Funtzio Publikoak bidalitako analisi funtzionalei buruzko inkestak euskaraz betetzen hasi ginen langile batzuk ustekabean ohartu gara testuak traketsak, ulertezinak eta guztiz aldrebesak direla. Handik gutxira, batzuek planto egin dutela, beste batzuek, nola edo hala, gaztelaniazkoa makulu-eta aurrera egitea erabaki dutela…, poliki-poliki han eta hemen entzundako zurrumurruen bitartez jabetu gara gauzak bide okerretik zihoazela hasiera-hasieratik. Eta, halako batean, beste itzulpen bat prestatzen ari omen direla eta epea luzatzeko aukera izango dugula jakinarazi zaigu pertsonaleko lankideen bitartez.
Ez zaigu bidezkoa iruditzen hizkuntza-eskubideekin hain arinki jokatzea. Oso larria deritzogu gertatutako guztiari, baina larriagoa irudituko litzaiguke afera ixilka-mixilka, banan-banan langileei beren inkesta berria eskuratu eta epearen luzapena jakinaraziz konpondu nahi izatea. Horregatik eskatzen diogu Funtzio Publikoari jendaurrean eta Geutzen-en bidez formalki eman dezan gertatutakoaren berri eta arrazoi dezan zergatik luzatuko duen inkestak euskaraz betetzeko epea.
Jokoan ez dago bakarrik analisi funtzionalen emaitza bera; jokoan Administrazioak hizkuntza-eskubideekiko duen errespetua dago, Jaurlaritzaren sinesgarritasuna eta Hizkuntza Politikako arduradunen eta Euskararen Aholku Batzordearen benetako eragina eta indarberritzeko gaitasuna.
Guri ere ez zaigu gustatzen beti erresistentzian aritu behar izatea; nahiago dugu egitasmo ilusionagarri eta positiboei begira jardutea, baina batzuetan txanpon beraren bi aldeak dira, eta bioi ala bioi ekin beharra dugu. Hau ez da Europak edo Espainiak ezartzen digun marko hertsatzailearen ondorioa, hau Eusko Jaurlaritzaren muin-muinetik sortutako bidegabekeria da. Eta etxekalte jokatu nahi ez badu, Jaurlaritzari dagokio konponbidea ematea ahalik eta erarik txukun eta duinenean.
Tiraka taldea