Eusko Jaurlaritzako langile guztiok mezu hau jaso genuen ordenagailuan lehengo ostiralean, gozieko 10:00etan:
Odola eman/Dona sangre
Gaur Lakua 2an Ardua 9.15-13.30
Hoy en Lakua 2 entre las 9.15 y las 13.30
Alde batera utzita despistea norena izan zen, horrek ajola gutxi baitu (azken batean, denoi eskapatzen zaizkigu noizean behin “Donosita” bat edo “Gastéis” bat…), errakuntza polita zela iritzi nion: "Honek badu gaia hitz-jokoetarako eta puska batean barre batzuk egiteko! Ai Anjel Lertxundik harrapatuko balu…! Imajinatzen hasi nintzen ondorengo komentarioak… «Dona vino», «Odola ardo bihurturik, meza sekretuak Lakuan», «Banpirismoa Jaurlaritzan»...
Denbora pasa zen, ordea, eta pozaldia kezka-putzu bihurtu zitzaidan. Gaztelaniazko zuzentzailearen bihurrikeriak eskura jarritako aukera galde genuen, eta irririk ez.
Baten bati babukeria galanta irudituko zaio. Niri sintoma kezkagarria. Askotan jarduten dugu kexaka, erredioska eta mekabenka (eta jarraituko dugu, osasuna lagun), eta a ze gutxi dibertitzen garen euskaraz!
Asisko Urmenetaren hitzekin gogoratu naiz:
«Euskararen inguruan izan dudan inpresioetako bat, beti erasoak salatzen eta beti penetan dagoenarena da. Baina noiz masturbatuko gara, noiz egingo dugu irri, noiz gozatuko? Beste hori ere sortu behar dugu komunitate sano bat egin nahi badugu: beti penetan egon beharrean, gure sauna ttikiak, gure jacuzziak, gure errekak behar ditugu bainatzeko...»
Martin Rezola (edo “Martin Retoza”, behin zuzentzaileak lizunki proposatu zidanez.)