Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Tiraka
Administrazioan euskara erabiltzeko

Artxiboa: Martxoa 2010

30/03/2010 GMT 1

Zero patatero

egorospe @ 14:33

Ramón Etxezarretaz itaundu eta “joan” ei dabe erantzun: gora euskal umorea. Etxezarretaren aurretik beste bat ere joan ei eben: Igor Kalzada; baina honek –berak esandakoa da– nahiko denbora izan omen zuen bederatzi hiletan bere eginkizun eta helburuak betetzeko. Kar, kar, kar.

 Erronka kontua da, nonbait. Zenbat eta helburu gutxiago jarri, hainbat eta lan gutxiago gauzatzeko. Horixe da babesik hoberena porrotaren aurrean.

Lehenengo Kalzada, eta orain Etxezarreta. Honek ere bere helburuak beteak izango ditu. Euskarak ez du premia larririk, ez eta ekimen beharrik, ez eta hausnarketa (...). Hortaz, zergatik jarraitu? Aspertzen jarraitu baino, hobe uztea.

Nire kolegarenak nauka harrituxe, baina: “joan” ei dabe. Sintaxi arraroa horixe. Bere ordez, gainera, Ausmendi jarri “dabe”, edo “da”? Eta honen ordez beste emakume bat, Begoña Muruaga jarri "dabe" edo "da", lorez lore  saltoka ibiltzea izugarri maite duen beste emakume bat.

Horixe beharko, agian, euskarak: emakumearen ukitu berezia. Funtzionatzen ez duten arlo guztietan lelo berbera: emakumearen eskuartzeak/ukituak konponduko luke. Ivan Igartuaerrusiarrak”, edo EE ohi, UA ohi, ez dakit zer OHI gehiago, eta orain independientea (kar, kar, kar) den Patxi Martinez de Marigorta (barkatuko dizkidak, Patxi) izango dute ba zer esanik, uste izango baitute -aurrerantzean ere- kontuak gaizki ateratzekotan eurak –gizonak- izango direla errudunak.

Ni, nire xumetasun honetan, beste iritzi batekoa naiz, emakumezkoekin zerikusirik ez duena: kargu utzi(arazi)takoek lotsa apurren bat erakutsi gura izan dute, urtebete eta gero ez dutelako ezer egin. Eta irizten nion, halaber, besteek ere antzera jokatu beharko zuketela, ze karguak ez dira betetzeko bakarrik; emaitzak erakusteko ere badira. Eta orain arte: zero patatero.

Ez ei da holan izango: Auzmendik gora egingo du. Beti gora begira. Eta Martinez de Marigorta, lehengoari eutsiz; auzokoak zer esango duen gutxi axolaz, lehendik ere erakutsi izan ei duen eran. . 

Irakurri gehiago »

26/03/2010 GMT 1

Holakoak behar ditugu

martinrezola @ 13:36

Aspaldian ez genuen Juen Arexolaleibaren berri, eta a ze gozatua hartu dugun azkenenengo Larrun gehigarrian egin dioten elkarrizketa irakurtzean. Transmisioa, hizkuntza-politika, eleaniztasuna… xehe-xehe errepasatzen ditu geure buruko minen eta pozen iturriak. Azterketa bikaina, nire ustetan.

Mamian sartu gabe, Arexolaleibarena bezalako diskurtso serio eta funtsatuak ikusten dira gero eta gehiago. Esan nahi baita soziolinguistikaren ikuspuntutik eraikitako diskurtsoa –zientifikoa ere esango nuke–; tamalez oihartzun mediatiko handiagoa lortzen duten eta onkeriaren, epelkeriaren eta beste interes handiagoen abaroan sortutako beste batzuek erdi-zokoratutako diskurtsoa (konparatu, adibidez, hemen esaten direnak Euskara 21 ofizialean esaten direnekin).

 

Eta galdera sortzen zait: hizkuntza-politikaren hariak mugitzen dituztenek, zergatik ez dute pentsamendu-ildo hau baliatzen haien egitasmoak martxan jartzeko? Zergatik aipatzen dituzte hainbeste aldiz, haien txostenetan, Mitxelenaren «Erdara ere hemengoa da, gero!» famatua bezalakoak, puntako euskal idazleen aipu bakan batzuk ere bai, adornatzeko, eta kitto. Eta zergatik ez da jasotzen berariaz alor hau landu duten beste askoren ekarpena? Zeintzuk dira, adibidez, Euskara 21 txostenean agertzen diren erreferentziak? Zergatik ez da Fishman aipatzen, edo Zalbide, edo JM Odriozola, edo Arexolaleiba?

 

Hirigintza proiektu bat aurerra eramateko, arkitektuak, ingeniariak… behar diren bezalaxe (eta ez poetak), soziolinguisten ekarriaren falta ikusten dut hizkuntza-politikaren eremuan (poeta, idazle eta filologo guztienganako errespetuarekin esanda, noski).

Irakurri gehiago »

24/03/2010 GMT 1

Euskararen egoerari irizten (II)

marytwo @ 14:19

Juan Ignazio Hartsuagaren Euskararen egoerari irizten aipatu genuen lehengoan labur-labur. Bere sinpletasunean eta laburtasunean gogoetarako aukera ematen duelakoan, berriz ere ekarri nahi izan dugu hona, oraingoan Hainbat dogma eta uste ustel izeneko atalari erreparatzeko.

  

Bost dogma aipatzen ditu Hartsuagak, bakoitzari dagokion azalpentxoarekin, eta aldez aurretik abisatzen du mingarri gerta daitezkeela zenbaitentzat:

 

«Errealitatea ikusi nahi ez duenari ikus araztea ez da lagunak egiteko biderik egokiena izan ohi. Are okerrago, gizarteko talde bati ekin beharrean, guztiei ekiten badiezu. Halera norbaitek egin behar hori ere. Mundu daitekeenari aurretik esaten diot borondaterik onenarekin eginten dudala. Eta noski, arestian erreklamatu ditudan galdeketen erantzunak jakin ezean, teorizatzen ari naziela eta oker egon naitekeela aitortuta.»

 

Eta ondoan bost dogmok:

 

Euskaldunek euskara maite dute

 

Euskara ez da inposatu behar

 

Euskadin ez dago hizkuntz bizikidetza arazorik

 

Euskara ez du inork bere altxor pribatutzat hartu behar. Euskara guztiona da.

 

Euskararen berreskurapena presarik gabe eta zenbait belaunalditan zehar burutu beharko da

 

Beste batean “Zer egin?” izeneko pasartea ekarriko dugu, edo inkesta soziolinguistiko ez-ohiko baten proposamenaren zirriborroa.

Irakurri gehiago »

22/03/2010 GMT 1

«Euskaldunok autoestimua ezin beherago dugu»

burunda @ 15:03

napartheid.gifImanol Minerren hitzak dira, berrian jasoak. Ingurukoak eta ni neu hitzokin bat gatozenez gero, hona ekarri dut elkarrizketaren parte bat.

Argazkiaren lekuan, Lantalan, EMUNen blogetik ekarri dugu Asisko Urmenetaren marrazki dagoeneko mitikoa.

Horratx elkarrizketa. Merezi du.

Ba ote dute euskaldunek gutxiengo izatearen kontzientzia?

Gutxiengo izatea ez da arazo nagusia. Arazoa da ez garela antolatzen gizartean leku bat egiteko. Zain gaude, konponbideak nondik etorriko zaizkigun. Soluzioak ez dira kanpotik etorriko. Horretaz jabetu direnek egin behar dute antolatu. Autoantolaketa da giltzarria.

Feministek, homosexualek eta bestek erabili ohi dute empowerment, edo jabetzea, kontzeptu hori. Zuk euskarara ekarri duzu. Nolatan?

Hori egiaztatze batetik dator: euskaldunak bigarren mailako herritarrak gara. Euskaldun gisa nortasun krisi bat dugu, eta ikusten dut autoestimua ezin beherago dugula. Portaera aztertuta, ondorioztatzen da euskalduna otzana dela. Normalki, isildu egiten gara, elebakarrari alfonbra gorria jartzeraino: barkamena eskatzen dugu, erraztasun guztiak ematen dizkiogu, gazteleraz bestea eroso senti dadin. Justu, erreproduzitu nahi ez dugun portaera erreproduzitzen ari gara. Hori gertatu da oso jazarpen egoera gogorrak ezagutu dituzten beste giza talde batzuetan. Oso ibilbide luzea egin du feminismoak, esate baterako, eta arrazarengatik diskriminatu dituztenek, gay eta lesbianek eta transexualek... Giza talde haiek bide bat egin dute, beren egoeraz jabetu eta horri buelta emateko. Mugimenduak antolatu dituzte, eta horien presio eta lanketak eragin du administrazioak ere aintzat hartzea, politika publikoak martxan jartzea... Euskaldunok ukazioa bizi dugu maila guztietan. Horrek parean jartzen gaitu beltzekin, emakumeekin, gay eta lesbianekin....

Azken finean, zuriak eta mendebaldarrak dira euskaldunak. Ez ote dituzte buru berean kolonizatua eta kolonizatzailea, bi-biak?

Biak daude hor; eskizofrenia gisako batean bizi gara. Esperientzia hori guztia digeritu behar da, arrazionalizatu, jabetu. Nik esaten dut armairutik bi aldiz atera nintzela: sexu identitateari dagokionez, gay gisa, eta gero hiztun gisa, kultur identitateari dagokionean. Konturatu nintzen abertzalea baino lehen gauza asko nintzela, tartean euskalduna, eta askoz gauza gehiago nituela beste euskaldun batekin partekatzeko. Nazionalista ez omen direnekiko desadostasunak non datoz? Lurraldearen antolaketa politiko-administratiboan. Noski, herrialde indoeuroparrek identitatea horren gainean eraikitzen dute. Guk, ez derrigor. Tradizioak erakusten digu hizkuntza praktikaren gainean eraikitzen dugula identitatea...

18/03/2010 GMT 1

Andu Lertxundi sinadura bilketaz ari

burunda @ 10:21

lertxundi.jpg

Hitz beste bloga elikatzen du txukun eta langile, Andu Lertxundik egunero-egunero, berriaren edizio digitalaren barnean..

Gaurkoan Tiraka taldearen ekimen bat aipatu du bertan, eta horrekin nahikoa, eguna alaitu digu.

Horratx :

Baliagarritasuna

...

Xosé Luis Méndez Ferrín idazlea elkarrizketatu dute Tempos novos hilabetekarian… ideia bat dakart hona, elkarrizketagileak ere titularretara eraman duena:

“Gailegoaren etsaiek berebiziko interesa dute hizkuntza ez dadin baliagarria izan.”

Auzia geurera ekarriz: ezein koloretako hemengo klase politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalaren praxia egunerokoak euskara baztertzen du bere jardunetik. Ez du euskararen baliagarritasunean sinesten, erreminta izateko aukera ukatzen dio praxiak, mezuaren efikazia eta oihartzuna lehenesten ditu prentsa-aurre, parlamentuko jardun eta debate sozialetan. Ez da, tamalez, diskurtso gainditua, errealitateak ez du diskurtsoa zaharkitu. Adibide xume bat: irakurri berri dugu Lakuan 292 sinadura bildu dituztela Jaurlaritzan euskaraz ere jardutearen alde.  

15/03/2010 GMT 1

292 SINATZAILE JAURLARITZAN EUSKARAZ ERE LAN EGITEAREN ALDE

tiraka @ 08:49

sinadura22.jpgJakin dakizuenez, udazken aldera sinadurak biltzeari ekin genion Jaurlaritzako langileen artean, administrazio honetan euskaraz lan egitea bultzatzeko. Behar bada, honezkero zuetariko asko zuen buruari galdetzen hasiak izango zarete: “eta… zer egin behar ote dute sinadura haiekin?” Bada, bakoitzari berea, hori da legea.  

Urtarrilean ekimen honen sustatzaileok batzar bat izan genuen sinadura bilketa nola joan den eztabaidatzeko, eta batik bat, hemendik aurrera elkarrekin egin beharreko urratsak nola kudeatu behar ditugun hausnartzeko.  

Ezer baino lehen, jakin ezazue berrehun eta laurogeita hamabi (292) sinadura batzea lortu dugula, eta beste inork sinatu nahi badu garaiz dabilela oraindik. Ez da batere kopuru makala, ez horixe!    

Gure arteko batzarrari hasiera emateko euskarak egun Jaurlaritzan duen lekuari buruzko gogoeta bati ekin genion, gero azken urteotan izandako bilakaerari gainbegiratu bat emateko eta, azkenik, etorkizunari begira ditugun erronkak finkatzeko.  Gogoetari dagokionez, labur-labur, ideia batzuk.

Euskaraz dakiten langileak badaude. Duela urte batzuk Jaurlaritzak ez zituen bere langileak euskaraz lan egiteko prestatuta. Azken urteotan, hortaz, hizkuntza eskakizuna egiaztatu duten lankideek ahalegin handia egin dute euskaraz ikasteko.

Bestalde, gero eta gehiago dira azken urteotan unibertsitateetatik ikasketak euskaraz ikasita Jaurlaritzara sartu berri diren lankideak. Hala ere, ezin esan ez batzuek eta ez besteek gure eguneroko zereginetan euskarazko prestakuntza hori praktikan naturaltasunez jar dezakegunik.  

Datu ofizialen arabera, Eusko Jaurlaritzan %60 inguruk hizkuntza-eskakizunen bat du egiaztatuta, eta, %44 inguruk, betetzen duen lanpostuari dagokiona. Hau da, badago langile nahikoa euskaraz lan egiteko, eta hala ere herri administrazioetan, oro har, sortutako testuen %66 oraindik itzuli egiten da, eta gainerako gehien-gehiena gaztelania hutsean zabaltzen da.

 Euskara berezko hizkuntza dugun arren eta izaera ofiziala eduki arren, oraindik ere, urte hauek guztiak eta gero, euskarazko lan-jarduera administratiboa uharte isolatu modukoa da. Zerbitzu oso zehatzetatik kanpo (IVAP eta Hezkuntzako Euskara Zerbitzua, besteak beste), Jaurlaritzan euskarazko lan-jarduerarik badago, gutxi batzuen borondateari esker da. 

Euskaraz lan egiteko tresnak ere baditugu, itzulpengintzan eta administrazioko hizkera errazteko egin den ahaleginari esker:

  •  gaur egun terminologia teknikoa finkatze bidean dago,
  •  hizkuntza argiaren inguruko gogoeta sendoa egina eta proposamenak eskuragarri (ARGIRO liburuak, estilo-liburuak…),
  •  hiztegiak eguneratuta (Hiztegi Batua, Elhuyar, Orotarikoa…),-          aholku-zerbitzuak (duda-muda…) laguntzeko prest etab.

 

Beraz, behar besteko gaitasuna duten langileak egonik, baita baliabideak ere, gure ustez, falta duguna honako bi osagai hauek dira:

 a) Langile eta arduradun politikoen borondatea: Ohiko zereginetan naturaltasunez euskaraz ere lan egiteko falta zaigun ezinbesteko osagai bat gu guztion borondatea da, gu guztion gogoa, nahi izatea alegia. Hori dela eta, azken hilabeteotan Eusko Jaurlaritzan martxan dugun sinadura bilketaren bidez hainbat langile euskaraz lan egitearen alde azaldu gara. Gutariko asko gure lanpostuetan euskaraz ere lan egiteko prest gaude. Horra hor gure eskerrik beroenak atxikimendua azaldu duzuen guztiei!! 

Jakitun gara,halere, lan ohiturak aldatzea zaila izaten dela eta ziurrenik denok ahalegin berezia egin beharko dugula horretan, euskaraz lan egiteko prestutasuna dugunetik hasita eta euskaraz ez dakiten lankideen jarrerak egokitzeraino. 

b) Jaurlaritzaren barne-antolaketa: Halaber, administrazioaren lan-jarduera oso zabala da eta eremu bakoitzean euskarazko zereginak zehazteak bere berezitasunak izango ditu. Horrela, badugu alde batetik, administrazio-jarduera orokorra (hala nola, kontratazioa, errekurtsoak, diru‑laguntzak, kontabilitatea, finantza-eremuak, interbentzioa, zigor-eskumenak…); eta bestetik, legegintza ingurukoak. Eta ziurrenik eremu bakoitzak bere erritmo eta neurri bereziak beharko ditu, baina eremu guztietan egon badago nahikoa gaitasuna euskarazko lan-jardunari heltzeko. 

Erabilera-planen baitan bada zer eginik zentzu horretan eta nazioarteko esperientziak dio badirela moduak eta tresnak erakunde publikoetan hizkuntza koofizialak modu egokian eta naturaltasunez erabiltzeko (Kanadako esperientzia hor dago korredakzioaren inguruko proposamenarekin, Nazio Batuetakoa ere, Hong Kong-ena…). Hizkuntza ofizialak lan-prozesuaren hasiera-hasieratik hartu behar dira kontuan eta ez bukaeran soilik, hau da, jakinarazpena egiterakoan edo araua argitaratzekoan etab. Gure kasuan ere, gure bidea aurkitu behar dugu.  

KULTURA SAILARI AURKEZTUKO ZAION PROPOSAMENA: 

Hori dela eta, eskaera bat egin nahi diegu Jaurlaritzako arduradun politikoei. Sar dezatela gai hau haien lehentasunen artean eta has daitezela behar diren erabakiak hartzen langile euskaldunok euskaraz ere lanean jar gaitezen. Gu bide horretan laguntzeko prest gaituzte.  

Datozen egunotan bilera ofiziala eskatuko diogu Kulturako sailburuari eta bere lantaldeari sinadura bilketaren berri emateko eta gai hau beraiekin lantzeko prestutasuna azaltzeko. Bilera horren berri eta gai honen inguruan sortzen doazen gorabeheren berri emango dizuegu. 

Ekimenaren inguruan inork argibide gehiago nahi izanez gero edota talde sustatzailean parte hartzeko interesa edukiz gero, Egoitzekin edota Zelairekin harremanetan jar daiteke, ondoko helbideetan:       

   Zelai Nikolas Ezkurdia: z-nikolas@ej-gv.es       

   Egoitz Laburu Rodriguez: e-laburu@ej-gv.es     

Irakurri gehiago »

11/03/2010 GMT 1

Arranopola!

burunda @ 13:34

Dar-dar nago oraindik. Ados jarri dira! Bat etorri!!!

Bi talde ezberdinetako euskaldun abertzaleak!

Data egutegian azpimarratu behar litzatekeelakoan, horra Mikel Basabe (Aralar) eta Arantza Aurrekoetxea (EAJ) Eskola ereduaren gaineko testu bateratua sinatzen, berrian:

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2010-03-11/004/006/Euskara_marko_hirueledunean.htm

10/03/2010 GMT 1

Arrazoi ontologikoak dirala meriyo

martinrezola @ 09:42

Iragan larunbateko El País Semanal-en elkarrizketa egin zioten Artur Mas CiUko presidenteari. Guri atentzioa eman digu solasaldi aurreko aurkezpen gisakoan kazetariak idaztitakoak: «La conversación, sin embargo, no puede ser más que en catalán, por imperativo ontológico». Eta halaxe izango zen, katalanez, baina ez onttoei buruz. 

Ustez bestera, Ontologiak ez baitu zerikusirik Mikologiarekin, hiztegira jo dugu arrazoi edo inperatibo horiek ze diren jakiteko: «Ontologiko: Izatearen existentziaz arduratzen dena.» (Harluxet). Bo, berdin geratu gara, baina iruditu zaigu «haatik» edo hemen erabili nahi ez dugun beste gordinkeria ohikoago bat esan nahi duela. 


A, Iñaki! Ze urrun dagoen Bartzelona!  

Bitartean hemen, Euskal Herrian, linboan gabiltza oraindik. Adeitasuna, progresibotasuna, gaizki ulertutako kortesia-sumisoa… eta orain elebitasun pasiboa. 

Sakon aztertzeko gaia da elebitasun pasiboarena, eta berri-berria ere ez, guk geuk ere sesquilinguismo izen ponpoxoarekin aspaldian aipatu baikenuen hementxe. Hala ere, esan dezagun zerbait gain-gainetik. 

Niri neuri oso estrategia egokia iruditzen zait. Areago, estrategia bakarra da. Baina esan beharra daukat horretarako ezinbesteko baldintza euskaldun aktiboak egotea dela, alegia, beste horien euskalduntasun pasiboa aktibatuko duten euskaldunak egotea. Eta horri ez zaio erreparatzen. Bestela, oraingoxeko panoramarekin jarraituko dugu: euskaldun pasibo saldo handia, hizkuntzari inongo erabilgarritasuna ematen ez diotenak, zain, ea zeinek estutuko/behartuko/bultzatuko/animatuko/estimulatuko ikasi edo gorde duten euskara hori azaleratzera.  

Ni Administraziotik ari naiz. Eta sentitzen dut, baina elebitasun pasiboaren predikatzaileak berak aktiboki exenplua ematen ikusten ez ditudan arte, utzidazue sinesgogor xamarra izaten.

 

Irakurri gehiago »

09/03/2010 GMT 1

Desolazioa

burunda @ 17:00

argazkia_328.gifdesolazioa. Horra Joxemiel Bidadorren heriotzak gure artean erein duen sentipena. Desolazioa, haren hurbil-hurbilenekoen bihotzean. Desolazioa, haren adiskideen eztarrian. Desolazioa, Joxemielek lan-tzen zituen alor ugarietan -irakaskuntza, dantza, ikerkuntza, literatura- lankide izan zituenen artean...

Inor hiltzean ohikoa da entzutea "umezurtz" utzi gaituelako hori. Bidadorren kasuan, berarekin bizitza partekatu zutenak ez dira ala mintza daitezkeen bakarrak. Haren heriotzak are hutsago utzi du berez aski mortu zegoen eremua. Lehengo asteaz geroztik, nafar euskaldunok ikusezinagoak gara, ezinduagoak, aprojagoak, ez ikasiagoak.

Joxemiel "gaztearen" ondotik -39 urte!- ez da bazterretan ageri nork gu eginen ikusgarriago, gaituago, eragileago, jantziago. Salbuespenak salbuespen, inon ez dira gure eskuz eta gure izerdiz eraikitako ikasgeletatik atera behar zuten gazte belaunaldiak.

UPNk eta PSNk gure inguruan eraiki duten setio politika bere fruituak ematen ari da. Bere fruituak ematen ari, gure gazteei jarri dieten hautu ustela: asimilazioa edo marginalitatea.

Gure hautu ideologiko-estrategikoek, gure moteltasunak, gure nora ezak gainerakoa egin dute.

Bataila instituzionala aspaldi irabazi zuten.

Gizartearena irabazteko bidean daude.

Hori guztia, "gure" politikariak pitokerietan ari diren bitartean.

Aingeru Epalzak Diario de Noticias-en

http://www.noticiasdenavarra.com/2010/03/09/opinion/columnistas/mugatik/desolazioa

03/03/2010 GMT 1

Zuk makrame, nik euskara

martinrezola @ 12:41

Euskara Elkarteen Jardunaldien barruan, Juan Carlos Etxegoien “Xamar” irakasleak esandakoaren inguruan Onintza Iruretak idatzitako kronika:

Juan Carlos Etxegoien, Xamar irakasleak ondoko gogoeta egin zuen: “Hizkuntza arazoa gizarte arazoa da, ezin dugu esan: ‘Guk –euskara taldeok– konponduko dugu hizkuntza gatazka’. Gainditzen gaituen problematika da, gizarte osoari dagokio. Gaur egungo sistemaren joera gizarte arazoak arazo pertsonal bilakatzea da eta mintzairarenean berdin gertatzen ari da. Ezin duzu euskaraz egin? Bada zure arazoa da, beti ere hor duzu euskara taldea lagunduko dizuna zerbitzuen bidez: mintzalaguna, komunikabideak, kultur ekintzak… Hau guztia ongi dago, baina klubaren itxura hartzen ari da, sistemak bultzaturik: makramezaleak, pilates… eta euskararenak.

Bestalde, gugandik at dagoen zerbait salbatu nahian gabiltzala dirudi: Amazonia, baleak, Sahara… eta euskara. Baina euskara salbatuta dago, hiztegian eta gramatikan bilduta dago, aldiz, euskaraz bizi nahi duen komunitatea –Herria, nazioa alegia– da kinka larrian dagoena.Motibazioari dagokionez, gogoan dut soldadutzan agirian jarri zidatena: ‘El valor se le supone’. Euskara elkarteei motibazioa se les supone”.

 

02/03/2010 GMT 1

Euskararen egoerari adarretatik

lastategitik @ 15:25

juaninazio.jpgItzulingururik gabe heldu dio Juan Inazio Hartsuagak euskararen egoerari iaz kaleratutako liburuan, "Euskararen egoerari irizten" izenekoan hain zuzen.

Begiratu librea, ausarta eta zinez interesgarria eskaini digu bertan. Ez da liburu mardula (100 orrialdetara ez da heltzen), baina bai betea.

Artikulu sorta bikaina. 

Gomendagarria euskalgintzan dihardutenentzat, eta euskararekiko interesik apurrik duen ororentzat.

Pasarte bat edo beste ekarri dugu hona, sarrerako:

"Euskara ez da balio bat, zuk hartuz gero nik hartu ezin dudana. Euskara, nik hartuagatik zuk ere har dezakezu, nik adina gogoz eta grinaz. Ez iezadazu eska nik gutxiago egin dezadan. Egizu zuk gehiago."

 Edo beste hau:

"Errealitatearen aurrean ez ikusiarena egitea baino gauza tontoagorik ez dago. Kaltea besterik ez dakar.

Baina errealitatea ikustea oso mingarria omen da nonbait askorentzat, ez ikusiarena zein sarri egiten den erreparatuz gero."

Arin batean irakurtzen den arinkeriarik gabeko liburua.

Egilearekin harremanetan jarri | Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!