Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Tiraka
Administrazioan euskara erabiltzeko

Artxiboa: Urtarrila 2010

22/01/2010 GMT 1

2jotzekoa

burunda @ 10:43

aabade1.jpg(bihotzeko bat har bezate)

EventosBHM-k honako mezua, zabaldu omen du Bilbo-Bilbo herri-lasterketa sustatzeko. Hasiera nahasi samarra du:

Ustedekin elkar ukituz jartzen gara lasterketa Bilbao-Bilbao-ren ospakizunaren informatzeko otsailaren 14an, 10.606m-ren distantzia batekin. Probak 11:00 ordutara hasiera emango du San Ignacioren kiroldegitik eta Zorrotzaren kiroldegian amaitzean. Probaren kartela eransten dugu."                         

                                   Segida ez da argiagoa:

“Informatzen diogu gure web-orriaren izenaren aldaketaren eta posta elektroniko berriaren www.Eventosbhm.Com zuzendu ahal izango duen (..) Jadanik haren inskripzioak egin ahal dituzte e-mailan barrena desiratzen badute, o bien agertu gure bulegoetan telefonoa(...).Beste informazio baten bat desiratzen dute gurekin elkar ukituz jarri ez dezaten zalantza egin.

                                      Baina bukaera… mortala!

            "Bihotzeko bat har bezate agur egiten dut." Itxura denez itzultzaile automatikoaren labean sartu dute jatorrizko erdarazko testua, eta handik irten bezala, honela, inprimatu eta zabaldu dituzte milaka ale. Elebidek edo Behatokiak edo Arartekoak edo… (marineek ez, eskerrik asko) baten batek zeozer egin behar luke beharbada (Azcuna ez dirudi gehiegi arduratzen denik euskara kontuez). Lotsa(bakoa)gatik baino ez bada ere?  

(Sustatun ere jaso dute berria)

20/01/2010 GMT 1

Ez gara joango

marytwo @ 10:10






Bernabé Unda

Consejero de Industria, Innovación, Comercio y Turismo del Gobierno Vasco,

tiene el placer de invitarle a la presentación de la nueva imagen de marca de Euskadi, acto que será presidio por el

Lehendakari Patxi López

y que tendrá lugar el 20 de enero a las 21:00 h en el edificio de la Bolsa de Madrid. 

En la fiesta, que será presentada por Anne Igartiburu, los invitados podrán disfrutar de la actuación de Amaia Montero y tendrán la oportunidad de deleitarse con las creaciones gastronómicas que nuestros cocineros 3 estrellas michelín, Martín Berasategui y Pedro Subijana han ideado para la ocasión. 

Ekitaldira zu etortzea nahi genuke.

Esperamos contar con su asistencia.

Imprescindible acudir con la invitación y el DNI. 

Se ruega confirmación.

euskadi@turismo2010.net

902 540 331 

Bolsa de Madrid

Pza. de la lealtad, 1 28014 Madrid


 

  

Hori dio Madrilen gaur izango den ekitaldirako jaso dugun gonbidapenak. Hori dela kausa, Tirakan Ohiz Kanpoko Batzar Berebiziko Urgente-Premiazkoa deitu dugu gaia aztertzeko.

Gutako batek dio ez zaiola ondo iruditzen aurkezlea eta kantaria emakumeak izatea eta sukaldariak gizonezkoak; genero ikuspegia ez dela betetzen alegia. Sukalde kontuak direla-eta, beste batek erantsi du bera ez doala Madrileraino zertara eta mikropintxo barregarri batzuk jatera, holakoetan goseak akabatzen bukatzen duela. Gainera –asaldatu da hirugarren bat–, egokiena izango zatekeen Argiñanok diseinatu berri duen Delicias Lujanbio eskaintzea, eta ez seguraski emango duten Delicias del Cambio. 

Azkenean, zorionez, Tirakako buru-presidentea ohiko zuhurtziaz mintzatu da, eta esan du ez ahazteko zeintzuk diren Tirakaren printzipio fundamentalak eta fundamentuzkoak, eta “fun-funtsezkoa dela” gogoeta egitea euskarari gonbidapenean ematen zaion tratu erridikuluaz. Hortaz, boikota egin beharko genukeela. Eta horrela onartu da aho batez. 

Ez garela joango alegia. 

Beraz, gonbidapen-txartela nahi duena pasa dadila gure egoitzatik jasotzera, guk ez dugu behar eta: 

Tiraka Taldea – Grupo Tirando

Donostia kalea – Calle San Sebastián

Vitoria-Gasteiz – Gasteiz-Vitoria

Lakua 3, J Gunea  

   



 

15/01/2010 GMT 1

Raíz!

burunda @ 15:15

sustrai.gif Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin batera, argitaratzen du SUSTRAI aldizkaria 1985etik, EAEko nekazaritza eta arrantza ardatz eta gai nagusi. Aldizkari mardula da, hiru hilerokoa eta doakoa, kalitatezko artikulu eta argazkiz betea.

Hizkuntzei dagokionez, honako hau dio sarearen euskarazko bertsioan: “aldizkariaren artikulo guztiak bai euskaraz, bai erdaraz daude idatzita.”

Sarearen erdarazko bertsioan, honakoa dio, ostera: “La revista se publica trimestralmente y se distribuye de forma gratuita.” Hizkuntzen gaineko aipamenik ez gaztelaniaz. Zertarako?

Izan ere, ez dira artikulu guztiak euskaraz (ere) ageri. Ezta erdiak ere. Laurdenak ere ez. Aldizkariko testuen %5 ere ez dira izaten euskarazko testuak (aurreko arduradun politikoekin ere berdin gertatzen zen).

Hizkuntza politika axalekoa gurea. Muy “de aquí”, eso sí.

07/01/2010 GMT 1

Diagnosi-ebaluazioaren emaitzak jasota adabakiekin jarraituko?

garruze @ 10:46

piramidea.jpgGorkak, Hezkuntza Saileko lankide batek, iritzi interesgarri bat bidali digu gure blogean eskegitzeko. Artikulu horretan ematen digu EAEko ikastetxeetan burutu den diagnosi-ebaluazio emaitzen berri. Halaber, bere iritzia azaltzen du  gaur egun indarrean dauden hezkuntza-ereduen inguruan. Hortxe duzue.

Aurten argitaratu dira, historian lehen aldiz, diagnosi-ebaluazio emaitzak. Aurreko ikasturtean, 2009. urteko udaberrian,  egin ziren neurketa horiek EAEko ikastetxe guztietan. ISEI-IVEIk prestaturiko probak. Gure hezkuntza sistema kanpotik ebaluatzeko beharrezkoa zen lanabesa izango zirela esan ziguten.

Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleek proba batzuk egin behar izan zituzten. Beraien   komunikatzeko gaitasuna, euskaraz eta gaztelaniaz, neurtu nahi ziren alde batetik  eta  matematikarako, zientziarako, teknologiarako  eta osasun kulturarako gaitasunak bestetik. Ikastetxeen esku geratu zen azken proba hauek ze hizkuntzatan egitea aukeratzea.

Artikulu hau luzea da. Egin klik azpiko keep reading —> horretan irakurtzen segitzeko edo eskuratu artikulu osoa  pdf formatuan.

Ikastetxe batzuetan beste batzuetan baino maila altuago zegoela guztiok susmatzen genuen. Ikastetxe batean nota on bat beste ikastetxe bateko nota kaxkarraren parekoa izan zitekeela argi zegoen.  Irakasleok, normalean, ikasle onenei notarik onenak eta  ikasle txarrenei notarik txarrenak jartzen dizkiegu eta Gaussen ezkila forma duen  datuen grafikoa irteten zaigu datu asko dagoenean. Erreferentzia bakarra gure ikasleek beraiek ematen ziguten eta kanpoko erreferentzien beharra askok sentitzen genuen.

Gauss kanpaia ere espero genuen diagnosi-ebaluazio proben emaitzekin, baina jakin-mina zegoen ea ikastetxe jakin batek edo ikasle jakin batek zelako gaitasun maila erakusten zuten gaitasunak neurtzeko berariaz diseinaturiko probetan, kanpokoekin konparatuz.

Egin dira probak, argitaratu dira emaitzak baina, zuzen erabili dira datuak?

Matematika gaitasuna eta zientzia, teknologia, osasunerako gaitasunak neurtzeko probak ez ditut epaituko. Komunikatzeko gaitasuna neurtzeko probak, ordea, komentatu nahi ditut Hyde Parkeko iskina honetatik



Euskal Herrian Speakers Cornerrik ez eta blogetan idatzi behar.

Gaztelaniaz eta euskaraz komunikatzeko gaitasuna neurtzeko erabili diren neurgailuak eta emaitzak erakusteko erabili diren taulatxoak eta grafikoak nahiko kritikagarriak iruditu zaizkit:

  1. Oso ondo iruditu zait ikasleak bere inguruko maila soziokulturala kontuan hartu izana.  Azken batean familiak eta inguruak, ikastetxeak berak baino eragin handiagoa dauka ikasleen gaitasunen garapenean. Argi dago. DBHn, esaterako, 175 eskola egun. Egunero bospasei ordu. Ikasle askok ordu gehiago egiten dituzte urtean zehar telebistaren aurrean ikasgelan baino. Ikastetxearen eragina, zifra horiekiko proportzioan ibiliko da.
  2. Ez zait batere txukuna iruditu komunikatzeko gaitasuna neurtzeko hartu diren hainbat irizpide. Euskaraz bi multzotan banatu gaituzte. Bi proba mota desberdin diseinatu dira (1) euskaraz komunikatzeko gaitasuna neurtzeko. Gaztelaniaz  proba bakarra. Ahozko ekoizpena, komunikatzeko gaitasunean oinarri-oinarrizkoa, ez da neurtu.  Problema logistikoengatik.
  3. Entzumenaren ulermena eta irakurritakoaren ulermena, gaztelaniaz maila batean eta euskaraz beste bi mailatan neurtu dira (biak, gaztelaniazkoarekin konparaturik, apalagoak).
  4. Idatziz komunikatzeko gaitasuna neurtzeko hiru maila ezarri dira. Bat gaztelaniarako eta beste bi, biak apalagoak, euskaraz idatziz komunikatzeko gaitasuna neurtzeko. Ez zen, ziur aski, hori izango planteamendua, baina itxura hori hartu diogu kontuari.
  5. Datuen emaitzak, nik argi daukat, makillatuta eta Photoshopekin orraztuta erakutsi dizkigute. (Photoshop diot zeren, guztiok dakigunez, gure administrazioak beti nahiago izaten du ordaintzea ordaindu beharreko lizentzia guztiak GIMP bezalako programa libreak erabiltzea baino).
    “]

    Goian dagoen antzeko grafiko horizontalak ikusi ditugu orain arte ikastetxeetan, ez irudian klikatuta ikusiko duzuen (5. or) antzeko bertikalak. Ikasleen emaitzak hiru multzotan banatu dituzte. Emaitza txarrak makillatuta agertu dira nire ustez. Emaitza onak ere, distortsionaturik, batzuk gehiegi ez harrotzeko edo. (Goiko errektangulua ikusi ditudanen antzekoa marraztu dut, behekoa, nik grafiko horren atzetik imajinatzen dudan "benetako" grafikoa). [Grafikoa by gorkaazk. CC PD; Copyleft

  • Gure ikastetxeek eta gure familiek jasoko dituzten euskaraz komunikatzeko gaitasunaren txostenak EZ DIO INOLAKO ERREFERENTZIARIK EGITEN Europako Erreferentzia marko Bateratuari. A eredukoak A eredukoekin konparatuta, B ereduko batzuk  A eredukoekin beste batzuk D eredukoekin konparatuz (2) eta D eredukoak D eredukoekin konparatuta, guztiok dakigun begi bistako egi bat nolabait ezkutatu digute: euskaraz lortzen ari garen komunikatzeko gaitasuna gaztelaniaz lortzen ari garena baino askoz kaxkarragoa dela.
  • Ze komunikatzeko gaitasuna daukate  gure ikastetxeetako DBH2ko ikasleek? A1, B2, A2? Euskaraz? Eta gaztelaniaz? Erantzunak ez dituzue aurten inondik inora inon topatuko. Diru publikoarekin inoiz egin den neurketarik osoenetakoa Europako Erref. Marko Bateratuari bizkarra eman dio.  Zergatik? Arazo logistikoengatik berriro ere.

Horrela jarraitzen badugu euskara beti izango da erabat gutxiagoturik dagoen hizkuntza. Bazterturik dagoen hizkuntza ez esateagatik. Nago A ereduetan ikasleek  ez dutela maiz ezta A1 maila apal hori lortzen. (Bide batez, gaztelaniaz eta beste irakasgaietan ere D eredukoak baino maila eskasagoarekin ateratzen dira ikasleak A eredutik). Zenbait B eredutan ere gauzak oso ilun egongo lirateke antzeko beste egoera txarrekin konparatzen ibili beharrean gaztelaniazko gaitasunarekin konparatuko bagenu, esaterako, urrutirago joan gabe.

Ereduen kontu hori, hizkuntza bat baztertzeko eta ikasle batzuk baztertzeko balio izan digu. Gutxiagoturik dagoen hizkuntza gutxiagoturik jarraitzeko  eta bazterkeria sustatzeko.

Katalunian aspaldian konpondu zuten kontua, ea guk ere noiz konpontzen dugun errotik.

Oraingoz, alde batetik eskola pribatu eta hitzarmendun elitistak klasistak ditugu eta bestetik eskola publiko  baztertzailea daukagu. Argi dago ikasleak hiru ereduetan bereiztea hizkuntza kontuetan desastre hutsa izan dela, hortxe orain arte egin diren ebaluazio guztien emaitzak;  ikasleak hainbat urtetan ordu luzeetan denbora “galdu” eta gero, elebakar irteten dira askotan gure hezkuntza sistematik, bai, baina desastre hutsa izan da gizarte berria eraikitzeko beste helburu sakonei begiratuta ere.

Eskola publikoan, eredu erdaldunenak  helburu akademiko apalenak  dituztenen biltokia izan da.  Eskola pribatuan ez. Baina eskola pribatuan eta hitzarmendunean dirua ordaindu beharrak ez duela zertan klasismoa ekarri behar eta beka sistemak elitismoa saihetsi duela uste duenarentzat besterik ez doaz kontuak ondo. Datuak hortxe daude, etorri berriek, proportzioan, gehiago jotzen dute eskola publikora hitzarmendunera baino eta gehiago eredu erdaldunetara bertoko beste edozein familiak baino. Eskola publikoak gizarte pitzadura hori konpontzen saiatuko da edo pitzadura sakontzen? (A eredua “indartuz”, esaterako).

Ikasleen emaitzak hiru multzotan banatzea ondo dago, baina ikasleak hiru eredutan banatzea ez. Gurasoen aukeratzeko eskubideari lehentasuna osoa eman behar zaie hizkuntza bat eta hiztun asko baztertzeko?



Denbora eta prezio berean elebidun bagina, hobe.

Felix Etxeberriaren argudioekin bat egin nahi nuke hemendik:

“(…) A ereduak ez du balio ikasleek euskara ikas dezaten. B
ereduak ere ez du helburu hori lortzen, D ereduari hurbiltzen zaionean izan ezik. (…)  euskara trinkoen lantzen duen eredu bakarraren aldeko hautua honako faktore hauetan oinarritzen da:

• Euskara modu eraginkorrean ikastea ahalbideratzen duen bakarra da.
• Hezkuntza-legediak agintzen duenari lotzen zaio.
• Familien artean joera nagusia da.
• Behar adina trebatutako irakasleria badago.
• Ikasmaterial eta testu egokiak badaude.
• Ikasleen arteko diferentzia soziokulturalak gainditzen laguntzen du.
• Etorkinen gizarteratzea errazten du.
• Beste herrialdeetako esperientzien bermea du”.

Laugarren puntua izan daiteke zalantzagarriena. Baina irakasleriaren azken urteotako bilakaera ona ikusita ez dirudi oraindik elebidun ez diren irakasle multzoa nahikoa aitzakia izan daitekeenik hainbat ikasle elebakar izatera behartzeko.

Felix Etxebarriaren argudioak, berriro ere, neure eginez:

“Gure proposamena eredu trinko baten aldekoa da, egungo ereduek baino hein handiagoan bermatuko duena ikasleek euskara nahiz gaztelania mendera ditzatela, baita egoera gaitzenetan ere (familia gaztelaniadun elebakarrak, ikasle etorkinak). Horretarako premiazkoak dira honako hauek:

• Eskolak beharrezko diren baliabideak izatea: irakasle trebatuak, irakasle laguntzaileak, itzultzaileak, materiala, bitartekoak…
• Ikastetxeek irakasle, ikasle eta gurasoentzat hezkuntza-proiektu erakargarri eta motibagarriak lantzea.
• Aisialdia eta eskolaz kanpoko jarduerak euskararen ikaskuntza bizkortzeko funtsezko baliabide gisa aprobetxatzea.
• Ingelesaren eta atzerriko beste zenbait hizkuntzen irakaskuntza behin euskararen eta gaztelaniaren ikaskuntza bermatu ondoren abian jartzea.
• Ikaslearen eskola-arrakasta bermatzea”.

Gure hezkuntza sistemak aldaketa sakon batzuk egiteko premia badauka. Utz ditzagun adabakiak eta hari zuriak praka beltzetan.



A ereduko traje honi adabaki berri pare bat erantsita berri-berria geratuko zait. (Argazkia by Minette Layne, Flckr, CC Aitortu-EzMerkataritzarako)

(1) ISEI-IVEIko txostenen arabera proba bat A eredukoentzat diseinatu zen eta beste proba mota bat besteentzat baina…

(2) Susmoa daukat zenbait B eredutan A eredurako diseinaturik zegoen euskara proba pasatu zitzaiela. B ereduak direnak izenez, izanez, A ereduak izaten dira edo D ereduak, edo tartean dagoen espektroko edozer.

Irakurri gehiago »

05/01/2010 GMT 1

URTE BERRI ON

garruze @ 08:30

elorri.jpg

 

 

 

 

Apurka askatzen doa 
aurtengo lokarria.

urte berriak aseko
premi denen egarria.
Hamabiak iristean,
erne izan belarria.
Dilin-dalan hasiko da
itxaropen zintzarria.
Solomillo ta bixigu,
sabel ertzeko larria.
Jo ta su desafinatuz,
urratzen da eztarria.
Agur urte zahar loriatsu,
agur urte zahar gorria.
Ea denok hasten dugun
hanka onakin berria.
 
(Nekane Gonzalezen bertsoa internetetik hartua eta moldatua. Habaneraren doinua)

Ondo hasi 2010. URTE BERRI ON. 
 

Egilearekin harremanetan jarri | Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!