, Atal, Titulu, Kapitulu eta artikuluei dagokienez. Paragrafoak eta lerrokadak ez dute zertan berdinak izan, hizkuntzak antolaketa desberdina eskatzen badu.

l        Testuaren bertsio bat ez bortxatu beste hizkuntza baten berezitasunei egokitu dakion.

l        Hizkuntza bakoitzean funtsezko mezua  emateko hizkuntza bakoitzari egokitu beharra dakar. Ondorioz, joskera berari eustea ez da ezinbesteko.

l        Testuaren bertsio guztiek ez dute esaldi-kopuru bera izan beharrik.

l        Bertsio baten agertzen den definizioa ez da agian beharrezko beste hizkuntza batean 

Korredakzioa non

Kanadan, jakina denez, frantsesa eta ingelesa dira hizkuntza ofizialak eta Parlamentu federalean idazketa elebiduna erabiltzen da legegintzako ohiko prozeduran. Gainera, ez dezagun ahaztu Kanadan bi tradizio juridiko daudela: kodegintzaren hariko zuzenbide frantsesa eta comon law ingelesaren harikoa.[8] 

Korredakzioaren helburua lege-egitasmo baten bi bertsio jator eta kauto sortzea da, idazle banaren arteko lankidetza estuaren bidez; hasi eta bukatu arte jardungo dute lankidetzan bi adituok, bakoitza hizkuntza bateko testuaren arduradun. 

Kasu berezietan, lantalde gehiago aritu daiteke testu luze eta konplexuen zatiak jorratzen.

Bi testuak ez dira elkarren itzulpen eta, beraz, kautotasun berbera dute.

Bi idazleek ohar-iradokizunak egiten dizkiote elkarri, bertsioak aldatu eta hobetzeko.

Bi idazleetako bat izaten da testugintzaren arduradun eta koordinatzaile. Oro har, bateratzailearen bertsioa beste idazleak aztertu eta komentatu ohi du. Lehenak, ondoren, iradokizun horien arabera testua aldatu eta besteari itzultzen dio, jarraibideen arabera azken bertsioa landu dezan.

Bi bertsioak itzultzaile juridiko edo jurislinguistek  eta idazlariek berrikusten dituzte, hizkuntza bien zuzentasuna (gramatika, joskera, estiloa, antolamendua eta koherentzia ziurtatzearren. 

Belgikan hiru eskualde eta hiru hizkuntza-komunitate daude, frantsesa, frandriarra eta alemaniarra. Ohikoa da korredakzioa legegintza federalean. Praktikan, Lan eta Lan-harremanen Ministerioak prestatutako lege-egitasmoak Ministerioko aholkularitza juridikoko legelariek idazten dituzte.

Gaiaren araberako abokatu adituak bere ama-hizkuntzan idazten du testua (frantsesez ala flandrieraz), beste hizkuntza menderatzen duen beste legelari batekin elkarlanean.

Bi testuak batera idazten dira, koherentzia eta baliokidetasuna bermatzeko. Sarri, bertsio bat berriz idatzi behar izaten da, besteak beste, beste hizkuntzarako itzulpen egokiagoa egin ahal izateko. 

Hizkuntza ofizial bi ala gehiagoko hainbat herrialderi buruzko informazioa izateko, Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberak bildutako gida hau kontsultatu dezakezue. 

Espainian ere bada korredakziorik. Guk dakigunez, gutxienez Alacanteko eta Ourenseko Diputazioek bultzatzen dute idazketa elebiduna, ez araugintzarako, baizik eta administrazio-lanerako.[9] 

Korredakzioa Jaurlaritzan

Zelaik gero zehatzago azalduko duen bezala, Xedapen Orokorrak egiteko Prozeduraren 8/2003 Legeak ez du euskara edo xedapenak euskaratu beharra aipatzen ere. 

Iaz aipatu zen lehendabiziko aldiz korredakzioa, Herri-administrazioetan euskara normalizatzeko Irizpideak (2008-2012) dokumentuan, Joseba Lozanori esker. 

Aldi berean, IZOk bere bezeroei ere iaz eskaini zien, itzulpen hutsaren partez, korredakzioa egiteko aukera. Gure asmoa, esperientzia gehiago egitea da, idazketa elebidunaren prozedura eta metodologiak jorratu eta apikatzen ikasteko. 

IZOren interesa ez da berria. 1999 urtean, Nicole Fernbach andrea ekarri zuen Euskal Herrira, mintegi batean Kanadako idazketa elebidunari buruz hitz egiteko. Administrazioa Euskaraz aldizkarian irakurri daiteke Fernbach andrearekin elkarrizketa.

Deustuko Unibertsitatean egindako Eleaniztasunari eta teknika legegileari buruzko Sinposioaren haritik ere, 2001ean hainbat solaskiderekin erreportajea argitaratu zuen aldizkari horrek.[10] 

Azkenik, Deustuko Euskal Gaien Institutuarekin batera IVAPek 2007ko abenduan antolatutako Arau-idazketa elebidunari buruzko Kongresuan aztertu genuen korredakzioa. 

Egindako bi saio

Idazketa elebiduneko bi saio egin dira, bestalde, Jaurlaritzan, metodologia desberdinekin eta iraupen eta emaitza desberdinekin.

 

Lehendakariordetzako Begoña Perez de Eulate zuzendariari esker, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenei buruz eta zerbitzu-trasferentzien egoerari buruzko datu-basea euskaraz ere lantzea eta, itzulpen hutsaren partez, bi bertsioak landuz egitea erabaki zen. Hiru urtean zehar aritu dira lanean Lehendakariordetzako Zelai Nikolas eta Gorka Gonzalez de Zarate eta IZOko Oskar Arana, fitxak eta laburpenak idatzi, itzuli eta elkarrekin berrikusten. 

EHAAren Dekretua

Izaera orokorreko xedapen bakar batean egin ahal izan dugu orain arte korredakzioa.

Lehendakariordetzak hala eskatuta, Dekretua prestatu behar zuen lantaldean itzultzaile bat sartu zen, IZOko Aitor Ugarte, hain zuzen.
Dekretu-asmoaren aurkibidea eta egitura erabakita zeuden itzultzailea lantaldean sartu zenerako, baita lehen zirriborroa idatzita ere. Zirriborro horren lehen itzulpena egin, lantaldean berrikusi eta egokitu izzn zen erabilitako metodologia.

 

Horrela landutako testua ez zen, azkenean, argitaratu, baina saioa dokumentatuta dago eta lantaldeen eta itzultzaileen arteko elkarreragina aztertzeko balio izan zigun.

Aurrerantzean, zer?

Itzultzaile Zerbitzu Ofizialetik, esan dudan bezala, eskaini diegu gure bezeroei (Jaurlaritzaren Administrazioko erakundeei, alegia) korredakzio-zerbitzua.

Baina korredakzioa edo idazketa elebiduna araugintzan erabiltzeko, ezinbestekoa da ikasketa-jardunbide zabal bat abian jartzea. Gure asmoa mintegi bat sortzea da, eta interesa erakutsi dezaten lantalde guztiak biltzea, euskal idazketa elebiduna aztertzeko, esperientziak balioztatzeko eta partaideak prestatzeko. 

Dena den, korredakzio saio gehiago gauzatzea da, nire ustez, lehentasunezko lana: eskarmentua pilatu, benetako arazoei aurre egin eta itzultzaile eta legelari interesdunei jardunean prestatzeko aukera eskaintzea, alegia. Beraz, elkarlanerako eskua luzatzen dizuet guztioi, eta aditzeagatik eskerrak ematen. Zelairen txanda da orain.

Eskerrik asko. 


[1]   Ikusi, Treviño, Imanol, Administrazio Zibileko Testu Historikoak, IVAP, 2001; edota http://klasikoak.armiarma.com/zaharrak.htm
[2]          Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoa - Diario Oficial del País Vasco, Leopoldo Zugaza, Durango1977.
[3]          Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoa (1936ko urritik 1937ko ekainera) -Hiztegia- Diario Oficial del País Vasco (octubre 1936-junio 1937), IVAP, 1997
[4]   Puxana,Pedro, Bizkaiko Forua, 1987
[5]   Larrakoetxea, Ipolito, Erromako Eleizearen Araudia, Kardaberaz bilduma, Tolosa, 1978

[6]    Ikusi, adibidez, euskal legezalea web gunea edota IDABA aplikazioa Jaurlaritzan.

[7]    Ikusi Guia sobre la legislación laboral, eta bereziki 10. kapitulua (normas para la redacción) eta berezikiago, “Redacción bilingüe”

[9]    Ikusi deialdi hau.

Irakurri gehiago »

16/11/2009 GMT 1

Idazketa elebidunaren alde urratsak ematen

garruze @ 08:46

sinadura2.jpgJaurlaritzako legelari talde batek idazketa elebiduna susta dadin sinadura bilketa martxan jarri du.

Sailez sail bilduko ditugu ekimenarekin bat egin nahi dutenen sinadurak, urtarrilak aldera Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako arduradunei aurkezteko. Une honetan IVAPeko lankideak ari dira sinatzen. Jakinaraziko dizuegu hurrengo sailera heltzen denean.

Baina zer da idazketa elebiduna? 

Arau idazketa elebidunaren bidez, lege-testuak eta administrazio gainontzeko dokumentazioa hasieratik bukaeraraino gizarte batean ofizialak diren hizkuntzetan lantzen dituen teknikari deritzo. Gure kasuan, hortaz, testua euskaraz eta gaztelaniaz  sortu eta landuko litzateke hasieratik argitaratu bitarteko prozesu osoan zehar, hizkuntza bakoitzaren egitura, autonomia, nortasuna eta kalitatea bermatuz eta errespetatuz.

Gaur egun, gurean, arauak eta gainontzeko testu juridikoak (erabakiak, ebazpenak, protokoloak...) sortzeko prozesu guztia gaztelania hutsez egiten da, eta kasurik onenean, buletinean argitartu behar denean edota herritarrari jakinarazi behar zaionean euskarara itzultzen da, euskara horrela gaztelaniaren menpeko bihurtuz.

 

Nazioarte mailan hainbat erakunde dira dagoeneko teknika hori erabiltzen duten gobernu eta erakunde (Kanada, Belgika, Hong Kong, Nazioarteko Lan Erakundea, Europako Batasuna...). Hain zuzen ere, beren elebitasun ofizialaren izaera papereten adierazteaz gain, beren ekintzetan azalarazi nahi duten estatu eta erakundeak. Hori da guri egitea falta zaigun urratsa, alajaina.

 

Idazketa elebidunaren bidez, testu juridikoen idazketa lankidetzan egiten da. Lankidetza da hortaz idazketa elebidunaren ezaugarri nagusi bat.

 

Lankidetza hori aldiberekoa izan daiteke, hala nola korredakzioan, edota kronologikoki antolatua (euskaratze tutorizatua edo itzulpen gainbegiratua). Nolanahi ere, idazketa elebiduneko teknika guztietan ez dago idazkiaren erantzule bakarra. Aitzitik, bi hizkuntzetako egileak dira ( bi legelari edo legelaria eta hizkuntzalaria) arduradunak eta ados jarri behar dira testuaren helburu, plan, aurkezpen, estilo, terminologia, tonu eta gainerakoetan.  

  

Irakurri gehiago »

03/11/2009 GMT 1

Noiz masturbatuko gara euskaraz?

martinrezola @ 16:53

images59.jpgEusko Jaurlaritzako langile guztiok mezu hau jaso genuen ordenagailuan lehengo ostiralean, gozieko 10:00etan: 

                         Odola eman/Dona sangre 

                    Gaur Lakua 2an Ardua 9.15-13.30 

          Hoy en Lakua 2 entre las 9.15 y las 13.30

Alde batera utzita despistea norena izan zen, horrek ajola gutxi baitu (azken batean, denoi eskapatzen zaizkigu noizean behin “Donosita” bat edo “Gastéis” bat…), errakuntza polita zela iritzi nion: "Honek badu gaia hitz-jokoetarako eta puska batean barre batzuk egiteko! Ai Anjel Lertxundik harrapatuko balu…! Imajinatzen hasi nintzen ondorengo komentarioak… «Dona vino», «Odola ardo bihurturik, meza sekretuak Lakuan», «Banpirismoa Jaurlaritzan»...  


Denbora pasa zen, ordea, eta pozaldia kezka-putzu bihurtu zitzaidan. Gaztelaniazko zuzentzailearen bihurrikeriak eskura jarritako aukera galde genuen, eta irririk ez. 
 

Baten bati babukeria galanta irudituko zaio. Niri sintoma kezkagarria. Askotan jarduten dugu kexaka, erredioska eta mekabenka (eta jarraituko dugu, osasuna lagun), eta a  ze gutxi dibertitzen garen euskaraz!

Asisko Urmenetaren hitzekin gogoratu naiz: 

 

«Euskararen inguruan izan dudan inpresioetako bat, beti erasoak salatzen eta beti penetan dagoenarena da. Baina noiz masturbatuko gara, noiz egingo dugu irri, noiz gozatuko? Beste hori ere sortu behar dugu komunitate sano bat egin nahi badugu: beti penetan egon beharrean, gure sauna ttikiak, gure jacuzziak, gure errekak behar ditugu bainatzeko...»

 



Martin Rezola (edo “Martin Retoza”, behin zuzentzaileak lizunki proposatu zidanez.)

02/11/2009 GMT 1

Fakturak eta jakinarazpenak euskaraz

tiraka @ 15:33

Sustatun irakurri genuen duela aste pare bat. Aurrekiz-kutxa, gasa, telefonoa... konpainiek bidaltzen dituzten fakturen inguruko ohar eta gomendio interesgarriak, blogari baten eskutik. Erantzun bidez osatu egin da pixka bat.

28/10/2009 GMT 1

Euskadi profunda, lehendakari superficial baten aburuz

martinrezola @ 09:22

Kirmen Uribe zoriontzeko Lehendakariak idatzitako artikulu hura irakurri nuenean, zur eta lur geratu nintzen Uribe “en la Euskadi profunda” jaioa dela esan zuenean. Ez zitzaidan batere egokia iruditu eta halako egoezin batekin geratu nintzen. Atzoko El País-eko edizioan, Anjel Lertxundik azaldu zizkidan tripako minen arrazoiak. Eskerrik asko, Anjel.

 


"(…) Baina gure kasuak badu besterik ere: Euskadi profunda esaten denean, hizkuntza ere tartean dago. Euskara da, aldez edo moldez, lurralde bat Euskadi profundan kokatzeko ezaugarri ezinbestekoa: Goierri ETAkideen bihitegi izan zenetik gaurdaino, Euskadi profunda erabili izan denean, euskara paketean joan da. Areago: Euskadi profunda deitzen zaien lurralde horiek gehienetan ekonomikoki aurreratuak baitira, susmoa dut izendapen horrek bilduko lituzkeen ezaugarriak abertzaletasunaren (ideologiaren) eta euskararen (inkulturaren) eremuetan bilatu beharko nituzkeela nagusiki.Nork bere mundu-irudia du, baina horrek ez du deus legitimatzen: euskal hiztunok ere badugu geurea, baina nire lana ez da nire talaiatik ikus nezakeen beste balizko Euskadi sakon bat deskribatzen hastea, hango lurraldeak izendatzea, gaitzestea, zanga zangago egitea. Hitzen eta espresioen erabilera zuzen batetik abiatuta eraikitzen da lurraldeen eta hizkuntzen arteko harmonia. Eta oker ez banago, horixe du lehendakari batek egiteko nagusi."

 

08/10/2009 GMT 1

300etik gora mintzalagun Gasteizen

tiraka @ 08:18

Hirurehun pertsonatik gora aritu ziren iaz, Gasteizen, Mintzalaguna programan, berrogeita hamar taldetan banatuta.

Parte hartzaileek oso ontzat jo dute esperientzia, jasotako iritzien arabera.

Mintzalaguna Egitasmoak aisialdian euskara praktikatzeko eta praktikatzen laguntzeko aukerak eskaini nahi dizkio euskal hiztun orori. Horretarako, hainbat jarduera proposatzen dira, taldeka, dinamizatzaile baten koordinaziopean.

Izena emateko epea urriaren 15etik 31ra bitartean izango da. Edozein euskaltegi edota gizarte etxetan egin daiteke. Urte osorako matrikula, 10 euro. 

Xehetasun gehiago, Gasteizko udalaren webgunean. 

Egilearekin harremanetan jarri | Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!