Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Tiraka
Administrazioan euskara erabiltzeko

Artxiboa: Apirila 2009

24/04/2009 GMT 1

Eremu urriko hizkuntzen inguruko Jardunaldiak Bilbon

garruze @ 13:26

hizkuntzen-euro-gutuna.jpgEskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren(1992) inguruan Jardunaldi interesgarri batzuk egin dira Bilbon Apirilaren 20 eta 21ean.Gure artean, Euro-itun horren hutsuneei erreparatu izan zaie askotan, eta ez horrenbeste zabaltzen dituen bideei. Nire ustez, Euro-ituna gutxieneko babes bat eskaintzen du hizkuntza-eskubideen alorrean, guk gure ofizialtasunaren bidez are gehiago gara dezakeguna.

Ditugun arazo guztiak ez dizkigu konponduko, izan ere, asko eta asko guk geuk konpondu behar baititugu. Nolanahi ere, Frantziako estatua Europan nabarmen uzteko balio izan du. Baina, bereziki, itunak orain arteko lorpenak babesteko  balio du. Espainiako agintariek, esaterako, horren kontra egingo balute, nazioartean nabarmen geldituko lirateke eta gaur egun duten "aitzidaritza" -guretzat deigarria bada ere- galduko lukete. Hortaz, Euro-itunak bide ematen digu lortutakoa babesteko eta aurrera jarraitzeko oraindik ere egiteke dugun lan ikaragarrian.

Hizkuntza-eskubideen gaian eztabaida iraunkorra zabaldu du Euro-itunak eta horretan Euskal Herri osoan euskaraz bizi nahi dugunok gure ahotsa sendo entzunarazi behar dugu foro horretan. Ez dut uste, halere, orain arte hori lortu dugunik. 

 Euskararen egoerari dagokionez lau hizlarik hitz egin zuten eta adierazitakoaren artean honako ideia hauek nabarmendu nahi nituzke, ez, ordea, garrantzitsuenak direlako, deigarrienak iruditu zitzaizkidalako baizik:

a) Manuel LEZERTUA (EHU-UPV eta Europako Kontseiluko Legelaria): Euro-gutuna aitzindaria da munduan hizkuntza-eskubideen babesean eta Europan hizkuntza aniztasunaren aldeko printzipio nagusi bat ezarri nahi du. Bere xedea eremu urriko eta hizkuntza gutxituen hiztunak babestea da eta hizkuntza ezberdinen hiztunen arteko bizikidetza antolatzea. Hori horrela izanik, nire ustez , horren ondorio zuzena hauxe da: Euro-gutuna ezin da erabili babestu nahi dituen hiztunen aurka eta ezta  euskara ez ikasteko aitzakia gisa ere.

Estrasburgoko jurisprudentzia aztertzeko erabili zituen adibideak ez zitzaizkidan aproposenak iruditu, halere. 

b) Alberto LOPEZ BASAGUREN (EHU-UPV eta Euro-ituneko aditu-taldeko kide): Onartu zuen ezinbestez Espainiak ez duela Euro-gutuna zenbait arlotan betetzen, bereziki Justizia arloan. Hala ere, pozik agertu zen Europan Espainiakoa delako hizkuntza-eskubideak bermatzeko araubiderik osoenetarikoa .Nolanahi ere, galdera bat plazaratu zuen: ea Euro-itunaren babesa aplikagarria ote zaien gaztelania-hiztunei Euskara ofiziala den lurraldeetan , bereziki, gaztelaniaz ikasteko eskubideari dagokionez.

Nik kezkaz hartu nuen galdera hori eta zaila ikusten dut desagertzear dauden hizkuntza batzuk babestu  nahi duen araudi bat aplikatu ahal izatea, hain zuzen, hizkuntza hori ikastea galarazteko. Hori baita, azken finean, guraso batzuk nahi dutena: bere seme-alabek euskara ez ikastea.

Nahikoa frogatua dago A ereduko ikasleek, non gaztelania baita hizkuntza nagusia eta euskara ikasgai hutsa, ez dutela euskara ikasten. Alderantziz, ordea, ez da gertatzen, B eta D ereduko ikasleek gaztelania behar bezala ikasten baitute.Zaila egiten zait, beraz, ulertzea nola izan al den Euro-ituneko babes-sistema aplikagarri kasu horretan.

c) Jose Mª PEREZ MEDINA (Ministerio de Administraciones Públicas). Estatuko ordezkaria pozik agertu zen Espainian lortu den hizkuntza babesarekin. Perez jaunak azaldu zuen nola landu zen Euro-itunaren betearazpen mailari buruzko txostena eta zer nolako partehartze handia izan zuten berezko hizkuntza ofiziala duten Autonomia Erkidegoek. Bere hitzaldian nabarmen geratu zen euskara bezalako hizkuntza ofizialaren babes-maila EAEko eta NFKko araubideari dagokiela nagusiki eta Estatuak horretan ezer gutxi esaterik duela. Horrela bada (eta Estatuaren aldetik esku sartzerik ez bada), Autonomia erkidegoko erakundeei dagokie behar besteko neurri hartzea euskara sustatzeko eta babesteko, eta gaztelaniarekiko elkarbizitza antolatzea.Betekizun horretan, esan dezakegu Euro-itunaren printzipio nagusiak guztiz aplikagarriak direla eta orain arteko babesa hobetzen eta osatzen jarraitu behar dela, inolako atzerapenik gabe.

d) Patxi BAZTARRIKA (HPSeko sailburuorde): Patxiren hitzaldia gustatu zitzaidan, bereziki kontuan izanda norentzat zen zuzendua (hizkuntza-eskubideetan nazioarteko adituentzat). Baztarrikak EAEri dagokionez oso irakurketa positiboa egin zuen azken 30 urtetako lanaz, ez horren ona, ordea, Nafarroaz eta Iparraldeaz. Baina bereziki gustatu zitzaidan Baztarrikak publikoki  aitortu nahi izan zuela herritarrek eta gizarte-taldeek sekulako lana eta inplikazioa izan dutela euskara biziberritzeko prozesuan, eta gaur eguneko egoera -nahi genukeena bezain ona ez bada ere- ez dela, beraz ,erakunde publikoen merezimendu soila.Herritarren atxikimendua -ahal dela orain artekoa baino handiagoa- eta herri erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza  da euskara biziberritzeko bidea(urtetan ez baita hori beti horrela izan), nire ustez .Bide horretatik lortutako lorpenek ez dute politikoki atzera bueltarik.

Lorpenen artean bat nabarmenduko nuke: EAEko guraso gehien-gehienek gure seme-alabak euskalduntzearen alde egin dugula.

Herritarron aukera libre horri esker, gaur egun, 15 urtetik beheragoko ikasle gehien-gehienak eredu euskaldunetan ari dira ikasten eta horrek panorama soziolinguistikoa 10-15 urtetan guztiz aldatuko du EAEn. Egoera berri hau gaurtik hasi behar dugu kudeatzen, eta sendo defendatu orain arteko lorpen hori. Datu hori buruan izatea garrantzitsua da, gaur egun martxan jartzen ditugun ekimenek sustatu behar baitute erabilera eta ezagutza handitzen jarraitzea.

Erabilera handitzeko baldintza objektiboak, ezagutzak alegia, ez da nahikoa halere, gaur eguneko errealitateak nabarmen usten duenez. Estrategia berezia behar dugu euskararen erabilera erakargarri bihurtzeko eta jendeak motiboak izan ditzan euskaraz aritzeko, dela lanean behar delako, dela gizartean erosoago sentiarazten zaituelako, dela familian goxoago aritzeko aukera ematen dizulako, dela ondo pasatzen laguntzen dizulako, dela erabileraren aldeko konpromisoak gustura hartzen dituzulako... Ezagutza handitzeko estrategia ez bezala, erabilera sustatzeko estrategia argirik ez da egon azken 30 urtetan, erakunde publikoen eskutik.

Hizkuntza eskubideen gaian aditu den Kataluniako irakasle bati (Milian i Massanari) entzun nion duela gutxi hizkuntzen babes-araudiaren xede nagusia ez dela hizkuntza bere horretan babestea, baizik eta hizkuntza hori baliagarri egitea hizkuntza horren hiztunentzat. Hizkuntzak zer edo zertarako balio ez badu, alferrik dira babes-araudi guztiak.

e) ANJEL LERTXUNDI: Ez nuen aukerarik izan Lertxundiren hitzaldia entzuteko, baina bere blog-orrian eskegita dago eta irakurri dut gerora. Hitzaldi bikaina, nola ez, eta gainera Administrazio-hizkuntzaren ajeei heltzen die bete betean. Bere hitzalditik bi ideia azpimarratu nahi nituzke, haiekin bat bainator guztiz.

Aski da negar egiteaz...alde onei begiratzen ikasi behar dugu.

Administrazio hizkeraren ajeei dagokienez, mimetismo izugarriz kopiatu dugu eredu espainiarra....gure lana da, halaber, urrutirago eramango gaituzten bideak saiatzea ere.

Bide berriak behar ditugu, bai horixe. Besteak beste, teknikari euskaldunak euskaraz lan egiten hastea ; korredakzioaren aldeko urrats sendoak; prestakuntza berritua eta, era berean, gure berezko ezagutzan sakontzeko aukera ematen diguna (testu klasikoak, hizkuntza ez formala...)

Lankidetza-eremuak sortu behar ditugu eta ikasi guk baino gehiago dakienarengandik (Lertxundi, Sarasola, Atxaga, unibertsitateko irakasle, EHko zein nazioarteko ditu,...) Gustura jardungo nuke sakonago, esaterako, Anjel Lertxundirekin, berak aipatutako ideia horien gainean jardunaldi edota batzorderen batean.

Azken ideia horrekin amaitu nahi nuke, beraz,: bide berriei ekin behar diegu, baita administrazioan ere eta, orobat, lankidetza esparru berriak zabaldu.

21/04/2009 GMT 1

BERDINTASUNA ZER DEN!

burunda @ 14:00

manos.jpgPozik nago. Ikasi dut azkenean berdintasuna zer den (gure artean,euskaldunon artean, hemen eta orain …)

Berdintasuna, berdin-tasuna da, hots, berdin-dio-tasuna, berdin-digu-tasuna.

Bortz axola guri, alegia.

Ardibidez:

E-postatik e-postara zabalduz doa, krisia bezala, Emakunderen azken kanpaina. Berdintasunaren aldeko kanpaina dena, edo hobe esanda, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldekoa. Zehazkiago ere esatea badago: gizon eta emakume erdaldunen arteko berdintasunaren aldeko kanpaina.

Izan ere, ia guztiz erdara hutsez doaz buletinok. Beharbada emakume euskaldunak berdinduta leudekeelako dagoeneko.

Hori baita Euskal Herriko berdinzaleon beste ezaugarrietako bat.

Naturzaleak, gehienetan gaztelania hutsez aritzen dira, natura baita euren ahaleginen helburu, ez hizkuntza (euskara esan nahi baita)…

Emakunde gehienetan gaztelania hutsez aritzen da, emakumeak (erdaldunak antza denez) baitira euren ahaleginen helburu, ez hizkuntza (euskara esan nahi da)…

Etorkinen aldeko taldeak ere, gehienetan gaztelania hutsez aritzen dira, hizkuntza (euskara) ez da eta euren ahaleginen helburu, …

Eta halaxe ibili ohi gara berdintasun eta duintasun bila jardun ohi dugun “taldeotakook”, batzuek besteei bizkarra emanda, gure berdintasun zatikoa eskuratu nahian, besteak bizi diren ere jakin barik, bost axola guri, berdindigutasunean.

 

Emma Cunde

07/04/2009 GMT 1

Hizkuntza eta politika

egorospe @ 09:54

Erabilera ugariko hitza da politika Administrazioan: elikadura politika, zientzia politika, (…) eta, baita ere, hizkuntza politika. Gure herrian ere hizkuntzari egokitzen zaio beste ezeri baino hobeto politika. Ez omen dira nahastu behar bata eta bestea. Alferrik aholkuak. Elkarri itsatsita daude hemen, Katalunian, (...) eta Espainian bertan. Lehendik gutxi bagenuen, ia ziurtzat ematen den Jaurlaritza-aldaketarekin are gehiago izango dute elkarbizitza hizkuntzak eta politikak. Ezin askatu.

 Hizkuntza eskakizunak, hezkuntza ereduak, administrazioan sartzeko hizkuntza baldintzak eta ez dakit zer gehiago ukitu eta eraldatuko omen dituzte etortzear dauden Lakuako agintari berriek ¡Espainiarrak datoz! da orain guda-ohiua. Hain anker eta errukigabea izango ote da otsoa!? Ez dut uste. Hori guzti hori egiteko asmoa balute ere, zertan litzateke, benetan, ustezko triskantza linguistiko hori? Demagun hizkuntza eskakizunak malguagoak bihurtzen dituztela administrazioan sartzeko. Bi iradokizun, ezer baino:

1.- Orain arteko politikarekin lortutako emaitzak halamoduzkotzat jo ditugu, ez baita lortu administrazioa euskalduntzea;

 2.- Ondorioz, etxe honetan berriak diren agintariek erraza lukete. Alegia: prestatuta dituzten giza-baliabideekin zurrunagoak izan; eta sartzekoak direnekin malguagoak. Gaizki horrela? 

Joera errazegia izan ohi dugu arerioak bilatzeko. Horretan gaude oraingoan ere? Sozialistak eta PProak izango dira goi-agintariak aurrerantzean. EAEko gizartearen beste aldea. Bai, mugaz bestaldean dauden horiek, sarri -sarriegi-  nortzuk diren ere ez dakigun horiek. Eurek gutaz -euskaldunez- duten informazioa eta ustea are bihurriagoa eta urriagoa da: askoz gehiago ignoratzen gaituzte.

Badirudi gorpuztu egin dela orain arte mas mediarik indartsuenek (gehienak unionismoaren eskuetan) landu duten joera linguistiko eta ideologikoa. Diñot nik hori gizartearen zati handi baten eskaria ere badela. Izan ere, guk uste baino gehiago omen dira euskara euren hizkuntzatzat hartzen ez dutenak, aintzat ere hartzen ez dutenak, eta, hari horretatik, nahiko lan luke euskaren inguruan lortutako kontsentsuak egoera hori bideratzeko, bideratzerik badago.

Noraino iritsiko ote dira? Txakur zaunkariak nekez heldu” dio esaerak. Iritzi horretakoa naiz ni ere. Euskaldunon kalterako ere izango delakoan nago. Gehienok -nigandik hasita- urte luzetako lozorroan gaude, “gauzak badoaz” horretan bizi garenak, dena berezkoa bailitzan. Eta orain, egindako guztia ontzat emanda, datorrenari txarto irizten diogu.

Egur apur batek ez liguke kalterik egingo! Esnatzeko baliagarria litzateke; egoera errealaz jabetzeko suspergarria. Zaunka baletoz, piztu egingo ginateke. Badakite, ordea, guk baino hobeto jakin ere, piztiari lozorroan eutsi behar zaiola; alegia, lotan diren milaka eta milaka euskaldun iratzartzen badituzte, arazo larriak izango dituztela. Zer egingo dute? laster jakingo dugu.

Irakurri gehiago »

02/04/2009 GMT 1

korrika: Lakuako langileen kilometroa

tiraka @ 16:30

korrika-lekukoa.jpg

Gaur, ostegunarekin, korrikaren aldeko diru-bilketa egin da. Bildutako diruarekin erosiko dugun kilometroa 2457.a da eta Antonio Machado kalean dago (gutxi gorabehera irudian txintxeta ageri den lekuan)

Lekukoa igande goizeko 10:34an hartuko dugu.

                     Animatu hadi!

 

 

 

01/04/2009 GMT 1

Prestakuntza euskaraz, badator...

garruze @ 14:16

 gfa.gif

  

 

 

 

Lerro hauen bidez zoriondu nahi ditut Gipuzkoako Foru Aldundiko 12 lagun, izan ere, Administrazio elektronikoari buruzko ikastaroa euskaraz hartzea eskatu zuten eta eskabide sinple -baina era berean ausart- horrekin Lehendakariordetzari erronka polita bota zigun.

 

Hala da, duela hilabete bat-edo Administrazioa Modernizatzeko Sailburuordetzara eskari bat heldu zen Gipuzkoako Foru Aldunditik, administrazio elektronikoari buruzko ikastaro bat emango ote genuen, gaztelaniaz saio bat eta beste bat euskaraz.

 

Gaztelaniazkoan 40 bat lagun egon ziren, eta haien artean zenbait euskaldun. Euskarazko saioan, berriz, 12 lagun soilik 

 

Alabaina, 12 lagun horien eskabideak behartu gaitu Lehendakariordetzako zenbait teknikariri eta Lehendakariortzari lotutako erakunde batzuen (Izaera Pertsonaleko Datu Babeserako Agentzia eta IZENPE) lankideei gaztelaniaz genuen material guztia euskaratzen, terminologia adosten, euskaraz hitz egiten ohituta ez dagoenari ahalegin hori egiten...

 

Eskabide horiek guztiek bide eman diote aurrerantzean eukarazko saio gehiago egoteari.

 

Esperientzia polita izan da benetan. Irakasle lanetan jardun dugunok oso gustura aritu gara eta  oso lankidetza aberasgarria sortu da gure artean. Hona hemendik Gipuzkoako Foru Aldundiko 12 lagun horientzat gure eskarrik beroenak!!

 

Egilearekin harremanetan jarri | Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!